Borrar
Leire Etxezarreta eta Irati Gutierrez, elkarrizketa aurretiko argazkian. Neomak dira ere Alaitz Eskudero eta Garazi Otaegi. Gorka Estrada

Neomak

Leire Etxezarreta eta Irati Gutierrez
«Aldaketei, beldurrei, idazten diegu. Bata zein bestea denok pasa ditugu»

Geldiune baten ostean eta zenbait aldaketekin, Neomak-ek bigarren lana, 'Lazturak Orbain' (Balaunka) kaleratu du

Jon Agirre

Donostia

Larunbata, 15 azaroa 2025, 00:16

Comenta

Musika bizi duten pasio eta naturaltasun beraz mintzo dira Irati Gutierrez eta Leire Etxezarreta, Neomak taldeko kideak Alaitz Eskudero eta Garazi Otaegirekin batera. Aldaketak aldaketa -azken diskotik Amets Ormaetxeak, Maria Lasak eta Eneritz Aulestiak proiektua utzi dute-, «esentzia» hor dela diote, folk-a eta elektronika uztartzea, letra sakonak ontzea eta musika zaindua bilatzea. Azken honetarako, gainera, hanka altxa eta arnas gehiago eman diote prozesuari. Hala heldu da 'Lazturak Orbain' (Balaunka), beldurrei buruz mintzo dena, baina horietan blokeatu gabe onartu eta haiekin zer egin mintzagai duena. Emaitzarekin oso pozik eta lana amaitu berri -Olivera Estudin grabatu dute Vic eta Paurekin eta Haritz Harreguyrekin nahasi-, zuzenekora eramateko grina nabari zaie. Abenduak 27an dute lehena. Bira laster iragarriko dute.

– Neomak bera baina beste Neomak bat da 'Lazturak Orbain' diskoan aurkeztu duzuena, elektronika gehixeago eta letra sakonagoekin. Nolakoa izan da ontze prozesua?

– Leire Etxezarreta: Sorkuntza prozesua bera denbora gehiagorekin hartu dugu eta horrek nahi genituen soinuak bilatzeko aukera eman digu, zerbait esperimentalagoa sortzeko edo agian ekoizleekin [Olivera estudiko Vic eta Pau] beste kutsu batzuk emateko. Lehen diskoa espontaneoagoa izan zen, esku artean geneukana batu eta aurrera joateko. Hemen gehiago zentratu gara zertaz hitz egin nahi genuen.

– Irati Gutierrez: Diskoari denbora eskaini nahi genion, mimo handiz, landuago egoteko, soinuak bilatzeko. Horregatik egon gara denbora luzea geldirik, baina horri esker lortu dugu emaitza hau

– Nola lortzen da oreka gauza berriak bilatu eta egindakoaren estiloa jarraitzeko? Ala urruntzeko tentazioa izan duzue?

– L. E.: ez gara hainbeste joan ezberdinaren bila. Beti pentsatzen duzu ea bigarren honetan zer. 'Ilargi berriak' aurkeztu genuenean ez genuen ezer espero eta izan zuen harrera guretzat super polita izan zen. Ez gara ez hori bilatzera ez aldentzera joan.

– I. G.: Egia da beste puntu bat eman nahi izan diogula 'Lazturak Orbain'-i eta bi diskoen artean aldaketa badela. Gure oinarria, gure erroa, mantentzen dugu: kalejira esentzia duten piezak daude, elektronikatik gehiago duenik ere bada, esaldi bat errepikatzen dutenak ere badira... Zertaz hitz egin nahi genuen, zein doinu edo melodia, izan dugu buruan.

– Errepikatze hori, ez agian estribillo modura, baina mantra bezala geratzen da. Indarra hartuz doa eta abestia aldatzeko ere balio du.

– L. E.: Presentzia hori markatzen, izan daiteke. Metaforak eta erabiltzen ditugu, baina letra zuzenagoak ere badira.

– I. G.: Abesti batzuk intentzionalitate hori izan dezakete, bai. Bakoitza dituen bizipenetatik identifikatua sentitzea, entzulea bera ere, hori polita da.

– Kantu askotan ni batetik abesten duzue, lau ahots daudenean. Ni-gu jolas hori bilatzeko? Eta zu bati kantatzen diozue ere.

