'Arima Soul' taldeak 'Arima Du Got Soul' single-a aurkeztu du
Aurrez pare bat lan grabatu ostean, 2022ko udaberrian Donostiako Elkar estudioetara sartu dira lehen disko luzea grabatzera
Larunbata, 18 ekaina 2022, 17:33
'Arima Soul' taldeak single eta bideoklip berria aurkeztu du: 'Arima Du Got Soul', disko berriko lehena eta jada plataforma digitaletan entzungai dagoena. Aurrez pare bat lan grabatu ostean, 2022ko udaberrian Donostiako Elkar estudioetara sartu dira lehen disko luzea grabatzera. Dena ondo bidean, Víctor Sánchez soinu-teknikariaren gidaritzapean, diskoa udazkenean argitaratuko da.
'Arima Soul' taldeko kideez gain, Donosti Lindy Hop elkarteko Ana Minguez dantzari donostiarrak hartu du parte Zarautzen grabaturiko bideoklipean. Bidaide izan dira ere Broken Brothers Brass Band taldeko Ion Celestino (tronpeta) eta Adrian Martinezek (tronboia).
'Arima Soul' musika proiektua Mikel Makalak (baxua) eta Lidia Insaustik (ahotsa) sortu zuten 2019an 70. hamarkadako Soul, R&B eta funk musiken eraginpean. Lidia Zarautzera bizitzera joan zen urte hartan eta segituan egin zuen harremana 'Makala'rekin. Antzeko musika zaletasunak zituzten biek eta formatu berriak bilatzeko nahiak egin zuen gainerakoa. Ostean, behin bidea hasita, batu ziren Paul San Martin (teklatuak) eta Gorka Gaztanbide (bateria). Lauek Soul estiloko eraginpean.
Jatorri anglosajoneko musikak euskaraz ere egin zitezkeela erakusteko asmoa da Arima soul proiektuaren gakoetako bat, are gehiago soinu eta estruktura aldetik zailagoa denean hitz jakin batzuk enkajatzerakoan. Eurenak diren abestiez gain kariño handiz hautatutako bertsioak ere eskaini ohi dituzte, esaterako Etta James, Curtis Mayfield, Gil Scott-Heron edo Marie 'Queenie' Lyons.
Ibilbide honetan mugarri izan zen 2020ko udan Fredi Pelaezen Pottoko estudioan grabatutako EPa, bost kantu originalez osatua. Honi esker erdietsi zuten finalista saria Premios Enlace Funk-eko 'Talde Berri Onena' sailean.
Gerora, 2021eko udan Madrilgo Enlace Funk aldizkariaren zigiluan beste pausu bat eman eta 7′ binilozko single-a kaleratu zuten.