Benito Lertxundik lau gazte abesbatzekin kontzertua eskainiko du igandean Baionan
Topaketaren helburua belaunaldi ezberdinak oholtzan elkartzea da egungo gazteei euskal hizkuntza eta kultura transmititzeko
DV
Asteazkena, 13 apirila 2022, 16:42
Pasa den urtarrilaren 6an 80 urte bete zituen Benito Lertxundik, baina ez du denborarik galdu atzera begira jartzen. Txiki-txikitatik musikarekiko atxikimendu handia izan du eta beti ibili da proiektu berrien bila. Azkena igande honetan, apirilak 17, Baionako Lauga aretoan Ipar Euskal Herriko lau haur abesbatzarekin batera aritzea.
Ezohiko topaketa honetan agertokira gaztez osaturiko lau abesbatzekin igoko da helburu argi batekin: lehengo eta gaurko belaunaldiak biltzea gazteenei euskal hizkuntza eta kultura transmititzeko. Haiekin izango dira Véronique Charriez, Maialen Errotabehere eta Philippe Albo, gazte abesbatzen hiru zuzendariak.
Hala, kontzertuak ehun bat haur bilduko ditu eta, besteak beste, Benito Lertxundiren errepertorioko kantu bat baino gehiago eskainiko dituzte. Batetik, Maialen Errotabeherek zuzendutako eta 2014an sortutako Baionako Haiz' Egoa Ttiki abesbatza izango da, 6 eta 17 urte tarteko berrogei bat haur biltzen dituena. Bestetik, Philippe Albor-en Larresoroko Haurrock arituko da, Arbonan 1999an sortua eta 6 eta 16 urte tarteko berrogei bat haurrek osatzen dutena.
Haiekin batera 2001ean Véronique Charriez-ek abiatutako Urruñako Tximi-Txama izango da, 12 eta 22 urte tarteko hogeita hamar haurrez osatutako abesbatza. Azkenik, Charriez-ek berak 2012an eratu eta egun zuzentzen duen Donibane Lohizuneko Kilimak musika eskolako abesbatza egongo da oholtzan musikari oriotarrarekin.