Literaturari buruzko hitzordu nagusietan izango du tokia

'Egunero hasten delako'-ren 50 urteurreneko egutegia apirilaren 23an abiatu zen Donostian, Liburu Eguna zela eta egin zen irakurraldian. Aurrerantzean ere Donostian antolatuko diren literaturaren inguruko hitzordu nagusiek eskainiko diote tartea «euskal nobelara modernitatea ekarri zuen» eleberriari.

Beñat Sarasolak atzo esandakoak dira komatxo arteko hitzak, eta beraxek aurreratu zituen 2019an zehar burutuko diren hainbat jarduera, nabarmenduz beste batzuk ere izango dela, oraindik erabat zehaztu gabe baldin badaude ere.

«Obratik haragoko» irismena izango dute, 'Egunerako hasten delako' eleberri bat baino gehiago delako; «Arantzazuko Biltzarra, euskara batuaren lehen urratsak, Lur taldearen sorrera» eta beste zenbait osagarri dituen «garai baten emaitza» delako, alegia.

Baliteke finkatzeke dagoen egutegiko lehen zita izatea EHUk Donostian egiten dituen Udako Ikastaroetan eskainiko zaion jardunaldi irekia, matrikula-eta behar duten ikastaroetan ez bezala edonork parte har dezakeen saioa. Irailean izango den Poesia Orduak ekimenean, berriz, errezitaldi musikatu bat egingo da eleberrian oinarrituta, eta azaroan egin ohi den Literaktum jaialdian ere eskainiko zaio arreta, ibilaldi literario baten eta mahai-inguru baten bitartez.

Temas

Euskera