Adarretatik jaialdiaren bigarren edizioa iragarri du Zarauzko Udalak

Jaialdiaren kartela./Adarretatik
Jaialdiaren kartela. / Adarretatik

Nazioarteko musika jaialdia uztailaren 19tik 21era ospatuko da Zarautzen Enbor Kultur Elkartearekin elkarlanean

El Diario Vasco
EL DIARIO VASCO

«Musikaren ertzak ukitu» nahian, kultura eta «bereziki euskal kultura» erdigunean dituen musika jaialdia sortu zuten iaz Oier Aranzabalek eta Mikel Unzurrunzaga 'Makalak'. Hala, «bazterreko proposamenen plaza» bihurtu zen Zarautz iazko uztailean, eta aurten ere asmo berdinarekin aurkeztu dute, «Zarauzko hainbat adarretatik» nazioarteko musika, tartean, euskal musika, hedatu ahal izateko.

Enbor Akzio Kulturaleko kideen arabera, helburuok bete zituzten iazko edizioan; orain, «ikasitakoarekin» gogoz helduko diote aurtengoari. «Nazioarteko testuinguru baten baitan, euskal kulturari zentralitatea aitortu» nahi diote antolatzaileek. «Txikitasunaren aldeko apustua ere bada gurea, nahiz eta jaialdia oso handia dela uste dugun, sinesten dugu jaialdi batek bere txikitasunean izan behar duela handi, baita konplexua ere», dio Aranzabalek.

Hala, «normalean erdigunean egoten ez diren proposamenak» itzaletik argira aterata, «musikaren herri» bihurtu nahi dute Zarautz. «Adarretatik festak udako musika jaialdien agendan lekua izatea genuen helburu eta, lanari eta elkarlanari esker, ari gara lortzen».

Hiru kontzertu gune egongo dira: Frontoi Txikin, Berazako txiringitoan eta itsas pasealekuan, Borghetto inguruan. Jazz musikak pisu handia izango duela azaldu du 'Makalak', estilo horretako doinuekin hasi eta bukatuko bai da jaialdia. Izan ere, uztaila 19an, ostiralean, txiringitoan izango da lehenengo emanaldia, No Land Trio-ren eskutik. Eta, egun berdinean, Ruper Ordorikak hartuko du Frontoi Txikia. Gaueko agertokia, berriz, itsas pasealekua izango da: Sociedad Recreativa eta DJ Maga igoko dira oholtzara bertan.

Uztailaren 20an, larunbatean, Joseba Irazoki eta Lagunak arituko dira Frontoi Txikin, eta itsas pasealekuan cumbia doinuak izango dira nagusi, Kumbia Boruka taldearen eskutik. Jarraian, Sr. Lobezno arduratuko da gaua girotzeaz; binilozko diskoekin aritzen da, «musika beltza» delakoa ardatz hartuta. Azkenik, uztailaren 21ean, igandean, Antonio Lizana saxojole eta abeslariaren txanda izango da, itsas pasealekuko eszenatokian.