– L. E.: Idazteko moduarekin egon da lotuta. Aldaketei, beldurrei idazten diegu eta bata zein bestea denok pasa ditugu. Guk ere, talde barnean zein kanpoan.

– Melodiak asko zainduta, lehen diskoan zein honetan letrek pisu handia dute. Badira aldaketa, zalantza, beldurrak edo barne gatazkak bezalako gai zentralak, baita horiek onartzea ere.

– I. G.: Errealitatea da. Beti egongo dira zalantzak, beldurrak, ezjakintasunak edo segurtasun faltak. Horretan geratzeari buruz hitz egiten den bezala, diskoan eboluzioa ere badago. Esatea hau onartzen dut, batzuetan irteera bilatuko dut eta besteetan honekin biziko naiz.

– L. E.: Kantu bakoitza barneko eta kanpoko beldurrei puntu ezberdinetik begiratzeko modua da. 'Galdera ikurrak'-en zu baino handiagoa dela eta hor zaudela, beste batzuetan beldurrak nola interpretatu, behin onartu dituzunean zein leku duen...

– Atzera begiratzeko modu bat ere izan da? Industria sarri agresiboa izaten da talde berriekin, sareetan une oro presente izatearen obligazioa, etab.

– L. E.: Izan ditugun aldaketekin-eta saiatu gara elkar zaintzen. Esan duzun guztia argi eta garbi hor dago, ezin dugu ekidin, denok bizi gara azkartasun horretan eta industria honetan agian zertxobait gehiago.

– I. G.: Hasi ginenean oso-oso gazteak ginen eta esperientziak musika egiterakoan laguntzen du. Oraingoan horrela bideratzen eta energia fokalizatzen saiatu gara.

– Lan berriko singlea aurkeztean beti du 'ea zer dakarten' hori. Zer bilatu duzue 'Inork ez du berdin egiten negar' hautatuta?

– L. E.: Beldurren harira, komentatu duguna ondo biltzen du. Mantra hitza aipatu duzu eta asko ari gara entzuten. Guk ez genuen hala planeatu (barreak). Norberak bere modura gestionatzen ditu aldaketak, beldurrak, kanpora nola begiratu, nola bota, nola gorde... Horregatik aukeratu genuen. Soinu aldetik ere potentea da, hasiera interesgarri bat zen.

– I. G.: Bigarren bideoklipean zuzenekoan itxura zein izango den islatu nahi genuen eta zer etorriko zen pistak ematea. Bi kide berri izango ditugula, adibidez.

– Singleen aro honetan, ibilbide bat egiten duen diskoa da. Baina, era berean, 'Preludio' eta 'Outro', lehen eta azken kantak, soltean nahiko bestelakoak dira.

– I. G.: Diskoa bidaia bat da, bai, 'Preludioa'-rekin gordintasun horretatik aurkezpen bat egin nahi genuen, ostean beldurrak ikuspuntu ezberdinetatik begiratuta eta onartuz ere. Eta 'Sehasketan' kanporago begira mundua nola dagoen ere islatzea. 'Outroa' beranduago heldu zen zerbait izan zen, bere espazioa eman nahi genion eta pentsatu genuen bukaera izan zitekeela.

– Bidaia aipatuta, erantzunak eman baino mahai gainean galderak jartzen dituzue. Zaintza ikuspegi horretaz gain, zaurgarritasuna azaleratu nahia? Esateko 'bizitza horrela da...'

– L. E.: ... Eta aurkitu zuk erantzunak. Bai. Norbere autokritikatik ere badu, duda hauek denak ditut. Orain zer egingo dut..

– I. G.: Ez daukagu gauza askoren erantzuna. Denok ditugu galderak eta hori azaltzea ere naturala da. Nik barnetik zer egin nezake? Askotan kanpokoa ezin duzu aldatu, baina bai barneko jarrera.

– Natural eta hein batean ausart ere, eszenak maiz mezu oso argia eta irudi indartsua eskatzen du. Diba puntu batekin. Eta bat gehiago izatea, ondo ez egotea edo antzekoak ia ahultasun dira.

– L. E.: Baina hori da naturala eta agian diba batek inork baino kontraesan gehiago ditu.

– I. G.: Eta egun batean altxa zaitezke mundua jango duzunaren sentsazioarekin eta... 'Galdera ikurrak' (barreak). Gure artean denbora eskainita, sorkuntzari zein guri, naturalago egin du azaleratzea. Errealitatea hau dela eta ez dagoela erantzun bakarra.

