Sherlock Holmes unibertsoa, XX. mende hasierako Bilbo industrialean
Xabier eta Martin Etxeberria anaiek 'Medium' (Elkar) ondu dute Iñaki G. Holgadoren ilustrazio eta koloreekin
XX. mende hasierako Bilbo industriala, urte gutxian «erdi mailako herri» izatetik hiri izatera igaro eta populazioa hirukoiztu zuena, «proletalgoa eta langile klasea lehen aldiz» agertu zirena, hautatu dute Xabier eta Martin Etxeberria Garro anaiek 'Medium' (Elkar) komikia kokatzeko. Iñaki G. Holgadok osatu du lana ilustrazio eta koloreekin. Ez da inspirazio bakarra, orriak pasa ahala irakurleak segituan ikusiko baitu Sherlock Holmes unibertsoaren eragina eta honi egindako keinuak. Funtsean, azaldu du Antxiñe Mendizabal Elkarreko editoreak «misteriozko abentura» bat da, «genero beltza» ere esaten denean koka daitekeena eta, nola ez, heriotza bat duena abiapuntu. Hori bai, «alderdi historikoa» ere badu. Mendizabalek oroitu bezala ez da hirukoteak osatzen duen lehen komikia eta, 'Medium' lanean, «literaturan batera edo bestera» pilatu duten «eskarmentua» nabari da.
Ezagutza zientifiko handiko espiritista den Sara Hazparnek alargun aberats baten heriotza aurreikusten du lehenik. Handik gutxira, berau mamu baten esku hiltzen da eta Bilboko urte gogor horiek, «errealitate kaskarra» hura, ondo ezagutzen dituen Dolores neska azkarra eta gogorra, izango du laguntzaile hilketa argitu eta kartzelatik salbatzeko. Nolabait, Holmes eta haren laguntzaile Watsonen pareko. «Sara medium eta espiritista da, Sherlock bezala baditu beste ideia batzuk; Dolores arrazionalagoa da, zientziarekin lotura du», azaldu du Martin Etxeberriak.
Keinuak edo antzekotasunak ez dira hor amaitzen, Holmes unibertsoa ezagutzen duenari ezagun egingo zaion Scotland Yard-eko Lestrade inspektorearekin pareko Estrada inspektorea baitago; eta ikertzaileak Londresen zuen laguntzaile talde hura, kaleko haurrek osatzen zuten 'Irregularrak', hemen Expositoak baitira. Era berean, orriak pasa ahala, irakurleak Doloresi buruz gehiago jakingo du, pertsonaia historiko baten «gaztetasun» keinua baita. Frantziako komikiaren usadioa jarraituz, istorioa amaituta extra bat gehitu dute irakurlea «garaian kokatzeko» eta «pertsonaiei buruzko informazioa» emateko.
'Medium'
-
Egilea: Xabier Etxeberria Garro / Martin Etxeberria Garro
-
Ilustratzailea: Iñaki G. Holgado.
-
Argitaletxea: Elkar.
-
Estiloa:
-
Orrialdeak: 68.
-
Prezioa 19 euro.
Industrializazioa eta hilketaz gain, Xabi Etxeberriarentzat «beste trasfondoa espiritismoa» da, egun «erdi barrezka» ikusten duguna baina XX. mende hasieran indar handia izan zuena eta «bi kontuetarako» balio izan zuena, egilearentzat. Batetik, «hildakoen harremana erlijioaren atzaparretatik ateratzeko», besteak beste Arthur Conan Doyle edo Charles Fourier filosofoa konbentzitu zituena; eta, bestetik, «gizonezkoen baimenik gabe behar izan gabe emakumezkoei elkartzeko baimen edo modua» eman zielako, beti maila sozial batetik gorakoen kasuan. «Espiritismoa feminismoarekin oso lotua dago garai horretan. Bartzelonan izan zen lehen kongresua 1908an eta Europako hiriburu askotan indar handia zuen», azaldu dute.
Ilustrazioen indarra
Donostian egindako agerraldian azaldu dutenez 8-12 urteko irakurleei zuzendua dago, baina «komikia gustuko duten guztiek aurkituko dute beren istorioa». Emaitza hori lortzeko bidean Iñaki G. Holgadok ilustrazioan zein kolorea ematean egindako lana goratu dute biek. «Plazera izan da Iñakirekin berriro lan egitea, beti zerbait egiteko elkarrekin... Eta hau atera da!», ospatu du Xabik. Lehenarekin bat, Martinek gehitu du «luzaz lanik handiera marrazkilariak eta koloreak» izaten duela, biak ala biak Holgadok eginak. «Luxu bat da, bide oso luze eta arrakastatsua dauka Europan eta oso erraza izan da». Aurkezpenean izan da haiekin. Ibilbide horren harira, Mendizabalek ere ekarpena egin du: «Iñaki 90eko hamarkadan hasi zen, gure mugetatik ere atera da, egun muga deitu behar bazaie, eta euskal komikigintzan erreferente eta iparrorratz izan da eta da, beste batzuekin batera»
Bere aldetik, laudorioak itzuliz hasi du hitzartzea Holgadok. «Ez da lehen aldia eta espero azkena ez izatea». Ostean, sektorearen jarduna aldarrikatu eta defendatu du. «Denbora honetan garrantzitsua da komikiak egitea eta gainera modu tradizionalean. %100 Adimen Artifizialaz libre». Hala, xehatu du bere kasuan arkatza eta ordenagailua konbinatuz egin dituela eta, orokorrean kolore «oso monokromoekin» lan egitea gustatzen bazaio ere, kasu honetan haur eta gazteei bideratua denez bestela jokatu duela. «Paleta aldatu dut eta laranja eta morea bezalako koloreak erabili». Azken honekin, gainera, albumak duen feminismo puntua ere sakondu nahi izan du.
Eskertzetan agerraldian publiko artean zen Xabiroi Bildumako Dani Fanorentzat esker hitzak izan dituzte. «Bertan orri batzuk modu autokonklusibo ateratzeko aukera eman izan ez baligu ez ginake hemen egongo».
XIX. mendean girotutako 'Margot', kalean ere
Ez da Etxeberria anaiek kaleratu duten lan bakarra, berriki Arianna Pisaniren ilustrazioekin 'Margot' (Liana) plazaratu baitute. XIX. mendearen bukaeran, Gaskoiniako Landetan, Margot izeneko neska gazte batek zuhaitz baten hazia landatzen du bere amaren hiletaren ondoren «familiako tradizioak» jarraituz. Aldiz, bat-batean «bizitza errotik» aldatu eta ingurua ere molatzen doa pinuen landatze masiboari buruzko lege berriaren ondorioz. «Ipuin tradizionalen giro fantastikoaz blaitua dago istorio osoa», aurreratu dute.