'Lumafobia'-ren aurkako kartelak iragarriko du Zinegoak jaialdia

Cassandro el Exótico borrokalaria agertzen da kartelean. Ondoan, Zinegoakeko zuzendari Pau Guillen./ZINEGOAK
Cassandro el Exótico borrokalaria agertzen da kartelean. Ondoan, Zinegoakeko zuzendari Pau Guillen. / ZINEGOAK

«Bakoitzak nahi duen modukoa izatea eta adieraztea» aldarrikatzen duen irudia astearte honetan aurkeztu dute, aurtengo edizioa «lumaz harro» dagoela nabarmenduz

Zinegoak Bilboko Gaylesbitrans 16. Nazioarteko Zinema eta Arte Eszenikoen Jaialdiak aurtengo edizioko kartela aurkeztu du astearte honetan. Otsailaren 18tik martxoaren 3ra egingo den jaialdiak genero-adierazpena landu du kartelaren bidez, aldarrikatuz «bakoitzak nahi duen modukoa izatea eta adieraztea, nahi duen moduan eta nahi duen lekuan».

Kartelaren protagonista nagusia Cassandro el Exótico borrokalari mexikarraren argazki bat da. Cassandro, oso maskulinizatua dagoen eta matxista den borroka libre mexikarrean bere orientazioa zabaldu zuen aurrenetarikoa, hirutan izan da mundu mailako txapelduna. Aurkezpenean Pau Guillen Zinegoakeko zuzendariak nabarmendu duenez, «badirudi gizon eta emakumeek ezarritako arau sozialen arabera bakarrik adierazi daitezkeela, eta baten batek ezarritakoa jarraitzen ez duenean, adjektibo ugari jaso behar ditu: xelebrea, emagizona, desegokia, bitxia…». Hori dela eta, aurten Zinegoakek «luma izatearen harrotasuna» aldarrikatuko du, bakoitzak eskubidea izan behar duelako bere generoa adierazteko, konbentzionalismoak ahaztuz, eta libre eta gustora sentituz.

«Harrigarria da zelan, kolektiboaren barruan ere, batzuetan 'luma izatea' zeozer negatiboa bezala jasotzen da. Azkenaldian 'lumafobia' handitzen ari dela antzematen ari gara, bai kolektibo barruan eta baita gizartean ere. Sexu-aniztasuna gero eta onartuagoa dagoen arren, oraindik orain entzuten dira 'dena ondo dago, antzematen ez zaizun bitartean' bezalako esaldiak». Horrenbestez, Cassandroren argazkiak horri guztiari aurre egiten dio «pertsona indartsu bat» erakutsiz, «bere nortasunaz harro, kontrako testuinguru batean bizi arren».

Argazkiaren egilea Katie Orlinsky da eta 'New Yorker'-erako egindako erreportaje baten baitan agertu zen. Bere argazkia Zinegoakeko aurtengo edizioko irudi ofiziala izango da. Izan ere, Zinegoak Elkarteak sexu-aniztasun, identitate eta generoarekin lotutako kontzeptuak lantzen ditu, sexu-orientazioarekin batera. Orain dela bi urte jaialdian generoa landu zen Muxe baten irudiarekin, eta iaz orientazioa eta gorputzen aniztasuna aldarrikatu zen. Aurten landuko den eremu nagusia genero-adierazpena izango da. Kartelean agertzeaz gain, programazioan ere agertuko da gaia.

Cassandro el Exótico ez da bakarrik kartelean agertuko. Borrokalari honen bizitza eta nortasuna gertuagotik ezagutu ahal izango da Marie Losier zuzendariaren 'Cassandro el Exótico' dokumentalaren proiekzioarekin. Lanak Zinegoakeko dokumental sail ofizialean parte hartuko du, Xixoneko Zinema Jaialdian Zuzendaritza arloko Fipresci saria jaso ostean.

Horrez gain, sail ofizialean konfirmatu den beste lan bat Bertrand Mandico zuzendariaren 'Les garçons sauvages' lana da. Pelikula honek oso kritika onak jaso ditu nazioartean eta Cahiers du cinemak 2018. urteko pelikularik onena dela adierazi du. Saio bi egongo dira; euretariko bat Cineclub FASen lankidetzarekin, otsailaren 19an. Arte eszenikoei dagokionez, Xake Produkzioen 'Lur' umeentzako antzezlana eskainiko da, Bilbon lehenengo aldiz. Hitzordua otsailaren 24an izango da, goizez, Azkuna Zentroan. Lan honek genero-identitatea lantzen du: protagonista Ane da, bulba duen mutila. Zinegoak bere programazioa eta gonbidatuen zerrenda konfirmatzen joango da, eta hilabete barru aurkeztuko dira aurtengo nondik norako.

Temas

Euskera