Miss Karaoke antzezlana ikusteko azken aukera, Lasarten

2016ko 'Dramaturgia berriak' deialdiari esker produzitu dute antzezlana/Kauldi Iriondo
2016ko 'Dramaturgia berriak' deialdiari esker produzitu dute antzezlana / Kauldi Iriondo

Azken emanaldiak egitera doaz, eta horietako bat Lasarten izango da ostegunean, hilak 11, Korrikarekin bat eginez. Manuel Lekuona kultur etxean, 21:00etan izango da ikusgai Metrokoadroka kolektiboaren obra

El Diario Vasco
EL DIARIO VASCODonostia

Bi urte beteko dira maiatzean Miss Karaoke antzezlana estreinatu zutenetik Donostiako Principal antzokian, Gasteizko Principal Antzokian eta Bilboko Arriagan. Azken emanaldiak egitera doaz, eta horietako bat Lasarten izango da ostegunean, hilak 11, Korrikarekin bat eginez. Manuel Lekuona kultur etxean, 21:00etan izango da ikusgai.

Maiatzaren 31ean Gasteizen ikusi ahalko da, baita ere, Metrokoadroka kolektiboaren obra, Jesus Ibañez de Matauko antzokian, 20:30ean. 2016ko 'Dramaturgia berriak' deialdian produzitu zuten Bilboko Arriagak, Donostiako Victoria Eugeniak eta Gasteizko Principalek. Antzerki esperimentala da, euskarazkoa.

Kaleratu zutenetik, «esperientzia humano, kreatibo eta eszeniko itzela» izan da lantaldean aritu direnentzat. «Hastapenetik arriskuak hartzea izan genuen xede, hala edukietan nola emanaldia zabaltzeko moduetan, eta ontzia portu onera iritsi dela sentitzen dugu. Euskarazko dramaturgia berriak arakatzea izan dugu erronka, eta zentzu horretan, asetuta eskainiko ditugu azken emanaldiok», jakinarazi dute.

Aurretik elkarrekin lan egin gabeak ziren lantaldeko aktore, kanpo behatzaile zein konspiratzaileak. Esperimentazio prozesu bat jarri zuten martxan, Metrokoadroka kolektiboan urte luzez probatutako teknikak eta formulak izendatzeari eta formulatzeari ekin zioten, eta teknikak formulatzeko ahalegin horretan jarraitu zuten.

Esker ona adierazi nahi izan dute kolektibotik: «Pez Limbo taldeari, proiektu hau posible izateko elkartasuna adierazteagatik; Gasteizko Principal Antzokiari, 'Dramaturgia berriak' deialdiaren baitan proiektu honetan sinesteagatik; publikoari, jaso dugun harrera beroa eta gogoeta sakonengatik; eta batez ere, oholtza gainean egon den laukoteari, hainbeste izerdi eta sormen hain eskuzabal emateagatik».

Temas

Euskera