Maskarak erortzen utzi eta literaturaren aurpegiak ezagutzeko asteburua Zarautzen

Iñigo Astiek sortu du Literaturiaren manifestua, eta ostiralean aurkeztuko du, maiatzak 10/Literaturia
Iñigo Astiek sortu du Literaturiaren manifestua, eta ostiralean aurkeztuko du, maiatzak 10 / Literaturia

Literaturaren udaberriko plaza bilakatuko du, beste behin, Literaturiak Zarautz. 'Maskara' du aurten ardatz jaialdiak, eta kontzeptu horri lotutako 'Zu naiz, ni zara', lelo; liburu aurkezpenak, ekitaldiak eta omenaldiak prestatu dituzte astebururako

El Diario Vasco
EL DIARIO VASCODonostia

Udazkeneroko Durangoko azoka eta gero, literaturaren udaberriko plaza bilakatzen da Zarautz. Maiatzaren 10etik 12ra arteko asteburuan egokitu da aurtengo Literaturia, eta hiru agertoki nagusi izango ditu, Musika Plaza, Garoa liburu-denda eta Modelo aretoa. 'Maskara' du aurten ardatz jaialdiak, eta kontzeptu horri lotutako 'Zu naiz, ni zara' da leloa.

Liburu azoka goiz eta arratsaldez egingo dute larunbatean, eta goizez igandean. Prestatu dituzten beste ekitaldiak, haurrentzako prestatuak eta omenaldiak barne, Garoa liburu-dendan izango dira. Etxezabalak hartuko du Ainara Azpiazu 'Axpi'-k eskainiko duen ilustrazio tailerra.

Azokaren ordutegiarekin bat eginik, larunbatean goizez eta arratsaldez egingo dira aurkezpenak, eta igandean goizez soilik. Web gunean aurki daiteke egitarau osoa.

Egunero izango dira emanaldiak Modelo aretoan. Ostiralean, hilak 10, 18:30etik 19:30era, Uxue Alberdiren 'Jenis Joplin' nobelaren irakurraldia egingo dute eta, horren ostean, Paul Beitiak idazleari egingo dio elkarrizketa.

Berariazko manifestua ere badu Literaturiak. Iñigo Astizi eskatu diote, eta ostiralean aurkeztuko da Modelo aretoan, 20:00etan, Andoni Egaña prestatzen ari den 'Bertso-maskarada' aurkeztu aurretik. Literatura, bertsoa, musika eta marrazkiak uztartuko dituen ikuskizunean testuak Egañarenak izango dira; bertsotan Maialen Lujanbio eta Uxue Alberdi ariko dira; Xabier Lizasok jarriko du musika eta Unai Gaztelumendik zuzenean marraztuko du.

'Otto Pette' eleberriaren 25. urteurrena

Larunbateko ekitaldi nagusia, eta asteburukoa seguru aski, Anjel Lertxundiri egingo dioten omenaldia da. Musika Plazan izango da, 12:30an. 'Otto Pette' eleberriaren 25. urteurrena ospatzeko, Patxi Santamariaren performancea eta brindisa txakolinarekinegingo dituzte. Bestalde, hainbat liburu aurkeztuko dituzte Garoan. Besteak beste, Patxi Zubizarretaren 'Julien Vinsonen hegaldia', Ione Gorostarzuren 'Ez da erditzea', Miren Amurizarewn 'Basa', Iñigo Astizen 'Analfabetoa' eta Beñat Sarasolaren 'Deklaratzekorik ez' eleberria aurkeztuko dituzte.

Horrez gain, ipuin-kontaketa egingo du Ander Iruretagoienak Kirol Elkartean 11:30etatik 12:30era; komiki-tailerra izango da Ainara Azpiazu 'Axpi'rekin; itzulpen-tailerra egitea ere aurreikusten da; 'Idazleen gorputzak' mahai-ingurua gidatuko du Eider Rodriguezek, Arantxa Urretabizkaia, Laura Mintegi eta Miren Agur Meabe lagun; eta 'Margolaria' filma ere ikusi ahalko da. Ondoren, Mikel Urdangarini elkarrizketa musikatua egingo diote Karmele Jaio eta Oier Aranzabalek.

Salbatore Mitxelena zarauztarra gogoan

Beste omenaldi bat egingo dute igandean, maiatzak 12. Salbatore Mitxelena zarauztarra, 1919an jaioa eta 1965ean zendua Suitzan, erbestean, hari buruzko mahai-ingurua egingo da igandean, 13:30etik aurrera Modelo Aretoan. Alex Gurrutxaga gidari dutela, Mitxelenaz mintzatuko dira.

«Idazle nahiko baztertua izan zen bere lanean erlijioak pisu handia izan zuelako, baina bere kontsiderazio erlijiosoen atzean beti zegoen kontsiderazio kulturala», azaldu zuen Lertxundik ekimenaren aurkezpenean, nabarmenduz bertsolaritzatik edan zuen sermoilari fina, ahozkotasunean hezitako poeta, «estilistikoki aparta» izan zela, oso kontuan hartu beharrekoa.

Mahai-inguruaren ondotik, Sara Gabirondok, Libe Gastañaresek, Danel Aizpitartek eta Janet Stangerrek Mitxelenaren hainbat poema musikatuko dituzte. Aurtengo edizioa amaitzeko, 'S(u/a)minetik bakera' emankizunaeskainiko dute 17:30ean Patxi Lurra eta Mudoh-ek, bideo, testigantza eta testuen irakurketekin eta Ana Galarraga eta Imanol Epelderen parte hartzearekin.

Aurretik, goizean, Idea Vilariño eta Cesare Paveseri eskainitako Munduko Poesia Kaieren liburukiak aurkeztuko dituzte Garazi Arrula eta Jon Olano Carlos itzultzaileek. Amaia Alvarez Uriaren 'Mayi Pelot', Tupust! Kolektiboaren 'Tuspust!' eta Edu Zelaietaren 'Mundutik mundua' ere aurkeztuko dituzte.

Temas

Euskera