'Zertara datoz martetarrak?' liburua kaleratuta, trilogia osatu du Zubeldiak

Ikaztegietako idazlea, trilogiako lehen bi liburuak eskuetan dituela/DV
Ikaztegietako idazlea, trilogiako lehen bi liburuak eskuetan dituela / DV

Benetan klasikoa da 'Euskaldun bat marten' liburua. 2015ean, 'Martetarrak Zarautzen' idatzi zuen gipuzkoarrak, horren segida, eta orain hirugarrena plazaratu du

A. IBARGUTXIDonostia

Abentura pertsonala izan da Iñaki Zubeldiarentzat 'Zertara datoz martetarrak?' liburua kaleratzea. 24 urterekin hasitako bidea itxi du nolabait; 24 urterekin idatzitako 'Euskaldun bat marten' istorioarekin hasitako trilogia itxi du.

Ibaizabal argitaletxearen Matxinsalto bildumaren baitan kaleratu ditu. 'Euskaldun bat marten' 1982an plazaratu zuen lehendabizikoz. Gero, 2015ean, 'Martetarrak Zarautzen' idatzi zuen, eta oraingoan, hamar mila martetarren itzulera kontatzeko istorioa sortu du. Alai Zubimendik egin ditu liburuko ilustrazioak. 8 urtetik aurrerako haurrentzat da liburuxka aproposa.

Lehen liburu horretan, Roswell afera EEBBetan gertatu zenetik, 1947an, alienigenak oso mesfidati ageri ziren lurtarrekin. Tximistaz eta deskarga elektrikoz beteriko ekaitz batean, espazio-ontzi bat erori omen zen Roswell-en eta extralurtar batzuk hil. Amerikarren jokaera ez zitzaien gustatu alienigenei, base militar sekretu batean gorde baitzituzten, inolako enpatiarik azaldu gabe alienigenen gorpu haiek jaso nahi zituzten beren kideekin. Hori dela eta, 1969an, amerikarrak Apolo Xl proiektuarekin buru-belarri aritu eta harro zeudenean, ilargira lehenengo hegaldi tripulatua bidaltzea eta handik bizirik ekartzea lortu zutelako, martetarrak Zarautzera jaitsi ziren lasai, abuztuaren hasieran. Zarautzen onartuak izan ziren izaki nimiño haiek eta mutiko bat, Unai, Marteraino eraman zuten urte beterako.

Orain, 2019an, bake-ituna sinatzeko, bueltan datoz martetarrak Zarautzera. Berrogeita hamar urte igaro dira geroztik, eta 10.000 martetarrek 500 espazio-ontzitan egin dute lehorreratzea Gipuzkoan.

Lau ama-ontzi edo ontzi erraldoi ere ekarri dituzte beren eginkizunak ondo bete ahal izateko. Horien artean, lurtarrekin betiko bake ituna sinatzea, ontzi erraldoi horietako batean. Horretarako, Nazio Batuen Erakundeko egoitza bailitzan atonduko dute ama-ontzia, berrogei mila lagun barruan hartuz. Munduko agintarien artean Putin, Trump, Angela Merkel, Xi Jinping, Kim Jong-Un, Nikola Sturgeon eta beste hainbat izango dira.

Cabarcenoko parke naturalera ere joango dira, eta bertako animalia izugarri horietako batzuk Martera eramateko gogoa azalduko dute. Zarautzen hamabost egunez izango dira, herriko familietan banatuta; ez beraiek bakarrik, zarauztarrek eta ingurura hurbildutakoek ere gozatu ahal izan zuten martetarren sinpatia eta izaera jatorrarekin.

«Alienigena txiki eta jator hauekiko adiskidetasuna eta maitasuna betirako itsatsita geratu dira zarauztarren bihotzetan», ohartarazi du Zubeldiak.

Zarauzko Garoa liburu-dendako Imanol Agirreren bultzadaz sortu zuen trilogiaren bigarren atala. Oraingoan, martetarren azken bidaia jaso du «denon eta batez ere gaztetxoen gustukoa» izango den istorioa sortzeko.

Temas

Euskera