

Secciones
Servicios
Destacamos
Sortzaile eta saltsero kuadrila dira TikTarako kideak eta asperdura uneetan areagotu egiten da euren jarduna. Hala izan zen zorionez urruti geratzen den pandemian, Harkaitz Bastarrika zarauztarrak oroitu bezala. «Amaia Ureta pianistak eta biok telefonoz asko hitz egin genuen egin genezakeenari buruz. Hain aspertuta zaudenean, buruak denbora asko du pentsatzeko, eta, une horretan, euskal diaspora Ameriketara nola joan zen aztertzeko ikerketa bat egitea pentsatu genuen, baita euskal kulturak Amerikako kulturan izan duen eragina ezagutzen saiatzea ere». Asmoa zena proiektu bihurtu zen; proiektua egitekoa, lana, emaitza ederra izan duena: 'Ubera' diskoa, euskal diasporaren «anekdota harrigarriak» biltzen dituena.
Ideia telefono elkarrizketa luze horietako batean sortu zen, eta Google izan zen lehen bisitalekua. Ostean heldu ziren Kolonbiara edo Argentinara egindako bisitan. Azken honetan ikusi zuen «euskal abizen mordoa» zeudela eta azken txispa harekin abiatu zen hiru urteko ikerketa, informazio mordoa eman ziena. Izan ere, Uretak euskal etxe ezberdinetara idatzi zuen. Orduan jaso zituzten gerra ezberdinak medio -Karlistadatik hasita Gerra Zibilera- joandakoen istorioak, misiolari joandakoenak edo lan bila abiatu zirenak. Hori antolatu eta Julen Zulaikaren letrekin abesti pila egin ostean zazpirekin geratu ziren. Anekdota asko dituzte eta haietatik bi nabarmentzen ditu. Lehena, futbolaria izanik Gerra Zibilean alde egin behar izan zuenarena. «Arrantza-ontzi batean ihes egin zuen Venezuelaraino eta han denetarik egin zuen: musikaria izan zen, iturgina, Eusko Jaurlaritzako espioia, baita Venezuelako selekzioko hautatzailea ere». Bestea Argentinan bizitako nafarrarena, 'El bosco de la carretilla' deiturikoa. «'Tierra de fuego'-n zegoen, Ushuaian, eta Buenos Airesera (3.000 km) oinez iristeko gai izango zela esan zuen».
Informazio fasea ez zen hor amaitu, antropologia eta kultura inguruko jendearen idatziak irakurri baitzituzten. «Esaterako zortzikoaren eta banbukoaren (Kolonbiako estiloa) arteko antzekotasunak daudela esaten zuten. Horri tiraka antzekotasun gehiago bilatu genituen, musikalki genituen aurkitu, baina dantzaren haritik tiraka geneukan Hego Ameriketako toki ezberdinetako toki pila bat, gehiegi». Galdera gehiagorentzako atea ireki zuen horrek, ea zerk batu zitzakeen hainbeste kilometrok aldendutako lurraldeak dantza edo instrumentazio aldetik. «Hariak lotu genituen eta halako batean mugatu behar izan genuen. Pozik geratu gara emaitzarekin, hasten zaranean zalantza egon daiteke eta entzunda oso pozik».
Kideetako batzuk Bartzelonan «musika latinoaz» egindako ikasketetan ezagutu ziren eta han ikasitakoa jorratzeko sortu zuten taldea. «Jolas modura» jaio zen TikTara. Lehenik bertsioak ziren eta, ostean hasi ziren euskarazko kantuak ere sartzen. Modu horretara heldu ziren orain arteko bi lanak, «utzitako mikrofonoekin lokalean» grabatutako 'Sorrera' (2013) eta 'Haria' (2015). Lehena kariño handiarekin oroitzen du Bastarrikak, anekdotak tarteko. «Kamioi bat pasatzen zen bakoitzean geratu egin behar ginen, baina gure karentziak tarteko gogo askorekin konplementatu genuen. Eta naturalagoa izan zen». Eta ondo jaso zen lan lehen aro hori, Salsa World Music edo Europa Salsa bezalako bildumetan azaldu baitziren haien kantuak. Hala ere oroitzen du hasi zirenean arraro hartu zela ere. «Musika kubatarra eta saltsa euskaraz aipatzean... Gaztelaniarekin oso lotua dago, ingelesez ere arraro sonatzen digu. Halako batean naturaltasuna aurkitu genuen eta zorionez badaude talde gehiago egiten dutenak».
Lehen bi lan horietan «Kuba eta Karibe inguruko musiketan» zentratu ostean, atseden bat hartu zuen proiektuak. «Bigarrena proiektu luzea izan zen eta indar asko jarri genion. Talde handi bat ginen eta normala da bide berdinetan ez egotea, dispertsatzea erraza da». Konfinamendua etorri eta «kreatibitatea disparatu» zitzaien arte.
Lan honetan TikTarako kideek proposamen «saltseroagoa» dakarte, Ipar Afrikako doinuekin eta flamenko edo jazz estiloen presentziarekin. «Ia mundu osoko musika txertatu genuen afro-kubatar kutsu horrekin». Besteak beste entzungai dira tango argentinarra, Uruguaiko candombea, musika afroperuarra, bayao brasileiroa, Ekuador inguruko albazoa, kolonbiar banbukoa eta dantzoi kubatarra. «Joan gara tradizionalera, sustraietara».
Musika egiteko modua kideen «nahasketak» egiteko joeraren eskutik doa. «Oso inkietoak izan gara, edozein lanbidetan bezala gustatzen zaizu gauza ezberdinak ukitzea eta aitzakia polita izan da munduko musika ezberdinak egitea musikari puska hauekin elkartzeko», dio Bastarrikak. Harekin osatzen dute egun TikTara Uretak, Ander Zulaikak, Iñigo Egiak, José Gallardok, Beñat Isastik eta Aritz Luzuriagak.
Publicidad
Publicidad
Te puede interesar
Publicidad
Publicidad
Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.
Reporta un error en esta noticia
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.