Miren Agur Meaberekin bat egingo du Eraul taldeak, «inor gutxik espero zezakeen hitzordu artistikoan»

Miren Agur Meaberekin bat egingo du Eraul taldeak, «inor gutxik espero zezakeen hitzordu artistikoan»
Eraul

Idazle lekeitiarraren liburu berriko pasarteak eta taldearen musikaren arteko fusioak 'Hezurren erretura' liburuaren eta 'Iraultza eta Burgoña' diskoarekin nahastutakoa bertsio berria ikusi eta entzuteko aukera sortuko du

A. IBARGUTXI

Inoiz ez dute halakorik egin. Miren Agur Meabe idazleak eta Eraul talde donostiarrak irakurketa musikatua eskainiko dute astelehenean, maiatzak 13, Bilboko Arriagan. Idazle lekeitiarraren liburu berriko pasarteak eta taldearen musikaren arteko fusioak 'Hezurren erretura'-ren bertsio berria ikusi eta entzuteko aukera sortuko du, beraz, 'Iraultza eta Burgoña' diskoarekin nahastutakoa. Jendearen erantzunaren zain, urduritasuna eta «beldur puntu bat» nabari dituela dio Asier Beramendi taldeko kantariak.

Literatura eta Musika Euskaraz zikloaren baitako ekimenak, «inor gutxik espero zezakeen hitzordu artistiko horietako bat» ekarriko duela uste dute antzokitik.«Ezusteko topaketa zoragarria. Hitz propioek bere kantuetan aurkeztutako lurraldeez gain bestelakoak ezagutzeko grinari so eginez, Asier Beramendi Miren Agur Meaberen idatziez baliatuko da doinu eta zubi berriak eraikitzeko, batek daki nora heltzeko eta Arriagako foyerrera bertaratzen direnak gozarazteko», nabarmendu dute Bilboko antzokitik. Asier Beramendi kantari eta gitarrak, Maria Bustos txeloak, Ilargi Agirre bateriak eta Mikel Agirrezabalaga teklatuak osatzen dute taldea.

Duela urtebete ekin zioten ikuskizunaren antolaketari. Beramendirekin jarri ziren kontaktuan, Eraul taldea deseginda eta norabide berri bila zegoen unean, hain justu. «Momentu arraroa zen hein batean, baina aurrera egitea erabaki genuen«, azaldu du. Agirrerekin eta Agirrezabalagarekin elkartzea erabaki zuen uda partean, hasieratik taldekide izan dituenekin, eta proiektuari nola heldu erabaki zuten.

Horrela sortu zen Eraul berria, «betiko esentzia» mantenduta ere, eraldatu egin dena apur bat. Hasieran sei taldekide ziren, eta orain lau dira. Hala ere, proiektua lehenagotik ezagutzen dutenek, bertsio berriarekin ondo konektatuko dutela uste du.

«Horrelakorik inoz ez dut egin, baina idaztea oso gustuko dut eta taldearen hasieran egiten genituen irakurtaldi txikiak. Pozik egingo dugu horretara buelta, edo hurbiltzea, behintzat», gaineratu du kantariak.

Abesti berrietan ari dira lanean orain. Hain justu, hilabete amaieran bat grabatuko dute. Aurrerago, udan, kontzertu txikiak egingo dituzte. Besteak beste, maiatzaren 25eko Amara Berri Krosean, ekainaren 23ko Marruma kultur elkartean eta uztailaren 25ean, Oreretako Madalenetan.

Arriagako emanaldia arratsaldeko 19:30ean hasiko da, eta sarrerak salgai daudeantzokiko web orri eta txarteldegietan.

Temas

Euskera