Motxila Karretilan

Pello Esnal
PELLO ESNAL

GXur ere –Santiago eguna– ibiliko da jendea Santiago bidean, Compostelatik urrun oraindik, noizbait haraino iristeko esperantzan. Eskerrak gero eta gehiagok daramaten zama, ez bizkarrean motxila handietan, baizik lurrean gurpilen gainean arrastaka, orgatila edo hala moduzko karretillaren batean, airoso samar.

Euskal telebistan ere bada iragarki bat, Eusko Jaurlaritzarena, hemengo turismoa bultzatzeko egina. Irudi bat aukeratu behar eta, orgatilaren gurpil txiki batena aukeratu dute ezaugarri gisa, turismo arina eta eramangarria iradokiz, nonbait.

Ez dut haserre izango adiskidea. Honezkero konturatua izango da zer bide egiten ari den karretillaren irudia. Hain du maitea irudi hori!

Adiskide honek –ez da joan den asteetan aipatutako bera, beste bat baizik– nik baino lau urte gehiago ditu, ni baino mundu gehiago ikusia da, eta kargu handi samarrak ere izan ditu hemen eta han, politikan ez bada ere.

Urtean bitan egon ohi gara elkarrekin, oporrak baliatuz. Eta beti harritu izan nau beraren patxadak, gauzak bakeaz hartzeko duen gaitasunak. Nire buruari ere galdetu izan diot tarteka non ote dagoen sosegu eta bake horren gakoa.

Behin, berak aitortu zidan, nik galdetu gabe: «arazoak eta problemak karretillan eraman behar dituk». Nekez aurki dezakegu irudi egokiagorik. Kontua dela, azken batean, gure buruak arazoekin eta problemekin ez identifikatzea. Hori barruraino sartua du adiskideak, eta gero eta gehiagotan diote adituek ere.

Baina errazagoa da esaten, egiten baino. Denok dakigu, adibidez, problemak ere erantzita sartu behar garela ohean: deskonektatuta. Beti ez dugu asmatuko, baina tira. Ez baitago gauza okerragorik gauerdian kezka batekin-edo esnatzea baino, eta hurrengo goizean gauean oheratu baino nekatuago jaikitzea.

Bada oporretan ere deskonektatzen ez duenik, oporretan ere burua nekatuta ibiltzen duenik. Eta ba ote gauza okerragorik oporretatik lanera nekatuta itzultzea baino? Bai, bat: erretiroa hartuta ere estresatuta bizitzea.

Alderantziz, zer gauza ederra den lanean ere soseguz eta patxadaz aritzea! Alegia, lanean ere oporretan izatea.Desafio polita dugu denok ere uda honetan: motxila karretillara jaitsi eta bizitza osoa opor bihurtzen hastea, arazoak arazo eta problemak problema. (Gaur –Santiago eguna–, agian izango da Gobernurik Madrilen. Noiz arte, karretillaren gurpilak esango du).