'Aralar: mundua leku den lurra' New Yorken

Aurkezpen prentsa aurreko irudiak. /Monica Rivero / DV
Aurkezpen prentsa aurreko irudiak. / Monica Rivero / DV

'Wildlife Conservation Film Festival' jaialdiak sail ofizialerako hautatu du

El Diario Vasco
EL DIARIO VASCO

Aralarko ondare natural eta kulturalaren leiho izateaz haratago, hausnarketa eta gogoetarako bide ematen duen pelikula da 'Aralar: mundua leku den lurra'. Adituen adierazpenek eta mundu oniriko bateko pasarteek, Nafarroa eta Gipuzkoaren mugan dagoen mendilerro honen balioa ezagutzera ematearekin batera, kontserbaziorako deia egiten du ikus-entzunezko lanak.

Festibal askok 'Aralar: mundua leku den lurra', On Produkzioak eta Landarlan Ingurumen Elkarteak lankidetzan egindako dokumentala lehiaketan onartu dute. Duela aste batzuk bi festibaletarako hautatu zutela jakinarazi zuten: Bilboko XI. 'Festival Internacional de Cine Invisible' jaialdirako eta Saldutiškis hirian, Lituanian, antolatzen duten 'Wolves Independent International Film Festival' jaialdirako.

Ameriketako Estatu Batuetatik dator oraingoan albiste on hau, New Yorketik, zehazki. Bertan ospatuko den 'Wildlife Conservation Film Festival' jaialdiko sail ofizialerako hautatua izan baita. Festibal hau urriaren 18tik 20ra egingo da aurten, New Yorkeko Cinema Village Theater-en.

Wildlife Conservation Film Festival

Festibal honen helburua planetaren historia naturala eta biodibertsitatea mantentzeko lanean ari diren erakunde eta film sortzaileei beraien lana erakusteko aukera ematea da, finean, ikus-entzuleei munduko biodibertsitatearen babeserako beharra eta haren garrantzia helarazi, hauen inspirazio edota konpromezua pizteko esperantzarekin.

Horretarako, urtero zinema jaialdi hau eta hainbat hitzaldi antolatzen dituzte New Yorken, unibertsitate ezberdinetako campusetan eskaintzen dituzten hainbat heziketa programez gain. Bestalde, doako proiekzioak, aurkezpenak eta ekintzaileen harteko harremantzea sustatzeko ekimenak ere egiten dituzte (networking-erako, hain zuzen ere).