Mugak Arkitektura Bienala ospatuko da urrian

Aurkezpen ekitaldiko irudi bat. /Jose Ignacio Unanue / DV
Aurkezpen ekitaldiko irudi bat. / Jose Ignacio Unanue / DV

Bienalaren bigarren edizioa urriaren 10ean hasiko da, Donostiako Alde Zaharra gune nagusi duelarik

El Diario Vasco
EL DIARIO VASCO

Mugak Arkitektura Bienalaren bigarren edizioa urriaren 10ean hasiko da, eta ehundik gora jarduera eskainiko ditu Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) urtea bukatu bitartean. Donostiako Alde Zaharra izango da Bienalaren gune nagusia, eta erakusketak, hitzaldi zikloak, jardunaldi eta biltzarrak, lantegiak, proiekzioak eta bisita gidatuak antolatuko dira, denak ere arkitektura herritarrengana eramateko asmoz.

Arkitektura Bienalaren programa irailaren 11ean aurkeztu dute, Donostiako Santa Teresa komentuan. Egitarauaren helburua ahalik eta «orekatuena, osoena, pluralena eta parte hartzaileena» izatea da, Pedro Astigarraga Mugak Bienaleko komisarioak azaldu duenez.

Aurten ere, orain bi urte bezala, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Saila da Mugak Bienalaren antolatzaile nagusia, eta beste 24 erakunde eta elkarte laguntzaile modura aritu dira.

Horrela, aurtengo edizioan izen eta itzal handiko arkitekto asko izango dira, besteak beste, Alvaro Siza portugaldarra, Rafael Moneo espainiarra, Stephen Bates britainiarra, Lacaton & Vassal frantsesak, Tatiana Bilbao mexikarra eta Barclay eta Crousse perutarrak.

Oso indartsu dabiltzan Espainiako zenbait arkitekto gaztek ere parte hartuko dute, hala nola Emiliano Lopez, Monica Rivera eta Addenda Architects estudioko kideak. Bestalde, Klaus Klemp, Martin Mantele eta Rene Spitz helduko dira Alemaniatik, Bienaleko erakusketa nagusian parte hartzera.

Halaber, unibertsitateak aktiboki parte hartuko du Mugak Arkitektura Bienalean, eta, urriko hirugarren astean, Europako zortzi arkitektura eskolatako 150 ikasle izango dira bienalean.

Mugak urriaren 10ean inauguratuko da modu ofizialean. Aurten, Santa Teresa komentuan dagoen Euskadiko Arkitektura Institutua izango da bienaleko egoitza nagusia, baina beste zenbait tokitan ere jarduera ugari antolatu dira, Donostian, Bilbon zein Gasteizen.