'Badena eta ez dena' larunbatean abiaraziko dute Mikel Urdangarinek eta BOS-ak
Musikari zornotzarraren 25. urteurrena eta Bilbao Orkestra Sinfonikoaren mendeurrena disko batean ere gauzatuko da
Jueves, 18 de agosto 2022, 16:22
Mikel Urdangarin 25. urteurrena ospatzen ari da musikan. Bilbao Orkestra Sinfonikoa, berriz, mendeurrenaren ospakizunetan murgilduta dago. '100/25 BOS -Mikel Urdangarin' proiektuan uztartu dituzte bi urteurrenak eta, zehazkiago, 'Badena eta ez dena da' proiektuan. Disko batean gauzatuko den proiektua larunbat honetan, abuztuak 20, abiatuko da, Bilboko Aste Nagusiko programazioaren barruan eta jaiei hasiera emanez Abandoibarran eskainiko duten zuzeneko kontzertuarekin.
Publicidad
Urdangarinek Bilbao Orkestra Sinfonikoko musikarien babesa izango du, eta, Iker Sánchez Silvaren gidaritzapean, 25 urte hauetan sortu duen kantutegiko abesti esanguratsuenetako batzuk interpretatuko dituzte. Aurreratu dutenez, «ez da kantu klasikorik faltako, belaunaldi askotako soinu-bandaren parte bihurtuak, ezta zornoztarraren azken lanetakoren bat ere».
'Badena eta ez dena' da Mikel Urdangarinek kontzertuari eta diskoari eman dien izena, eta 'Badira hiru aste' kantua aipatzen du. Abestien orkestrazioaren eta orkestrarako egokitzapenaren arduraduna Bingen Mendizabal izan da. Haren eskuetan, kantek «gorputz berri bat hartu dute eta erritmo oroigarri berriak deskubritzen dituzte. Erronka sortzailea izan da berarentzat, eta Urdangarinen kantuak musikako lurralde berrietara eraman nahi izan ditu». Proiektuan Koldo Uriartek ere parte hartu du ekoizpenean eta abestietako baten egokitzapenaren arduradun gisa. Eta, esan bezala, Iker Sánchez Silvak zuzenduko du Bilbao Orkestra Sinfonikoa kontzertu guztietan.
Nabarmendu dutenez, 'Badena eta ez dena' euskal musikaren bi erreferente horien lankidetza da, eta biak ala biak, «pozik daude kontzertu sorta hau Bilbon hasteaz». Bilbon bertan grabatuko da diskoa abuztuaren amaieran. 'Badena eta ez dena' hamabost abestik osatuko dute guztira: horietatik hamahiru Bingen Mendizabalek orkestrarako moldatutakoak izango dira; beste biek, Koldo Uriartek eta Fernando Velazquezek orkestratu dituzte. Hamalau abesti ezagunak izango dira, Urdangarinek 25 urte hauetan ondutako errepertoriokoak. Eta lan honetarako berri bat sortu du. Mikel Urdangarinek bere disketxearen bidez kaleratuko duen hau bere ibilbideko 19. diskoa da, eta udazkenaren amaieran kaleratuko du.
Suscríbete los 2 primeros meses gratis
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión