Azpeitiko Sanagustinen aurkeztuko dute 'SO' ikuskizuna Amorantek eta Los Sara Fontán-ek
«Jolasa, inprobisazioa eta esperimentazioa» uztartzen dituen proiektua Euskal Herriko eta Kataluniako musikarien arteko lankidetza sustatzen duen 'Oihartzunak )))((( Resonàncies'-en baitan ondua izan da
Miércoles, 27 de abril 2022, 13:06
'Oihartzunak )))((( Resonàncies' proiektuaren baitan sorturiko 'SO' ikuskizuna eskainiko du maiatzaren 6an Azpeitiko Sanagustin kulturunean Amorantek eta Los Sara Fontán-ek osatu duten hirukoteak. Ikuskizuna iazko urrian Manresan egin zen Fira Mediterranearen 24. edizioan estreinatu zen, eta Azpeitian ikusi ahal izango da estreinakoz Euskal Herrian.
Publicidad
Hain zuzen ere, Iban Urizar elgoibartarra eta Sara Fontán eta Edi Pou katalanek Azpeitiko Dinamoan, Bergako Konvent kulturgunean eta Manresako Sala Stroikan egindako sormen egonaldietan joan ziren elkarren soinuak gurutatzen eta trukatzen eta proposamen artistiko amankomun bat sortzen.
Maiatzaren 6ko emanaldia iragartzeko zabaldu duten oharrean gogoratu dutenez, «sormenari, elkar entzuteari, soinu esperimentazioari eta kultur elkarrizketari gonbite bat da 'Oihartzunak )))((( Resonàncies'. Katalunia eta Euskal Herriko musikarien arteko lankidetza sustatzen du, lurralde bakoitzeko espazio banatan: Dinamoa sormen gunean (Azpeitia) eta Konvent espazioan (Berga)».
Lehen edizioan, Los Sara Fontán eta Amorante musikariak batu ditu proiektuak, «musika, inprobisazioa eta jolasa korapilatzen dituzten musikariak», alegia. Sara Fontán biolinistak eta Edu Pou bateria joleak osatzen dute Los Sara Fontán: «Fontán biolinistaren soinu klasiko eta garaikideek eta Pou bateria jolearen doinu polierritmikoek osatzen dute taldearen oinarria». Amorante proiektuaren atzean, berriz, Ibon Urizar elgoibarko musikaria dago: «proiektua 'herri musika' bezala definitzen du egileak berak eta aspaldiko koplak, flamenkoa edota Afrikako doinu zaharrak loopetatu edo oinarri elektronikoekin nahastu ditzake».
'SO' ikuskizuna, berriz, «hango eta hemengo hitz, soinu eta doinuen elkarrizketa bizia» da, «hango eta hemengo jolasa, inprobisazioa eta esperimentazioa» uztartzen dituena.
Maiatzaren 6an, Azpeitiko Sanagustin kulturgunean eskainiko duten kontzertua, 21:00etan hasiko da eta sarrerak kulturaz.eus atarian eskuratu daitezke. Kontzertuak ezohiko formatua izango du: oholtza nagusiaren azpian, 360ºko eszenaratze berezi batean.
Suscríbete los 2 primeros meses gratis
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión