Secciones
Servicios
Destacamos
San Sebastián
Necesitas ser suscriptor para acceder a esta funcionalidad.
Domingo, 20 de enero 2019, 12:47
Necesitas ser suscriptor para acceder a esta funcionalidad.
Compartir
Umetan, itsumustuan eta fier sinesten genuen donostiarrok hiriko Martxak zioena: «Sebastian bat bada zeruan, Donosti bat bakarra munduan». Sinesten genuen ere gure danborrak bakarrak zirela planeta osoan. Fedea, legea, genion santu gureari. Ezer ez genekien Derek Jarmanen latinez mintzaturiko 'Sebastiane' filmaz. Oraindik ez zen mito erotikoa bilakatu Narbonan jaiotako soldadu erromatar eder gurea. Bederen, guk ez genuen horren berri. Gure garai haietan mito erotikoa zer zen ere ez baikenekien.
Ezin imajinatu lurraren beste hainbat bazterretan gaur bezalako egun berean Sebastian Deunaren grazia eta babesa ospatzen eta eskertzen zituztenik. Donosti bat bakarra munduan… Beraz, nola liteke, esaterako, Huelvako San Bartolome de las Torres herrian, egun, Uso Zuria Birjina gurtzen duen El Rocio Ermandadeko danbolinteroak geziz eta kolpez akabatu zuten santuaren omenez joka ibiltzea? Nolatan bertako dantzariak ezpata-dantza sakratuan?
Ez, ezin genuen irudikatu. Ezin asmatu. Ezin pentsatu. Donostiarrok, kalekume harroxko galantok ez genekien ere, barka, Orendain herria existitzen zenik. Beraz, nola jakin gure Patroi handiaren lorian segizioan ari zirenik?
Orain, edadetuta eta geografia sentimentalez jantzirik, badugu mendiek babesturiko Orendainen berri preziatua, eta gustura joango ginateke gaur Sebastian Deunaren ermitaraino, Iñaki Letamendia txistulariak girotuko den kalejiran. Meza eta gero, hamaiketakoa bertan. Eguerdi partean, berriz, bazkari herrikoia. Oi Sebastian gurea, izan zaitez bedeinkatua.
Txikitan ezer ez genekien existitzen ziren/diren beste San Sebastianez. Ezer ere ez gureak munduan barna zituen/dituen beste deiturez. Pentsatu ere pentsatu ez genuen egiten gure plazetan bezala, beste inon danbor hotsak entzungo zirenik. Ezta irudikatu ere danborrak askotan ez direla biribilak.
Jakinaren gainean gara gaur. Luis Buñuelen zinema ezagutu genuen momentu berean jaso genuen Terueleko Calandako Danborren notizia. Orain badakigu Aragoin badela Danborren eta Dunbalen Bidea. Badakigu ere Danborrada ez dela guk geuk eta guretzat asmaturiko hitza. Izan ere, Valentzian zein Zaragozan danbor desfile zaratatsuei Tamborrada deitzen zaie. Nola bestela?
Edadean aurreratu ahala ikasi genuen perkusioaz. Musikari eta musikologo finek azaldu ziguten gizakiok lurra, harria edo egurra eskuekin kolpatuz atera genituela aurreneko hotsak. Geroxeago asmatu genituen perkusio-tresnak. Planetako eremu bakoitzean ezberdinak: Peruko kajoiak, feniziarren lehenbiziko kriskitinak, 2.000 urte baino gehiago duten Indiako 250 danbor mota, Afrikako beste ziento.
Bai, edadearekin batera iritsi zitzaigun sorpresa: gureak, Donostiakoak, ez ziren, bistan zen, galaxiako danbor bakarrak. Baina denek bazuten helburu bera. Bera eta anitza: lagunekin une alaiak partekatzea, kideei izan zitezketen arriskuez abisatzea, Ongia erakartzea, Gaizkia uxatzea, jainkoei gur egitea, demonioak urrunaraztea…
Eta justu hori ikasi genuen garaian, beste istorio harrigarri bat antzeman genuen, somatu genuen danbor hotsen artean: Afrikatik Ameriketara esklabo itsasontzietan jauzi egin zuten hainbat erlijioren arabera, Sebastian Deuna Oxossi izeneko orisha da. Orishak Umbanda, Candomble, Quimbanda, Vudu, Lumbalu, Santeria bezalako sinesmen Amerikakoetan jainkoak dira. Kristau Sainduekin nahasi direnak. Sinbiosi eder, trinko, koloretsuan nahasi ere.
Akatsik gabeko mestizaje horretan, gure San Sebastian Oihanaren Gerlaria da. Anaia duen Ogun jainko graziaz beteak ederki baino hobeto trebatu zuen, bere herria babesteko. Naturaren sekretuak ezagutzen ditu eta animalien jaun, jabe eta laguna da. Gureak izurritik libratzen gaituen modura, Oxossik badu gizakumeak sendatzeko, osatzeko ahalmena.
Gaur Donostian Martxa kantatzen dugun istant berean, Brasil osoan, Oxossiri egingo diote dei O Keraoke! oihukatuz. Mai do Santo ('Santuen ama') izena duten emakume apaiz horietako baten laguntzaz, bitartez agertuko da Oxossi fededunen artean. Danbor hotsez hartuko dute horiek jainkoa. Eskainiko diote bere gustuko garagardoa. Eskainiko diote tabako ona. Berdez jantzirik hartuko dute berdea baita Oxossiri dagokion kolorea. Eskatuko diote nahi duten fabore adina. Dantza egingo dute. Egun, urtarrilaren 20ean.
Bagera. Badira. Anitzak munduan. Anitzan zeruan.
Publicidad
Publicidad
Te puede interesar
Publicidad
Publicidad
Reporta un error en esta noticia
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.