'Esperantzan', Pantxoa Carrereren bakarkako bigarren diskoa
Puntako musikari askorekin batera, Eñaut Elorrieta, Xabier Euzkitze eta Patxi Garat izan ditu bidelagun bere lan guztiak bezala Euskal Herriarekiko eta euskararekiko konpromisoa aldarrikatzen duen lanean
m. imaz
Larunbata, 30 apirila 2022, 12:00
Pantxoa Carrerek (Azkaine, 1948) eta Peio Ospitalek ereserki bilakatu diren kantak -'Lepoan hartu ta segi aurrera', 'Batasuna'...- ekarri zituzten elkarrekin eman zituzten ia 50 urteetan. Izan ere, 1969an kaleratu zuten lau abestiko lehen diskoa, eta 2016ra arte luzatu zen euskal musikak eman duen bikote ezagunenetarikoaren bidaia. Ehunka jaialditan aritzeaz eta garai oso zail bateko Euskal Herriaren soinu-bandan esku-hartze erabakiagarria izateaz gain, hamaika disko luze, bi EP eta single bat plazaratu zituzten.
'Pantxoa eta Peio' bikotea bertan behera geratu zenean, bakarkako bideari ekin zion Pantxoa Carrerek, 2016ko 'Anaitasunean' (Elkar) diskoa izan zelarik etapa berriko lehen urratsa. Sei urteren buruan heldu da bigarrena, 'Esperantzan', Baga-Bigak argitaratua eta konpainia oso onean osatua, puntako musikariekin batera Xabier Euzkitze, Eñaut Elorrieta eta Patxi Garat izan baititu ditu bidelagun. Naia eta Ugo Carrere ere aritu dira kantari hainbat abestitan, eta musikariei dagokienez Ritxi Salaberria (baxua, kontrabaxua), Igor Telletxea (bateria, perkusioak), Angel Unzu (gitarra akustikoa, elektrikoa, mandolina, bouzoukia), Claudia Oses (biolina), Ivan Carmona (txeloa) eta Iñaki Dieguezek (akordeoia, pianoa, teklatuak, programazioak) bermatzen dute diskoak musikaren aldetik duen maila eta aberastasuna.
Kantua, bitarteko
Xabier Euzkitzeren hitzak eta Pantxoaren eta Eñaut Elorrietaren ahotsak uztartzen dituen kantak, 'Esperantzan', eman dio izena disko osoari. Esperantza da hain zuzen, euskararekin eta askatasun nahiarekin batera, hamaika kanta eta Manex Pagola zenari eskainitako 'bonus track' bat biltzen dituen diskoaren gai nagusia. 2018An hil zen kantugile, abeslari eta politikariak, hain zuzen, presentzia handia du etorkizunera begira egon arren 70.eko eta 80.ko hamarkadei keinu ugari egiten dizkien diskoan.
Aurkezpenean nabarmendu zutenez, «73 urteko kantariak ez du galdu ez ahots-erregistroa, ez ahots-eremua ezta tinbrea ere». Helburua ere ez, bere ibilbide luzean «kantua bitartekoa edo baliabidea izan baita askatasunaren helburua lortzeko, Euskal Herriaren burujabetza aldarrikatzeko, euskararen defentsarik onena egiteko». Izan ere, Pantxoaren disko berri eta engaiatu honek «kantautoreen hitzordua du, folka, tradizioa eta poparen amantalak erabiliz».