'Ahaztezina izan da', Rural Zombies taldearen agurra

'Ahaztezina izan da', Rural Zombies taldearen agurra
El correo

'Bat' eta 'From home to Hospital St.' diskoen egileek haien azken hiru kontzertuak iragarri dituzte

El Diario Vasco
EL DIARIO VASCO

«Agur esatera gatoz» hitzekin hasi du Zestoako Rural Zombies taldeak kaleratu berri duen idatzia. «Rural Zombiesek bere musika ibilbidea bertan behera uztea erabaki duela» jakinarazi nahi izan dute. «Erabaki gogorra zein tristea da», boskoteak adierazi duenez, «baina bizitzak batzuetan horrelako gauzak dakartza. Gu ez gara musikari profesionalak, eta batzuetan gure benetako lanbide, bizitza zein beharrizanek taldeari eskaini nahi dioguna baino denbora libre gutxiago uzten digute.»

Gainera, gazteek, «eguneroko behar horiek taldeak merezi duen maila mantentzeko adina denborarik» ez dietela uzten gehitu dute eta, ondorioz, «erabaki arrazoizkoena taldearen ibilbideari amaiera ematea» zela.

Azken Kontzertuak

Beraz, ondorengo kontzertuak azkenak izango dira, entzuleei «agur esan eta esker ona adierazteko.» Haien ibilbideak iraun dituen urteetan zaleek eman dieten guztia eskertu nahi dute agurreko kontzertu hauetan, nahiz eta, haien hitzetan, «jarraitzaileen eskutik jasotakoa ezin izango dugu sekula itzuli».

Hiru azken kontzertuak urrian izango dira: 5ean lehena, Donostiako Dabadaba aretoan; 12an bigarrena, Barakaldoko BECen ospatuko den EITB Jaia ekitaldiaren baitan (Belako eta Izarorekin batera); eta, azkena, urriaren 25ean Madrilgo Moby Dick-en.

«Ibilbidean bidelagun izan eta taldeari ekarpena egin dieten guztiei» ere eskerrik beroena adierazi nahi izan diete.

«Eskerrik asko guztiagatik. Ahaztezina izan da.» esanez agur esan dute Aratz, Julia, Luken, Manu eta Marcos-ek.