Mie Miki akordeoi jotzaile japoniarraren ikastaro magistrala

Mie Miki, kontzertu batean./YOUTUBE
Mie Miki, kontzertu batean. / YOUTUBE

Astelehenean eta asteartean egingo da, Arrasate Hiria XXVI. Nazioarteko Akordeoi Lehiaketaren barruan

Mie Miki akordeoi jotzaile japoniarrak ikastaro magistral bat zuzenduko du datorren astean Arrasateko Kulturate kultur etxean. Hauspoz Euskal Herriko Akordeoi Elkarteak eta Musika Bulegoak antolatu dute ikastaroa, eta astelehenean eta asteartean egingo da, abenduaren 10ean eta 11an, Arrasate Hiria XXVI. Nazioarteko Akordeoi Lehiaketaren barruan. Artista japoniarra lehiaketako epaimahaikidea izango da.

Antolatzaileek jakinarazi dutenez, Mikik Alemanian ikasi zuen eta hainbat sari lortu ditu nazioarteko lehiaketatan, besteak beste, Klingenthale-n eta Annecy-n. Artista gazteentzako Förderungspreis des Landes Nordhein-Westfalen saria eskuratu zuen 1989an, eta garaikur hori akordeoi jotzaile bati eman zioten lehen aldia izan zen.

Bakarlari gisa orkestra askorekin aritu da, hala nola Suisse Romande orkestrarekin, NHK orkestra sinfonikoarekin eta Belgikako Orkestra Sinfonikoarekin. Era berean, zuzendari entzutetsuekin egin du lan, hala nola Seiji Ozawa, Hiroyuki Iwaki eta Charles Dutoit-ekin.

Orain arte 26 lan grabatu ditu, BIS, Philips, Sony, DENON, Vanguard Classics, Camerata Tokio eta King Internacional diskoetxeekin, besteak beste. Gaur egun, akordeoi irakaslea eta lehendakariordea da Folkwang Universität der Künste unibertsitatean, Alemaniako Essen hirian, eta ohorezko irakaslea da Txinako Xinjian Arts College ikastegian.

Musikari japoniarrarekin antolatu den topaketaren ordutegia 10:00etatik 14:00etara eta 15:30etik 19:30era izango da, astelehenean zein asteartean. Musika Bulegoak babestuko ditu jardunaldiak, 2018ko jarduera egitarauaren barruan. Ekimen horren bidez, Euskadiko musika arloko eragileekin lankidetzan jardungo du prestakuntzari eta sentsibilizazioari lotutako hainbat ekintza abian jartzen. Bi alderdi horiek dira Euskal Herriko Musika Bulego Elkartearen jarduera ardatz nagusietakoak. Zehazki, Musika Bulegoak 14 jardueratan lagunduko du 2018 amaitu arte.

Temas

Euskera
 

Fotos

Vídeos