Borrar
Las 10 noticias clave de la jornada
Isa Diaz idazlea Alberdania
'Sano erradikal' poema liburua plazaratu du Isa Diazek

'Sano erradikal' poema liburua plazaratu du Isa Diazek

Iraultzarako deia egin du azken liburuan idazke laudioarrak. «Aldarria artearen mailara eraman» du bertan, azaldu du Jorge Giménez Bech Alberdaniako editoreak

DV

Donostia

Lunes, 6 de julio 2020

Necesitas ser suscriptor para acceder a esta funcionalidad.

Compartir

Poesiaren alderik errebeldeena aldarrikatzen du Isa Diazen azken poesia liburua. Jorge Giménez Bech Alberdaniako editoreak lagunduta egin dute 'Sano erradikal' izenburuko poema-liburuaren aurkezpena. «Mundu hobe eta justuago baten ametsa eta aukera jartzen digu poetak begien aurrean –esan du editoreak–, eta horretarako emakumezkotasuna erabatekotasunez bizitzeko aukera egin duen poeta eta pertsona baten kantua darabil».

Zirrara sorrarazteaz bat, deialdi egitea omen du helburu Diazen poesiak: iraultzarako deialdia, izenburutik beretik argi uzten duenez, baina ospakizunerako eta elkartzeaz gozatzeko deialdia ere bai.

Poetak, bere aldetik, aitortu du heteronormatibitatearen etikatik askatzeko kantua eskaini nahi izan duela, «baina festarako deia luzatzeaz batera, askapen hori irri algaran bilduta gauzatu beharra ikusten baitut, ilargia labe gainean dugularik, hau da, giro pozgarrian, zaratatsuan eta bero-beroan».

Aldarriaren estetika

Poetaren ibilbideari buruzkoak aletzen hasi du aurkezpena editoreak: «Bi sari garrantzitsu jaso ditu Isa Diaz Errenterian bizi den poeta laudioarrak: Ernestina de Champourcin saria 1994an, eta Irun Hiria Saria lau urte geroago». Bi liburu plazaratu zituen sarien garai bertsuan, eta hainbat poesia-bildumatan jaso dute bere hainbat poema.

Ibilbide horretan mugarri berria da 'Sano erradikal' liburua, argitaratzeari dagokionez isilune luze baten ondoren datorrena. Giménez Bechek esan duenez, «aldarriaren estetika baliatu du Isa Diazek isiltasun publikoa urratzeko, eta aldarria artearen mailara eramaten asmatu du».

Garai nahasian datorren liburua dela ere azpimarratu du editoreak: «eta garai honetan are argiago ageri zaigu poesiaren ahalmen sendagarria».

Poeta eta editorea elkarrizketan hasi direnean, Isa Diazek izenburuari buruzko azalpena eman nahi izan du: «'Sano' hitzak dituen bi adierak –'oso' eta 'osasuntsu' alegia– dira egokiak izenburua ulertzeko. Hitz jokoa dago bertan, gizartea errotik aldatu nahi duen jarrera eta metodoa osasuntsua dela adierazteko».

Sorgin-deia

Izenburuaren osagarri gisa, bestalde, 'Ijijiii' oihua dator, eta liburua osatzen duten sei ataletako lehenean eskaintzen dio poetak azalpena emakume irakurleari: «Gauez sorginik ba ote zen jakiteko egiten zunan dei hau, sorginek eurek ere berdin erantzuten omen zitenan».

Hari horri helduta galdetu dio editoreak Isa Diazi iraultzarako eta gozatzeko deia aldi berean egitearen zilegitasunaz. Poetak erantzun du poesiak Edertasuna «hizki larriz» bilatzen duela: «Edertasunak barnean zerbait mugiarazten digu. Zerbait hori zer den ongi azaltzen ez badakigu ere, sentitzen dugu nola emozioak eta sentipenak irauli eta sagar sareen artean dantzan jartzen zaizkigun».

Gozatzeko gonbita ere badela aitortu du poetak, eta, aldi berean, konplizitatez beteriko aldarria egin nahi izan duela, oihu horren bidez. «Baina ongietorri bat ere izan nahi du –erantsi du Isa Diazek– ilustrazio erradikal berri bati diosala egiten diona sei poemaz osatutako lili-sorta batekin, gurean ez dagoelako ongietorririk lorerik gabe».

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios