Aro bat ixteko, aspaldiko bidaidea alboan
Marte Lasarte taldeak 'Grabitaterik ez' bertsionatu du Olatz Salvadorren laguntzarekin
'Ez da besterik' albuma duela urtebete aurkezte zuen Marte Lasarte taldeak eta data ospatzeko eta omenaldi modura, «adiskide berezi baten kolaborazioa» dakarte azken abestian, albuma ireki zuen 'Grabitaterik ez' bertsionatu baitute Olatz Salvador donostiarraren laguntzarekin. Taldetik azaldu dutenez, «bi zentzutan» egiten du bat piezarekin. Alde batetik, elkarrekin gaztetako hastapenetatik partekatu eta ikasi dutelako musika munduko nondik norakoak hainbat proiektutan. Eta, beste aldetik, bidaide izan direlako eguneroko bizipenetan, musikatik haratago.
Marte Lasarte k musikarekin duen harremanaz hitz egiten du abesti honetan, elkarrizketa ezberdinetan azaldu duten bezala, baita haien munduarekiko filosofia azaldu. «Joeraren kontra pasioa lehenesten dutenentzako ereserkia» eman nahi izan zuten. Orain, aurkezpen biraren zikloa ixteko baliatu dute, aro bat atzean utzi eta musika berriari ekiteko.
Ez da, noski, konbinazio hau estudioan zein oholtza gainean ematen dena, urte luzez Skakeitan taldeko kideak izan baitziren. Horretaz gain, pasa den Donostiako Aste Nagusi Piratan Marte Lasartek Flamenkan zuen zuzenekoa zela-eta, Olatz Salvador eszenatokira igo zen.
Salvadorren data berriak
Single edo kantu berriaz gain, Olatz Salvadorrek udazkeneko zuzenekoen datak jakinarazi ditu sare sozialen bitartez. Orotara zortzi gehitu ditu hirugarren diskoa, 'Zainak eman' (Balaunka) aurkeztu zuenetik egiten ari den birari: urriaren 31n Zaldibarren, azaroaren 1ean Oiartzunen, azaroaren 14an Mundian, azaroaren 21ean Zarautzen, azaroaren 28an Zamudion, azaroaren 29an Amurrion, abenduaren 18an Gernikan eta oraingoz azkena, abenduaren 19an, Andoainen.
Sarrera guztiak olatzsalvador.com webgunean zein aretoetan lor daitezke jada.