Lurpeko laborategia

Canfranceko geltoki ikusgarria birgaitze lanak hasi zirenean. 2021. urterako amaituko omen dira./PABLO OTIN
Canfranceko geltoki ikusgarria birgaitze lanak hasi zirenean. 2021. urterako amaituko omen dira. / PABLO OTIN

Misterioz beteriko lur baten pean bada munduan pareko gutxi dituen leku bat. Bertan, beste inon ezinezkoa den isiltasun kosmikoa lortzen da. Ezer entzuten ez den toki horretan argizagien partikulak ikertzen dituen fisika lantzen da

Begoña del Teso
BEGOÑA DEL TESO

Aragoin gaude. Aragoiko Donejakue bidean. Pirinioetan. Aran batean. Mendi elurtuek inguratua, besarkatua. Canfranc herrian gaude. Askorentzat eski-estazioetarako pasabidea. Besterik ez. Baina Canfrancek hamaika istorio gehiago gordetzen ditu barrenetan. Mugako herri/eremu guztiek bezalaxe. Eta Canfranc Espaina eta Frantziaren artean dago. Orografia zakar, bortitzeko muga-postua dugu. Misterioz beteriko muga. Eta burdin-bidea. 1928an inauguratu zen Nazioarteko Geltokia. Izugarria izan zen lana. Basorik ez zegoen lekuan, basoak sortu ziren. Urik ez zen lekuan ura jario zen. Berdingabeko arkitektura. Egun, geltoki hori askoren miresmena jasotzen duen lekua dugu. Hamaika pelikulatarako eszenatokia bilakatu da. Esaterako, Iñigo Garcia Agirrezabalagaren 'Bi txirulak' filmak baditu eszena egundokoak bertan.

Canfranc eta bere tren geltokia: kristala, porlana, burdina. Erdi-puntuko arkuak eta arbelezko teilatuak. Canfranc, mila istorio: nazien urrea, mugalariak, gizaki eta merkantzia-kontrabandoa. Bi gerratetako iheslariak. Francoren kontrako makiak… Hotz ikaragarria, eski gainean soldaduska egiten zuten gazteak… Canfranc. Hemen inork, ezerk, ez du ez gupidarik, ez errukirik. Canfranc.

Ez da harritzekoa, ez horixe, planetan dauden 12 Lurpeko Laborategietako bat han, Canfranc-en egotea. Tobazo mendiaren azpian. Zenbateko sakoneran? 2.400 metrokoan. Ez da munduko sakonena. Kanadakoa lur azaletik 6.000 metrora dago. Zein da sakonera ikaragarri horren helburu nagusia? Erraza da esatea, zaila oso irudikatzea: kanpoko espaziotik eta lurretik bertatik iritsi daitezkeen interferentzia guztietatik libre, salbo, babesean izatea. Somporteko kaminoa eta Canfranceko burdin- bideko tunel zaharra orain lotzen dituen galeria berrian eraiki zuten Laborategia. Lurpekoa. Mendiaren barneko azalera 16 aldiz biderkatu zuten eta 600 metro karratuko ganga-formako gela berria induskatu.

Lurpeko laborategia, 2016ko argazkian.
Lurpeko laborategia, 2016ko argazkian.

Zeren bila? Zein asmorekin? Badakizue zein den 'Alien' filmeko esaldirik famatuena: «Kanpo espazioan inork ez ditu zure oihuak entzungo». Ba Canfranceko ganga horren azpian are gutxiago, han existitzen den gauza bakarra isiltasun kosmikoa baita.

300 zientzialarik hartzen dute egunero gangarako bidea. Hantxe, gutako inork inoiz entzungo, sentituko, irudikatuko ez dugun isiltasun kosmikoan, inolako, inongo erradioaktibitaterik gabeko ingurunean neutrinoak (gure Unibertsoaren barrena ezer ukitu, ezer aldatu gabe pasatzen diren masa txikiko partikula azpi-atomiko horiek, argia bezain azkarrak –kasik-) ikertzen dituzte. Geodinamikaren nondik norakoak aztertu eta, eta, eta…. Egitasmorik handiena, zailena, buruhauste izugarriak eragiten duena: Unibertso gurearen %25 osatzen duen materia iluna. Misterioz gainezka den materia horren partikuletan egon daiteke gizakiak gizaki denetik bere buruari egin dizkion mila galderen erantzuna: nondik gatoz, zer gara, nora goaz.

Partikula horietako batek sodio-iodurozko kristal batean, batekin talka jotzen duenean sortzen diren bristadetan egon daiteke, bai, arrapostua. Bristada horiek suertatzen dira une horretan partikulak kristalaren gainean uzten duelako bere energia. Izan daiteke bai, erantzuna. Oraindik ez. Ezer ez. Urteak pasako dira. Urteak pasako dituzte ikertzaile batzuk erradioaktibitaterik gabeko isiltasun kosmikoan. Canfrancen. Beste askok, alderantziz, burrunba ikaragarrian. Lurpeko Laborategian burutzen baitira ere Biologiaren inguruko ikasketak. Horietako batek, Geoodyn Proiektuak monitorizatu nahi ditu mugimendu sismikoek eragiten dituzten lur desitxuratzeak. Pirinioetako zati hori Mendebaldeko Europako aktiboenetakoa da eta Laborategiko monitore horiek lur azpian daude; leku aproposa, beraz. Beste ikerketa baterako, azpiko arroka hondeatu dute. Asmoa, kasu honetan ea nolakoa mikrobioen bizitza sakontasun sakonean.

Canfrancen behar zuen izan. Misterioz blai den lurrean. Canfrancen. Lurpean. Isiltasunean ala burrunban izan daitezke gizakiok betidanik izan ditugun hainbat galderako estreinako erantzunak

Temas

Euskera
 

Fotos

Vídeos