Emakume Sortzaile eta Artisten Sarea, pozik lehen urtean egindako bidearekin
«Emakume guztientzat elkarrekintza-gune propioa» sortzeko asmoarekin osatu zen, «sare inklusibo bat ehunduz diziplina anitzeko proiektuak garatzeko»
MIREN IMAZ
Martes, 8 de marzo 2022, 13:14
Musika klasikoaren esparrutik datoz Ane Legarreta orkestra zuzendaria, Nekane Díaz biolin-jole eta produkzio interkulturalan eta komunikazioan espezializatua eta Natalia Sánchez flauta-jolea, mediazioan, gestioan eta difusio musikalean espezializatua. Hala ere, ikuspegi zabalagotik sortu zuten ESAS Emakume Sortzaile eta Artisten Sarea, beren arloan dihartuen emakumeei (instrumentista, zuzendari eta konpositoreei, baina baita ere kazetariei, aktoreei, bitartekariei eta beste hainbati) ikusgarritasuna emateko, eta gaur egun falta diren erreferentzeak sortzen joateko, baina asmo hori kulturaren beste arlo batzuetara zabaltzeko eta elkarlana sustatzeko ere bai. Helburu nagusia, hain zuzen, «emakume guztientzat elkarrekintza-gune propioa sortzea da, sare inklusibo bat ehunduz diziplina anitzeko proiektuak garatzeko». 'Proiektu MULTIDIZIPLINARRAK sortzen dituen sare BATERAGARRIA gara', nabarmentzen dute webgunean. beren burua aurkeztean.
Publicidad
Emakumearen Nazioarteko Egunarekin bat eginik, jardunean eman duten aurreneko urteko memoria zabaldu dute, 2021eko martxoaren 8tik 2022ko martxoaren 8ra egindakoa bildu eta baloratzen duena. Aitortzen dute hasiera zaila izan dela, eta desilusioak ere izan dituztela lehen hilabeteotan, baina nahiz eta lehen urratsak egin zituztenean ez jakin «zer eragin izan zezakeen gure aurkezpenak gizartean», oso positibotzat jo dute lehen urteko esperientzia, eta horrek indarra eman die «gure ideiak defendatzen jarraitzeko eta gure helburuak betetzeko moduak bilatzeko».
'Elkarrekin ozenago entzuten zaigu' dio «ahizpatasun ekintzailetzan duen indarraren konbentzimenduan« oinarrituta sortu zuten leloak
Nabarmendu dutenez, lehen urte honetan «elkarte gisa eratu gara, balio ikaragarriak dituzten beste elkarte batzuekin aliantzak egin ditugu, obrak estreinatu ditugu eta artista zoragarriak izan ditugu, bai musikaren arlokoak, bai ikus-entzunezkoak, bai literaturakoak». Sortzezko balioei eutsiz betiere eta «ahizpatasun ekintzailetzan duen indarraren konbentzimenduan» sortu zuten leloan oinarrituta: «Elkarrekin ozenago entzuten zaigu».
Zenbait lan-ildo
Hori lortzen joateko hainbat lan-ildo jorratu dituzte azken urtean. Lehenik eta behin, datu-base bat sortzen hasi dira «gure sareko kide izan nahi duten emakume guztiekin, banaka zein kolektibo gisa». Horretarako, inprimaki bat daukate, beti irekita dagoena, wegunean. Gida didaktiko bat ere sortu dute, obrei, egileei eta interpreteei buruzko informazioa biltzen duena. Gida etengabe ari da garatzen eta hazten. «Askotan, eta egiten dugun lanaren arabera, ikastetxeek, irakasleek eta publikoak eskura dezakete», diote.
Ikusgarritasuna areagotzeko jarduerak ere burutu ditu Bizkaian jaiotako sareak. Hala, besteak beste, emakumeek idatzi eta interpretatutako piezak aurkeztuko dituen musika-ziklo bat sortu dute Getxon. Galdakaoko Sormene kulturaren gunea kudeatzeaz arduratzen direnez, urtean zehar hainbat proposamen egiten dituzte, «herria eta, batez ere, bertako ikasleak inplikatzeko». Era berean, musikan berdintasunaren aldeko mahaian parte hartu dute Eusko Jaurlaritzarekin eta finalista izan dira, Estatu mailako 402 proiekturen artean aukeratuak, Coca Cola-ren Gira-Mujeres deialdian. Lehen urtea amaitzeko, gainera, hitzaldia eta kontzertua eskaini zuten Musikenen. 2022. urtea ere proiektuz beteta dute, eragile desberdinekin elkarlana bultzatuz eta aliantzak josten jarraituz.
Suscríbete los 2 primeros meses gratis
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión