Lorez jantzia

Hau ez da Santa Maria, Jon Karla, nik ez dut ohean idazten, ez ditut nobelatxo beltzak irakurtzen, txingurritu egiten zait ahanztura eta hatzetan mitxoletak hazten zaizkit, eta zeinen gorriak. Kapildui ez da hemendik pasatzen, badakizu, eguraldiak daukan Jainkoaren begi zoli erraldoi hori, ezen gure lur-muttur honetan mikroklima bat ezarri baitzuten aberrizaleek gerra garaian, Lauaxetaren eta Altzetaren lagun zahar indartsu haiek, eta geroztik hemen beti da udaberri edo negu, hego edo ekialde, arrastiri edo oilarite. Lan bat guttiago, beraz, eguraldia iragartzeko garaian. Gaur zure lagun batekin akordatu naiz, Jon Karla, goizean goizik topatu dut gure etxeko astigar ederretik zintzilik, urkatua, ihintzak irria hormatzen ziola, panpina baten itxura betean beldurgarri. Alejandra zen, Alejandra da, eta zuk badakizu nola esaten zuen, nola idatzi zuen: «Bihar goizean goizik errautsez jantziko naute, ahoa lorez beteko didate, horma baten memorian loak hartzen ikasiko dut, amets dagien animalia baten arnasketan». Eta halaxe aurkitu dut gaur, hemen, etxean, argia urratu arau, berak idatzi zuen bezala, ametsetan lokarturik eta lorez estalia. Milaka lorez apaindua. Berandu, berandu, berandu. Eta minez hautsita diot: entzun izan banio oinotsa, azken negarra, betileen firfira, etortzekoa zela nigana, zerbait. Baina geldo ibili naiz, makal, txori urdinetan soa, poetarik tristeena baino ezdeusago. Erkin gu beti, Jon Karla, laguntzeko garaian. Koitadu ttiki batzuk gara, Alejandraren antzera, eta halaxe izanen gara beti-betiko. Salbamenik gabe.

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Suscríbete los 2 primeros meses gratis

Publicidad