Metalezko haize-instrumentuak protagonista Azpeitian

Spanish Tuba Quartek laukotea. Haien kontzertuarekin amaituko dira jardunaldiak igandean. /
Spanish Tuba Quartek laukotea. Haien kontzertuarekin amaituko dira jardunaldiak igandean.

Osagai ugari dituen #Metaltop Euskadiko Metal Topaketa egingo da igandera bitartean

Ostiral honetatik igandera, hilaren 12tik 14ra, metalezko haize-instrumentuen zaleen topaleku izango da Azpeitia #Metaltop Euskadiko Metal Topaketaren bigarren edizioa dela eta. Topaketak osagai ugari izango ditu: kontzertuak, ikastaroak, erakusketak... Ekimenaren hartzaileak ere ugariak dira, badaudelako profesionalei, zaleei edota ikasleei zuzendutako jarduerak Musika Bulegoaren laguntzarekin antolatzen den Topaketan.

#Metaltop Euskadiko II. Metal Topaketan, profesionalek, musika-ikasleek eta zaleek aukera izango dute metalezko haize-instrumentuak protagonistatzat dituzten hiru jardunaldirekin gozatzeko. Lehenbizikoan, ostiral honetantxe, Tuba Jaialdia ekimeneko irakasleek maisu-eskola bat emango dute Soreasu entzunaretoan. 18:00etan, bertaratuek kontzertua emango dute egun horretan landutako guztiarekin. Larunbaterakom urriak 13, hainbat jarduera antolatu dira, besteak beste David Muñoz irakaslearen 'Técnicas para un estudio eficaz en la música' hitzaldia; Spanish Brass boskotearen maisu-eskola; Tuba Jaialdia IX. Kontzertua Azpeitiko plazako kioskoan, 14:00etan; eta Spanish Brass boskotearen bigarren maisu-eskola, ganbera-taldeen lana jorratzeko.

Ikastaroez gain, metalezko haize-instrumentuen musikarekin gozatzeko aukera eskainiko duten kontzertuak ere izango dira. Ostiralean, 22:00etan, Tuba Jaialdiak 'Tuba Polkak' izeneko kontzertua emango du, Azpeitiko Garagardo Azokan. Urriaren 13an, Spanish Brass taldeak emanaldia eskainiko du Soreasu entzunaretoan, eta urriaren 14an, igandea, Spanish Tuba Quartet laukotearen kontzertuarekin emango zaio amaiera topaketari, Sanagustin kulturgunean, 12:30ean.

Musika Bulegoak babesten du ekitaldi hau, 2018ko jarduera-poltsaren barruan. Ekimen honen bitartez, Musika Bulegoaren helburua da prestakuntzaren eta sentsibilizazioaren alorretako hainbat ekintza martxan jartzea, euskal musika-sektorearen eragileekin batera, alor bi horiek baitira Euskal Herriko Musika Bulego Elkartearen bi jarduera-ardatz nagusiak. Elkarlan horren barnean, Musika Bulegoak 14 jarduera antolatuko ditu urte honen amaierara arte.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos