Mendeurrenek zipriztindutako sariak

Goian, ezkerretik eskuinera: Aritz Leoz (Altsasuko Gurasoak), Juan Carlos Etxegoien Xamar, Miriam Urkia (Euskaltzaindia), Iñaki Dorronsoro (Eusko Ikaskuntza), Pello Urzelai (Berria) eta Maialen Sagues (Askekintza). Behean, ezkerretik eskuinera: Antton Ramirez, Isabel Pozueta eta Izaskun Etxeberria (Altsasuko Gurasoak), Gari Garaialde, Maite Asensio (Berria) eta Ion Cerezo (Askekintza). /DANI BLANCO
Goian, ezkerretik eskuinera: Aritz Leoz (Altsasuko Gurasoak), Juan Carlos Etxegoien Xamar, Miriam Urkia (Euskaltzaindia), Iñaki Dorronsoro (Eusko Ikaskuntza), Pello Urzelai (Berria) eta Maialen Sagues (Askekintza). Behean, ezkerretik eskuinera: Antton Ramirez, Isabel Pozueta eta Izaskun Etxeberria (Altsasuko Gurasoak), Gari Garaialde, Maite Asensio (Berria) eta Ion Cerezo (Askekintza). / DANI BLANCO

30. Argia sarietan, euskarazko komunikazioaren arlo desberdinei dagozkien sariez gain, Euskaltzaindiari eta Eusko Ikaskuntzari eman diete merezimenduzkoa

Euskaltzaindia eta Eusko Ikaskuntza ez ezik, Argia astekaria ere mendeurren giroan murgilduta dago, 1919ko urtarrilean sortu baitzen haren aurrekaria, Zeruko Argia. Gaurko Argiak ez du zerikusi handirik orduko harekin, baina urruneko jatorriari keinu bat eginez «mendeurrenak zipriztindu du», sarien berri emateko hedatu duten oharrean nabarmendu duten bezala, 30. Argia sarien emate ekitaldia. Sarien 30. urteurrena ere ospatzeko moduko mugarria izan da. Ekitaldia ostiral honetan egin da, Usurbilgo Atxega Jatetxean.

Bazkariaren, Hiru Damatxo kooperatibak Argia aldizkariaren urteurrenaz egindako bideoaren aurrerapenaren eta lantaldearen izenean Onintza Iruretak irakurri duen diskurtsoaren ostean eman dira sariak. Prentsan egindako lana saritzeko orduan, Gari Garaialde fotokazetaria aukeratu dute «migrazioaren errealitatea ikusarazteko argitaraturiko lanengatik». «Gure gaurko sarituak, irudien bidez egiten du kazetaritza. Eta azken boladan, jaioterritik Europara bidaia luzea egitera kondenatuta daudenak ditu fokupean: Nekea, etsipena, esperantza, babesa, elkartasuna, noraeza, aterpea, ametsa… narratu digute bere irudiek», adierazi dute.

Irratian, berriz, Juan Carlos Etxegoien Juanarena 'Xamar'-ek jaso du saria, Bilbo Hiria irratiko 'Euskara Jendea' saioagatik. Askekintzaren 'Gurea' dokumentala izan da saritua ikus-entzuezkoen atalean, «tradizioaren eta dibertsioaren aitzakian animaliek jasaten duten tratua» islatzeagatik «indarkeria espliziturik, odokik eta garrasirik» gabe.

Berria egunkariaren ekimen bat saritu dute internet atalean, indarkeria matxistaren biktimen mapa. Webgune bereziak «indarkeria matxistaren adierazlerik gordinena biluzi nahi du» 2003 urteaz geroztik izandako biktimak mapan kokatuz, izen-abizenez, nor ziren gogoratuz, «ahanzturan eror ez daitezen». Sustapenari emandako saria ez du ezein hedabidek edo profesionalek irabazi, Altsasuko Gurasoek baizik, «bertsio ofizialaren belztasuna urratzea helburu» egin duten lan itzelagatik.

Merezimenduzko saria, esan bezala, Eusko Ikaskuntzaren eta Euskaltzaindiaren artean banatu dute. «Badira bi erakunde, duela mendea sortuak, euskal kultura eta euskara batu, zaindu eta zabaltzeko lanean dihardutenak, asmoz eta jakitez, ekin eta jarrai».

Temas

Euskera