Donostian aurkeztuko ditu Bixente Martinezen Oskorren kanta birmoldatuak
Iazko 'Txoria buruan eta ibili munduan' diskoan oinarritutako kontzertua eskainiko du ostiralean Lugaritz Kultur Etxean
Astelehena, 7 martxoa 2022, 14:27
2021ean kaleratu zuen Bixente Martinez musikariak bere lehen bakarkako lana, 'Txoria buruan eta ibili munduan', Oskorrekin batera mitiko bilakatutako zenbait kanta biltzen dituena. Durangoko Azokako Ahotsenean egin zuen aurkezpenean gogoratu zuenez, 2020ko martxoko itxialdia arintzeko hartu zuen gitarra, handik zerbait aterako zen edo zer aterako zen jakin gabe.
Eta atera zen Oskorriren kantu ezagunenei «bizi berri bat, bigarren irakurketa bat» eman dien diskoa. Disko instrumentala, musikari bikaina baita Martinez, baina ez kantaria. «Maitasun handiz baina errespetu gutxiz» egindako egokitzapenak hainbat tokitan aurkeztu ditu diskoa argitaratu zenetik. Getxo, Zarautz, Legazpi eta Getarian kontzertuak eskaini ondoren, oraingo honetan Donostiari tokatu zaio txanda. Ostiral honetan, martxoaren 11an, Lugaritz Kultur Etxean eskainiko du kontzertua, 19:30ean.
Aurreratu dutenez, «lan berria aurkezteko ikuskizun eder batekin dator Bixente Martinez; izan ere, musikariak Oskorriren kantuei begirada berri bat eskainiko dio musikaren eta dantzaren bitartez, eta berarekin batera Haatik Konpainiako Leire Romero eta Aimar Odriozola dantzariak izango dira oholtza gainean».
Oskorriren errepertoriotik ateratako kantuak «bere barruko esentziarekin biluztuak izan dira, ondoren modu libre eta berri batean birmoldatuak izateko». Disko honetan gitarra ezberdinak erabili ditu artistak, akustikoak eta elektrikoak, baita loopak eta bestelako efektu ezberdinak ere. Sarrerak Donostia Kulturaren webgunean daude salgai.