Zigor Iturrietak 'Txoriene'n prestatu dituen 80 errezeta

Ereineko a Jose Agustin Iturri, Zigor Iturrieta eta ETBko zuzendari Edu Barinaga./
Ereineko a Jose Agustin Iturri, Zigor Iturrieta eta ETBko zuzendari Edu Barinaga.

Saiora gonbidatu etorri diren lagunekin batera prestatutako platerak 'Txorieneko lau urtaroak' liburuan bildu dituzte

'Txorieneko lau urtaroak' izenburupean liburua argitaratu du Zigor Iturrietak, ETB1eko sukaldaritza saioan prestatu dituen jakiekin. 80 errezeta bildu dituzte eta bakoitza programara etorritako gonbidatu batekin dago uztartuta. Sukaldaritza liburuaren aurkezpena EiTBren Miramongo egoitzan egin da, 'Txoriene'ren etxean, ostegun honetan . Bertan izan dira, Zigor Iturrieta egilearekin batera, Edu Barinaga ETBko zuzendaria, Gorka Garcia ETBko Programa eta Arte zuzendaria, eta Jose Agustin Iturri Erein argitaletxeko ordezkaria.

'Txoriene' saioaren argitalpen honek badu bereizgarri bat: antzinako sukaldaritza liburuetan bezala, errezetak urtaroka sailkatuta doaz. «Lan egiteko modu hau nire aitari kopiatu diot, berak horrela egin zuen beste errezeta liburu handi batean, 'La cocina vasca en Bizkaia'», dio Zigor Iturrietak.

Sasoiko produktuei garrantzia emate aldera, urtaroka antolatu ohi ziren garai bateko liburuak, eta egitura hori berreskuratu du 'Txorieneko lau urtaroak' liburuak. Atal bakoitzean lehen platerak, arrainak, haragiak eta azkenburukoak edo postreak topatuko ditugu.

Bestalde, errezeta bakoitzak gonbidatu baten aurpegia du eta, gehienetan, harekiko harremana ere bai: «Gure gonbidatuek egiten dute berezi programa. Grabaketa egunetan, gure platoa Euskal Herriko edozein elkarte gastronomikotako sukalde bilakatzen da, non, bi lagun aritzen diren beren kontuez solasean eguneko otordua prestatzen duten bitartean», azpimarratu du Zigor Iturrietak.

Gonbidatuarekiko begirunez jokatzen du 'Txoriene' saioak, aurrez berarekin hitz egiten dute, ea zer duen gustuko galdetzeko, ea zer probatu nahi duen esateko edota beraren ogibidearekin lotura duen errezetaren bat aukeratzeko. Hiru urte hauetan Zigor Iturrietak alboan izan dituen lagun guztiak sartzea ezinezkoa izan da eta 80 aukeratu dituzte.

Errezeta bakoitzak QR kode bat darama, errezeta dagoen eitb.eus-eko orrira eramango gaituena. Prestatutako plateraren eta gonbidatuaren argazkia ere badauka.

Liburuaren hitzaurrea Zigor Iturrietaren ikastolako bi irakaslek idatzi dute. Biek ala biek oso gogoan dute Zigorrek sukaldean aritzeko zuen grina: ikaskideak patiora jolasera joaten ziren bitartean, bera sukaldera joaten zen ikastolako jantokiko sukaldariei laguntzera.

2015eko martxoan hartu zuen Zigor Iturrietak (Euba, 1974) 'Txoriene' saioaren gidaritza. Durangoko sukaldari eta mendi lasterkariak gastro-talk izaera areagotu zion ETBko sukaldaritza saioari, solasari garrantzia gehiago emanez. Jatekoa prestatu ez ezik, gonbidatuaren jakinduria modu natural batean transmititu eta zabaltzea dute helburu.

Denbora honetan 600 saio baino gehiago egin dituzte eta ehunka gonbidatu hartu dituzte platoan: kirolariak, kulturgintza arloko jendea, Euskal Herriko elkarte ezberdinetako ordezkariak, jatetxeetako sukaldariak, hornitzaileak...

Temas

Euskera
 

Fotos

Vídeos