Etxekaltek bere lehen lan luzea aurkeztu du
'Nor da Norbera?' LPak 10 abesti ditu, ezberdinak euren artean, baina «batak bestearekiko zubiak» eraikitzen dituztenak
Etxekalte taldea bueltan da eta orain lan luzearekin gainera. 2022ko udaberria girotzeko 'Nor da Norbera?' izenpean kaleratu dute Elkar estudioetan grabatu eta Victor Sanchezen eskutik ekoitzi den LPa. Diskoko 10 kantuetan zehar galdera erantzuten saiatu baino honen gainean hitz egitea da asmoa. «Helburu nagusia bizipen eta pentsamenduak konpartitzea izan da, eta musika zuzenekoak jotzeko aitzakia izanik, maiatzetik ekainera bitartean aurkezpen bira bat lotu dute», aurreratu du Elkarrek.
Hamarretako bakoitzak ikuspuntu bat jorratzen du eta, honela, elkarrekin prozesu bat aurkezten dute. «Batak bestearekiko zubiak eraikitzen ditu», adierazi du taldeak ohar batean. Soinu aldetik kantuek estudiora orduko zuten dinamika eta energia errespetatzen saiatu dira, beste edozeren gainetik. Hala ere, esperimentaziorako tartea eduki dute, beraien soinu propio baten bilaketan aurrerapauso batzuk emanez.
Donostiako Etxekalte tabernarekin ere badu istorioa taldeak. Email bat idatzi zuten lokalera izen berdina izanda ea bertan kontzertu bat eskaintzeko aukera izango zuten, baina ez zuten erantzunik jaso. «Agian bertara joan beharko genuke, kartel guapoa izango zen», bota zuten umorez.
Aurrez, 2019an 'Gure Hizkeran' lana argitaratu zuten. Sei abestiko CDa izan zen, besteak beste 'Erabaki' abestia sona lortu zuen. Disko laburra eta abesti guztiak ere laburrak, gehienak bi minuturen bueltan. Soilik azkena da zertxobait luzeagoa eta honek ere soilik hiru minutu besterik ez ditu, azken urteetan irrati formulak buruan izanda ohikoa denetik zertxobait urrunduz. Aurkezpenean esan zuten bezala «gauzak zuzen esatea gustatzen zaigu eta gainera lan horrekin gustura geratu nahi genuen, gogoekin zerbait gehiago egiteko».
Etxekalte taldeko partaideak
-
Unai Irisarri, ahotsa, gitarra.
-
Jonan Juarez, baxua.
-
Iker Etxebarria, bateria.
-
Iñaki Olondo, ahotsa, gitarra.
'Etxekalte taldea Unai Irisarrik, ahotsa eta gitarra; Jonan Juarezek, baxua; Iker Etxebarriak, bateria; eta Iñaki Olondok , ahotsa eta gitarra, osatzen dute. 2015ean hasi zuen bere ibilbidea Bermeoko talde honek eta ordutik rock estiloa landuz igo izan dira oholtzara.