'Sapiens' ekarri dute euskarara Xabier Kintanak eta Andoni Sagarnak

Andoni Sagarna eta Xabier Kintana./USOZ
Andoni Sagarna eta Xabier Kintana. / USOZ

Yuval Noah Harariren liburua, munduko liburu salduenen artean urteak daramatzana, Elkarrek argitaratu du, 'Sapiens. Gizadiaren historia labur bat' izenburuarekin

N. AZURMENDI

Yuval Noah Hararik 2011an argitaratu zuen hebreeraz, eta handik hiru urtera ingelesez, 'Sapiens. A Brief History of Humankind' izenburuarekin, mundu mailan sekulako arrakasta izan zen liburua. Urte berean gaztelaniaz argitaratu zen, izenburuari 'De animales a dioses' esaldia gehitu ziotelarik. Hari ere harrera izugarria egin zioten irakurleek. Harrezkeroztik, 45 hizkuntzatara itzuli da, eta urterik urte liburu salduenen jarraitzen du.

Euskarara ere iritsi da, 'Sapiens. Gizadiaren historia labur bat' izenburuarekin. Elkarrek argitaratu du eta luxuzko itzultzaileak izan ditu: Xabier Kintana eta Andoni Sagarna euskaltzainak. Antxine Mendizabal Elkarreko editoreak aurkezpenean esan duenez, «liburu hau edukitzea lorpen handia da euskararentzat eta zientziaren dibulgazioarentzat».

Liburua, hain zuzen, izenburuak agintzen duena da: gizadiaren historia labur bat, erakusten duena nola nagusitu den gizaki-espezie bat, gurea, 'homo sapiens'-a, beste guztien gainetik. Lau atal nagusitan, iraultza kognitibotik iraultza zientifikora, jakintza arlo ugari landuz -biologia, paleontologia, historia, filosofia...-, «galdera handiei erantzunten die, eta genekiela uste genuen dena zalantzan jartzen du». Eta, batez ere, «jakintza horien inguruan horren beharrezkoa dugun pentsamendu kritikoa» sustatzen du.

Ildo horri heldu dio, halaber, Andoni Sagarnak, liburuaz mintzatu denean, uste baitu «gizartean dagoen hutsune handi bati (pentsamendu kritikoaren faltari, alegia) erantzuna ematen» diola «diziplina guztiak» ukitzen dituen liburuak. Onartu du Sagarnak «gauza asko zalantzan» jartzen dituela Yuval Noah Harariren lanak. Gaztetxoentzat ere gomendagarria irudu zaio, munta handiko gaiei heltzen badie ez baita astuna gertatzen irakurlearentzat.

Liburuaren beste alderdi bat nabarmendu du Xabier Kintanak: egileak lantzen duen munduaren eta historiaren ikuspegi zabala. «Ez gaude horretara ohituta -azaldu du-, guretzat zibilizazioa izan delako europar zibilizazioa, gainerako guztiei erreparatu gabe».

Kintanak eta Sagarnak aurkezpenean azaldu dutenez, itzulpen lana partekatzea ez da oztopo izan. «Orain dela 50 urte askoz ere zailagoa izango zen, baina euskarak gaur egun duen egoerak posible egiten ditu horrelako ariketak». Azken orraztua Ramon Olasagasti kazetari eta itzultzaileak eman dio testuari.

Temas

Euskera