Telesforo, abertzale egin zen aristokrata

1979ko argazkian, Jokin Gorostidi zenaren ondoan. /POSTIGO
1979ko argazkian, Jokin Gorostidi zenaren ondoan. / POSTIGO

Telesforo Monzonen lehenbiziko biografia idatzi du Pako Sudupek, haren bizialdi guztia hartzen duena

FELIX IBARGUTXI

Telesforo Monzonen lehenbiziko biografia publikatu du Txertoa argitaletxeak. Hirurehun orrialdetik gorako liburua idatzi du Pako Sudupek: 'Telesforo Monzon. Aristokrata eta abertzalea. EAJtik HBra: bilakaera politiko-kulturala'.

Zergatik orain halako biografia? Honela azaldu du Pako Sudupek: «Oraingo gazteek jakin beharko luketelako nolako gizona izan zen. Eta ikustea merezi duelako orain dela berrogei urte hemen zer planteamendu zeuden; oraingo Kataluniakoak bezalakoak, baina borroka armatuarekin».

Pako Sudupe (Azkoitia, 1959) Euskal Ikasketetan doktorea da. Urte askoan helduen euskalduntze-alfabetatzean aritua, gaur egun administrazioan, euskararen normalizazioan egiten du lan. XX. mendeko euskal kultura ikertzen eta ezagutzera ematen nabarmendu da, bereziki 50eko hamarkadakoa, eta honako autore hauek aztertu ditu: Nemesio Etxaniz, Andima Ibinagabeitia, Piarres Lafitte, Etienne Salaberry, Eusebio Osa, Jose Luis Alvarez Enparantza 'Txillardegi'…

Pasarte eztabaidatua

Jakina denez, Telesforo Monzonen biografian bada pasarte oso eztabaidatu bat: 1937ko urtarrilaren 4ko gertaerak. Francoren hegazkinek Bilbo bonbardatu zuten eta handik gutxira manifestazio jendetsu batzuk antolatu ziren, jendeak lau kartzela hartu zituelarik eta bertan zeuden hainbat eskuindar hil, berrehundik gora. Orduan, Eusko Jaurlaritzako Gobernazio Saileko buru Monzon zegoen, eta berak zuen ordena publikoaren ardura.

Pako Sudupe, argitara eman duen liburu mardula eskuetan duela.
Pako Sudupe, argitara eman duen liburu mardula eskuetan duela. / MICHELENA

Geroztik hainbat aldiz izan da epaitua. Liburu honetan, Sudupek ez du Monzon erruduntzat jotzen. Idazleak gogorarazten du egun hartan Monzon bulegoko balkoira atera zela eta manifestariei esan ziela bertan behera uzteko protestaldia. Bestralde, ertzainek Bilbotik aski urruti zeukaten egoitza: Getxon. «Asmo batere ez zintzoa» egozten dio Eugenio Ibarzabali, bere 'Días de ilusión y vértigo' liburura ekartzeagatik 1937ko ertzain baten semeak kontatutakoa, alegia, arratsalde hartan siestara joan zela Monzon, ez molestatzeko agindua emanda. «Jelkide batzuek ez diote barkatu Monzoni Herri Batasunara igaro izana», juzgatzen du Sudupek.

Ikertzailearen iritziz, ezaugarri hauek definitzen dute ondoen Telesforo: aristokrata, abertzale etakristaua. Liburuaren aurkezpen ekitaldian, Sudupek gogorarazi du Telesforo, umetan eta mutikotan, etxean bertan izan zuela eskola, eta etxeko kapilaua zuela maisua. Bi izan ziren hezitzaile nagusiak, «bata integrista gipuzkoarra, bestea nafar karlista burugogorra».

Ertzaintzaren sortzaile, besteak beste

Telesforo Monzón Ortiz de Urruela Bergarako Olaso jauregian jaio zen, 1904an. Halako familia aristokratikoan jaio eta bizi izanda, logikoena izango zen Telesforo monarkiko españolista izatea bizi guztian, baina 1930ean Eusko Alderdi Jeltzaleko kide egin zen eta segituan nabarmendu mitinlari gisa.

Hori baino lehenago, gaztaroan, estudiante txarra izan zen. Sudupek liburuan argitzen duenez, 23 urte zituela ekin zion Zuzenbidea ikasteari eta hamar urtetan hamar ikasgai baino ez zituen gainditu.

Esanda bezala, Eusko Jaurlaritza jaiotzean, Agirreren gobernuko sailburu izan zen Monzon. «Berak sortu zuen Ertzaintza, bostehun kide zituela, eta denak euskaldunak», adierazi du Sudupek. «Eta beste gauza bat, hain ezaguna ez dena: berak desegin zuen Guardia Zibila Euskadin».

Gerraostean, Monzon izan zen Eusko Jaurlaritzaren ordezkaria Mexikon. Ameriketatik 1946an bueltatu zen, Donibane Lohizunen jarri zelarik bizi izaten. Familiak aspaldiko harremana zuen hiri horrekin. 1948an, parte hartu zuen Francoren ordez Don Juan agintean jartzeko planean. «Telesfororentzat, garai hartan Don Juanen irtenbidea baino ez zen gelditzen. Baina esatea Monzon monarkiko españolista bihurtu zela, hori iraintzea da», esan du Sudupek.

1953an dimisioa eman zuen. Bi arrazoi agertu zituen: Eusko Jaurlaritzak euskara eta euskal kultura behar adina ez bultzatzea, eta Espainiako errepublika hilari atxikia jarraitzea. 1960ko hamarkadan zehar aldenduz joan zen EAJtik. Alderdi honek kanporatu egin zuen 1977an. Hurrego urtean bat egin zuen Herri Batasunarekin, independiente gisa. 1980ean Madrilgo Gorteetako diputatu aukeratu zuten Gipuzkoatik, baina ez zuen eraikina zapaldu; ordurako pattal zebilen osasunez, eta 1981eko martxoaren 1ean hil zen Baionako Grenet klinikan, miokardio-infartuak emanda.

Temas

Euskera
 

Fotos

Vídeos