Borrar
Lorea Bilbao, Bingen Mendizabal, Mikel Urdangarin, Iker Sánchez Silva eta Ibon Aranbarri, aurkezpenean.

100/25 BOS, bi urteurren elkartzen dituen proiektu artistikoa

Mikel Urdangarin musikan hasi zeneko 25. urteurrenaren baitan garatzen ari den proiekturik garrantzitsuena da, eta Bilbao Orkestra Sinfonikoaren mendeurrena ospatzeko ekintzen artean dago.

m. imaz

Asteazkena, 18 maiatza 2022, 14:35

Comenta

Mikel Urdangarinek '100/25 BOS - Mikel Urdangarin' proiektua aurkeztu zuen atzo Bilboko Euskalduna Jauregian, Ibon Aranbarri Bilbao Orkestra Sinfonikoaren zuzendari nagusiarekin eta proiektuan parte hartzen duen taldeko kide diren Bingen Mendizabal eta Iker Sánchez Silvarekin batera. Mendizabal kantuen orkestrarako moldaketen arduraduna da, eta Iker Sánchez Silvak orkestra zuzenduko du proiektu honen barruko kontzertuetan. Haiekin izan zen halaber Lorea Bilbao, Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara, Kultura eta Kirol diputatua.

Bilbao Orkestra Sinfonikoaren mendeurrenarekin bat egiten duen proiektua kantautore zornoztarra bere 25 urteko ibilbide musikala ospatzeko aurten egiten ari den jardueren artean kokatzen da eta, beraxek esan zuenez, garrantzitsuena da. Hainbat kontzertu egingo dira, eta Elkarrek argitaratuko duen disko bat ere bai. Aurreikuspenen arabera, uda amaieran grabatuko da.

Proiektua Urdangarinen errepertorioko eta orkestrarako moldaketako kanturik esanguratsuenetako batzuen aukeraketatik abiatzen da. Kantak, Urdangarinekin batera, Bingen Mendizabalek hautatu ditu eta orkestrarako egokitzapenaren arduraduna ere bera izan da. Mendizabal pozik dago egindako lanaz, eta nabarmendu zuen sormenezko erronka bat izan dela, abesti bakoitza «eremu berrietara eraman baita». Hautatutako abestiak Bilbao Orkestra Sinfonikoak interpretatuko ditu, Iker Sánchez de Silva orkestra-zuzendari eta konpositorearen gidaritzapean.

Mugarria bere ibilbidean

Mikel Urdangarinek, bere aldetik, proiektu hau bere ibilbidean mugarria dela azaldu zuen: «Niretzat elkarlan hau erronka ezohikoa da, ametsa zalantzarik gabe. Eta salbuespen handiek merezi duten arretarekin erantzungo dugu. Izan ere, bere 100. urteurrenean Orkestrarekin kantatzeak orain arte ezagutu gabeko toki batera darama nire kantutegia eta aukera hau baliatu behar dugu ikuskizun gogoangarria osatzeko. Orkestazioa Bingen Mendizabalek sinatzeak ametsa are ederrago egiten du.»

Guztira 15 abestik osatuko dute diskoa: horietatik hamahiru Bingen Mendizabalek orkestrarako moldatutakoak; beste biak Koldo Uriartek eta Fernando Velázquezek moldatu dituzte. Bingen Mendizabal lagun izateaz gain, Urdangarin talde handi batez inguratu da lan hau sortzeko. Horrela, Koldo Uriarte da lanaren ekoizlea eta abestietako baten moldaketaz arduratu da; Iker Sánchez Silvak zuzenduko du BOSa proiektu honen esparruan egiten diren kontzertuetan; Bapo bapo produkzioak lanak egingo ditu ekitaldien ekoizpenean; eta ZART kolektiboa arduratuko da diskoaren fabrikazioaz eta banaketaz, Mikel Urdangarinen beraren disketxearekin jaioko dena.

'100/25 BOS - Mikel Urdangarin' ekimenaren baitan sortuko diren kontzertuak Urdangarin aurten egiten dabilen 25 Tour birarekin uztartuko ditu. Bira honek munduko hainbat lekutara eraman eta eramango du. Hala, estatuko hainbat hiritan aritu da eta joko du, hala nola Madrilen, Bartzelonan, Salamancan edo Logroñon. Eta baita Europako hirietan ere; Londres datorren urrian, besteak beste. AEBak eta Japonia ere baditu agendan.

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco 100/25 BOS, bi urteurren elkartzen dituen proiektu artistikoa

100/25 BOS, bi urteurren elkartzen dituen proiektu artistikoa