Iñaki Garmendia 'Laja' trikitilari azkoitiarra hil da 74 urterekin

Iñaki Garmendia 'Laja' trikitilari azkoitiarra hil da 74 urterekin

«Lehengo trikitilari zaharretatik abiatu eta oraingo trikitilari gazte ondo hezietara zubia egin du», idatzi zuen Iriondok haren biografian

JOAQUIN SUDUPEAzkoitia

Bizi osoan Euskal Herriko plaza eta kaleak alaitzen jardun ondoren, Iñaki Garmendia 'Laja' trikitilaria (Azkoitia, 1944) gaur eguerdian zendu da. Garai bateko azken maisuetako bat zen Laja; «festatik festara, plazatik plazara asko sakrifikatutakoa», berak zioen bezala.

Joan zen igandean ondoezik sentitu zen Aristerrazun eta, astebete ospitalean eman ondoren, gaur eguerdian hil da.

Laja baserrian jaio zen 1944an eta zazpi urterekin hasi zen soinu txikia ikasten.

Bere bizitzan eginiko lana aitor-tzeko asmoarekin, trikitiak duen funtzio soziala oroitzeko eta herriko trikitixaren historian zuen tokia aitortzeko, 2016ko Andramaixetako txupinazoa jaurti zuen Azkoitian bere musika lagun eta bikote izan den Landakandarekin.

Euskal Herriko Trikitixa Elkarteak 'Soinuaren liburutegia' bilduma barruan, 'Laja, trikitixaren zubia' liburua,argitaratu zuen 2016. urtean. Joxemari Iriondok hau utzi zuen idatzita bere liburuxka horretan: «Elgetaren jakituria, Sakabiren soinua jotzeko zehaztasuna -notak garbi markatzea gustatzen zitzaion Lasturkoari- eta Joxe Mari Altuna musikalari azpeitiarraren trebezia ikasi eta ondu zituen, lehengo trikitilari zaharretatik abiatu eta oraingo trikitilari gazte ondo hezietara zubia egiteko. Eta aurrekoen eredua jarraituz, ate-joka etorri zaizkion gazteei bere jakituria transmiti-tzen saiatzen da, aurrerantz ere iraun dezan trikitixak sendo eta indartsu».

Iriondok gogorarazi bezala, nekez izango da Gipuzkoan herri eta auzorik inoiz edo behin Laja soinua jotzen izan ez denik. «Azkenengo urte hauetan, Bizkaian, Nafarroan eta Iparraldean ere ezaguna da Lajaren irribarre gozoa eta lanerako gogoa», idatzi zuen biografoak.

 

Fotos

Vídeos