– Musika modu kolektiboan ulertuta, ez dago kolaboraziorik. Barrura begira eta unea elkarrekin igarotzeko ideia horren eskutik?

– L. E.: Hasieran bueltak eman genizkion, baina gauzak ez ziren atera eta orduan pentsatu genuen igual ez zela behar. Zaintza eta soiltasun horretatik abiatuta ez genuen bilatu nahi bilatzeagatik.

– I. G.: Zentzua hartu du gainera, ez gara falta sentsazioarekin geratu. Planteatu zen, mugitu ginen, baina data kontuek ez dute laguntzen beti eta gustura geratu gara,

– Zuzenekoei begira bi fitxaketa egin dituzue: Etxahun Urkizu (bateria) eta Eider Villalba (teklatuak eta ahotsa). Zein ekarpen bilatu duzue?

– L. E.: Batik bat organikotasun puntua eta sentsazioa indartzea. Guretzat jotzeko ere gozada bat da, eszenatoki gainean beste indar bat sentitzen da.

– I. G.: Esperientzia ere izateko momentukoa, nahiz eta jotzen duzuna sample bat izan zu izatea jotzen ari dena. Orain entseguekin hasi garela... Gogo askorekin hasteko

– Irailean atentzioa eman zuen Instagrameko eduki guztia ezabatu zenutela. Biralitate bila ala aro berria iragartzeko modua?

– I. G.: Kuriosoa da, gugan ez duelako halako garrantzirik izan. Estetika aldaketa zetorren –Eider Garcia Garikanoren eskutik–, diskoa ere bazetorren, eta pentsatu genuen 'goazen aldaketa egitera'. Denak itxura berdina izan zezan batik bat.

– L. E.: Gehienbat kaleratzeko orduan bisuala izatea. Beti zaindu izan dugu hori. Ez daude ezabatuta, ez da bilatua izan. Aurrerago agian berreskuratuko ditugu.

– Ageriko beste aldaketa, zazpi kide izatetik lau kide izatera igaro izana.

– L. E.: Hamar urte baino gehiago egin ditugu, azkenean inor ez da dedikatzen %100 honetara eta bakoitzak bere lana du, entseguetara lanetik eta askotan desordutan... Ez da erraza horrelako proiektu bat mantentzea eta bizitza bera aldaketa konstante bat da. Denok atseden bat behar genuen eta hartuta Mariak [Lasa Hilario] utzi zuen –bira amaieran sei izan ziren– eta uda horren bueltan Ametsek [Ormaetxea Ezpeleta] eta Eneritzek [Aulestia Mutiozabal] beste bide bat hartu zuten. Ez dugu gezurrik esango, momentu gorabeheratsua izan zen, talde bat konbibentzia da. Guk ere zalantzak izan ditugu, jarraitu ala ez, nola... Gauzak erlatibizatu ditugu eta denborarekin beste modu batera ikusten dituzu. Bakoitza bere momentuan dago bizitzan eta bizitako momentu guztiak, maitasuna eta kariñoa hor dago.

– Bidean opari edo kontu bereziak izan dituzue, baina nola amaitzen du Neomakek Georgian?

– I. G.: Sekulako oparia izan da. Gurekin izan zen Jon Gomez Garai. Finlandian egiten den 'Basking' jaialditik dator, beste lurraldeetan euskarari lekua emate helburu duena, eta Georgiako esperimentu modukoa izan zen. Proposatu ziguten eta, antza, esaten dute Euskal Herriarekin harremana dutela.

– L. E.: Bai, lehengusuak edo garela. Zabaltzeko proba izan zen, aurten izan da lehen urtea.

– I. G.: Euskal Herria aipatzean hainbat tokitan ez dakit kokatzen eta han bai. Oso polita izan da. Kontzertu bat eman genuen bertan, aurretik bertako talde batek jo zuen eta oso desberdinak izanda musikak nola batzen duen ikustea ederra da.

– L. E.: Antzekotasunak ikusi genituen, tradizioak eta folk-ak asko egiten du.

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco «Aldaketei, beldurrei, idazten diegu. Bata zein bestea denok pasa ditugu»

«Aldaketei, beldurrei, idazten diegu. Bata zein bestea denok pasa ditugu»