Aurzketu dute Araba Euskaraz 2019ren kanta ofiziala

Armentiako Ikastolako haurrak./Arabaeuskaraz.eus
Armentiako Ikastolako haurrak. / Arabaeuskaraz.eus

New Orleanseko jazz erritmoak ditu Koldo Martínez de Lukok eta Adrián Royok egindako kantuak

EL DIARIO VASCO

ARTgia sorgune & aretoan, Gasteizen, aurkeztu berri dute aurtengo Araba Euskaraz egitasmoaren kantu ofiziala: 'Gertu'. Koldo Martínez de Luko eta Adrián Royo izan dira egileak, eta dixieland estiloa hautatu dute konposoziorako, New Orleanseko jazz erritmoak gogora ekarriz. Letraren idazlea Antton Aranburu izan da.

Aurkezpenean azaldu dutenez, Martínez de Luko eta Royo Steamboat Jazz Band talde gasteiztarreko kideak izan ziren, eta taldearekin bi disko grabatu zituzten jardunean izan ziren 16 urteetan. Egun, biak proiektu berrietan murgilduta daude. Aranburu, berriz, Gasteizen aspaldi bizi den busturiarra da, abokatutza aldatu zuen musikagatik eta bere hirugarren diskoa argitaratu berri du.

Hirurek eman zioten baiezkoa 'Gertu' kanta sortzeari. Abesti «berritzailea» da aurtengoa, «zerikusi handirik ez duena Arabako ikastolen festetarako aurretik sortutakoekin». Dixieland estilokoa da, eta New Orleanseko jazz erritmoak nagusitzen dira. «Letraren egileak eta konpositoreek beren sentimenduak islatu dituzte Gasteiz hiriarekiko eta haren kulturarekiko, bai eta euren maitasuna euskararekiko ere», adierazi dute.

Horrrela, abestiak aurtengo jaiaren leloa du izenburu, 'Gertu', eta berea egin du ikastolen jaia Gasteizera eta bere biztanleengana eta kultura guztiengana hurbiltzeko helburua. Musikaren egileek Aranburuk aurretik sortutako letrarako melodia egin zuten, eta hiru astetan zehar kanta hazten joan zen parte hartu duten zortzi musikarien ekarpenekin.

«Emaitza oso abesti originala da, jazza eta euskara bateratzen dituena. Ahots maskulino eta femenino bana bereizteaz gain, Armentia ikastolako koruko haurren ahotsak ere entzuten dira. Abesti integratzailea, eta, gustatu edo ez, guztiak harrituko gaitu», ziurtatu dute.

Abestiarekin batera, bideoklipa ere aurkeztu da. Armentia ikastolako ikasleak izan dira protagonistak, eta hiriko hainbat lokalizaziotan grabatu dituzte irudiak.