-kc2B-U230143771938jvG-1200x840@Diario%20Vasco.jpg)
-kc2B-U230143771938jvG-1200x840@Diario%20Vasco.jpg)
Secciones
Servicios
Destacamos
Hirurogei urteko ibilbide nabarmen baten ondoren, Benito Lertxundik kontzertu gehiago ez dituela eskainiko jakinarazi zuen atzo, nahiz eta ez duen baztertzen «beste era batera, musikarekin edo sormen artistikoarekin harremanetan jarraitzea». Bere kantuek euskaldun askoren musika banda osatu dute eta sei hamarkada hauetan euskal kantagintzaren erreferente bilakatu da, hainbat musikari eta idazlek berresten duten bezala.
Denboran urrun baina oroitzapenean oso presente du Jon Maiak Benito Lertxundirekin izandako lehen elkarlana, 'Itsasoari begira' kantuaren harira. «Bertso batzuk idatziak nituen eta musikatu zituela esan zidanean... Ezin dut deskribatu nolako poza sentitu nuen». Zertxobait atzeragokoa da Anjel Lertxundi idazleak harekin izandako lehen harremana, 1969an kaleratutako diskorako letra batzuetan lagundu baitzuen. «Ez naiz sekula letragilea izan eta bi-hiru izango ziren, gerora bera hasi zen egiten eta oso ondo gainera».
Euskaldun askoren bizitzako soinu-bandan oso presente egon dira Lertxundiren kantuak eta hala izan da bien kasuan. «Bederatzi-hamar urterekin nire logelan bere kantuak entzuten nituen, nire gurasoen kuadrilako afaritan entzuten nituen, herri bazkaritan kantatzen nituenean, gaztetxotan, nerabetan», oroitzen du Maiak. Nonahikotasun horrek abestien egiletza ia kendu dio Orioko bardoari, «herriaren musika» bihurtu arte Lertxundik goraipatu bezala. Bat dator Maia, eta argi du horrek are bereziagoa egin duela haren alboan maiz egon ahal izatea. «Nola imajinatuko nukeen noizbait nik idatzitako zerbait kantatuko zukeenik!».
Jon Maia
Bertsolaria eta abeslaria
Izan ere, 'Itsasoari begira' kantuaren ostean ere abeslariak maiz izan du alboan Maia, azken disko ia guztietan txertatuz haren letrekin egindako kantu bat. Hala ere, bidean ez da ohitu. «Figura erraldoia da, Euskal Herriko kulturaren historiaren erraldoietako bat. Bere aurrean urduri jartzen naiz, idolo baten aurrean dagoen ume txiki bat sentitzen naiz oraindik ere». Oso eskertuta mintzo da aukera hori hainbatetan jaso duelako, «bizitzaren opari ederrenetakoa», eta pozik da hala helarazi izan diolako. «Behin esan nuen euskal lurrak musika emango balu, belarra ematen duen bezala, berea izango zela. Herri honen soinu bandaren zati handi bat berea da».
Goizane Álvarez
Kultura diputatua
Lortutakoa ez da ausazkoa, idazle oriotarrak argitu bezala, eta arrazoi ugarien artean 60 urteko ibilbidean zehar izan duen eta batez ere haren musikaren bitartez zabaldu duen «Euskal Herriaren ikuspegi poetikoa» nabarmentzen du. «Benitoren letra eta doinuetan ezin hobe islatzen da, lurraldeetan desberdindu gabe. Euskal kantagintzaren irudi bat, bakarra, eman digu». Horretan bereziki eskertu dio Lertxundik «Iparraldeari egin dion begirada» oso berezia eta bakarra izan baita, beste gutxik erakutsitakoa. Alor horretan Maiak zenbait zonalde ezagutu aurretik ezagutarazi zituela azpimarratzen du. «Sortu duen iruditegia, lurraldetasuna, nola hurbildu digun Zuberoa, nola ezagutu dugun 'Baldorba' baldorba bera ezagutu baino lehen, edo Atarratze, edo Orbaizeta, edo Itzaltzu. Sortu duen pertenentzia sentimendua, hizkuntzarekiko atxikimendua... Azkenean herri egiten gaitena elikatu gaitu. Infraesktrukturak eta jarduera industrialak oso garrantzitsuak dira, baina herri egiten gaituena kultura da eta ezin da ulertu guk jaso dugun Euskal Herria Benitoren kanturik gabe».
Ruper Ordorikak ere erlazio profesional estua izan du Benito Lertxundirekin. «Duela urte asko ezagutu nuela Benito», dio abeslari oñatiarrak, «mutikotan, Oñatin, ni Gasteizen bizi nintzela, ikusi nuen lehenengoz, 17 urte nituela», gogoratzen du kantautoreak. «Gutun bat idatzi nion, eman zuen kontzertua nik desiratzen nuen horren errepresentazio hurbilena izan zelako. Eta gutuna erantzun zuen. Beti eskerturik Benitoren eskuzabaltasunari».
Anjel Lertxundi
Idazlea
Geroago lagun egin ziren eta «naiz eta elkarrekin inoiz ez abestu, harreman oso polita dut orain Benitorekin», azpimarratu du Ordorikak. Ondorengo musikari askorentzat erreferente eztabaidaezina dela uste du, «aitzindaritzat dugula askok eta askok esan beharrik ez dago. Aurrekari sutsua, herri kultura eta bere legatu musikala duintasunez aldarrikatu duen artista da», dio Ordorikak.
Aurrez ere «bidea irekitzen» ari ziren artistak kontuan izanda, Benito Lertxundi «funtsezkoa» izan zen «euskal kantagintzari gaurkotasun» bat emateko Jose Angel Irigaray idazlearentzat, 60. hamarkada hasietarik gainera. «Zutabe bat izan zen, ez bakarra, baina kantagintza, zortzikoteak, koroak, kantu zaharrak gaurkotu zituen lirikoki kantatzeko modutik, baita gai eta forma aldetik ere». Tarteka besteen kantuak itzulita, Donovan edo Presley, besteetan musikarienak hartuta eta bereekin ere. «Gero Ez Dok Amairurekin areagotu, kualifikatu eta garatu» zena.
Sara Sozaya
Musikaria
Kantugintzatik «haustura eta jostura» uztartzeko gaitasuna azpimarratzen du Irigarayk. «Aterabide asko ez zuen inertziarekin hautsi zuen, baina ez puskatu. Tradiziotik zetorren uhinetik aldendu zen beste bide bat jorratzeko, aldi berean kantu herrikoarekin beste jostura bat sortuz. Beste modu batean tratatu zuen, gitarra hartu eta beste erritmo, melodia eta freskotasuna emanda».
Hasieran «esperimentalagoa» izanda, 'Gure bide galduak' kantuak islatu zuen bezala, eta ostean hori «hornitzen, bere ustez armonia eta musika aldetik janzteko behar zuena emanez». Mugarria izan zen, bide horretan, 'Zuberoa' diskoa Irigarayren ustez. «Kantu zaharrak eta berriak, besteen letrak bereak eta poemak uztartu zituen, dena musikaren melodiari eta musikalitateari lotuta». Eraberritu eta garatzeko gaitasun hori, goratzen du, beti mantendu zuen.
Ruper Ordorika
Musikaria
Azken ezaugarri bezala markatzen du komunikatzaile bezala zuen maila. «Oihartzun egiten zen bere kantuena, kantatzeko moduarena esaten zituenena. Sinesgarritasun handia zuen eta hori bidaide izan du bere ibilbide osoan zehar». Beste askorekin gertatu bezala, abesti batzuk besteak baino ezagunago egingo zaizkio jendeari, baina argi du Irigarayk «gure subkontziente kolektiboan, gure panteoi edo ondare bizian» presente dela eta Lertxundiren ibilbideaz hausnartu ahala «pixka bat gehixeago» egongo dela «gure genoman txertatuta».
Sara Zozaya abeslari donostiarrarentzat «maisu» izan da Benito Lertxundi, «musika munduan dakidan gehiena bere eskutik eta Olatz Zugastiren eskutik jaso dut» eta horregatik «zorte handia» izan duela sentitzen du, «are gehiago nere kanta batean, 'Benetan' kantuan, bere presentzia izatea neretzat izugarrizko oparia izan da».
Angel Irigaray
Idazleka
Ondorengo belaunaldien lana ezagutzeko duen «kuriositate» hori nabarmetzen du baita ere Zozayak, «egiten dena zaindu eta musika eszena guztia zaintzea. Horrek asko dio bere alde. Nire kasuan oso eskertua sentitzen naiz». Une hauetan, «merezi duen momentua bizitzen ari dela uste dut, asko egin du, eta horregatik ondo dago horrela sentitzen den unean bere ibilbideari amaiera ematea».
Mikel Markez abeslariaren esanetan «mila gauza esan daitezke» Benito Lertxundi buruz eta besteak beste Ez Dok Amairu taldea gogora ekartzen du, «orokorrean eta guztiontzat hain garrantzitsuak izan baitira... ez soilik kantautoreentzako, baita rock edo pop generoan murgilduta dauden abeslarientzako ere». Izan ere artista horiek «txuribeltzean ikusten zen mundu bati kolorea eta soinua» eman zioten.
Mikel Markez
Kantautorea
Lertxundiri dagokionez, «sortzaile inspiratzailea» izan dela uste du. «Gure imaginario kolektiboan bere dozena bat kanta mantendu dira. Hori da bere sortzaile maila definitzen duen garantia hoberena», dio. Bere arlo profesionalari dagokionez «oso lan zorrotza eta zuzena perfilatu du bere ibilbidean zehar. Oso kontutan izan du non abestu eta non ez» eta bere errepertoriari «asko» erreparatu diola uste du Markezek.
«17 urte nituela bere kontzertu batetan hasierako kantari izan nintzen. Pako Aristirekin batera elkarrizketa liburu bat argitaratu genuen, eta hainbat kolaborazio egin ditugu elkar», gogora dakar abeslariak, «oso erlazio estua izan dugu. Bizitza pertsonalean ere adiskideak gara. Benitorekin hainbat afari eta bazkari partekatzeko zortea izan dut», gehitu du, «benetan zortea nirea Benitoren adiskide izatea».
Publicidad
Publicidad
Te puede interesar
Publicidad
Publicidad
Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.
Reporta un error en esta noticia
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.