'Poza', kontatzeko baino gehiago kantatzeko den liburua

Uxue Alberdik jarri ditu bertsoak, Eider Eibarrek ilustrazioak. / MÓNICA RIVERO

Uxue Alberdiren bertsoek eta Eider Eibarren irudiek haurrekin batera gozatzeko moduko proposamena osatu dute

N, AZURMENDI

Luzexka, mehea eta koloretsua da 'Poza'. Uxue Alberdi bertsolari eta idazlearen eta Eider Eibar ilustratzailearen izenak daramatza azalean, Elkarrek argitaratu duen albumak. Ireki eta orriak pasatzen hastean, orrialde beteko ilustrazio txundigarriek irensten dute begirada, eta segituan erreparatzen zaie marrazkiek uzten dieten tokian kokatutako testu laburrei.

Uxue Alberdik idatzitako hamar bertso dira, «zortzi poz diferenteei» jarriak, gehi sarrerakoa eta amaierakoa. Eider Eibarrek ez duenez izan aurkezpenean parte hartzeko modurik, Antxiñe Mendizabal idazle eta Elkarreko editorearekin batera aurkeztu du Alberdik «bizipozari eta jolasari eskainitako liburua», nabarmenduz ilustrazioak direla proiektuaren «gakoa».

Bi harik lotzen dituzte albumaren hamar orrialde bikoitzak: zortzi poz- klaseak «bere gorputzean sentitzen dituen» pertsonaia kaskagorriak eta zomorroek. Izan ere, zortzi poz-mota horiek beste horrenbeste zomorrok islatzen dituzte: tximeletek, kukurutxek, matxinsaltoek, marigorringoek, inurriek, kilkerrek, ipurtargiek eta erleek.

Bertso banatan azaldu du Uxue Alberdik, zortziko txikian, zeri dagokion poz-klase bakoitza. Bertsoak irakur daitezke bere horretan, baina liburua «gehiago da kantatzeko kontatzeko baino». Bertsotan eskarmentu handirik ez daukanak baditu eskura doinu oso ezagunak zortziko txikiari egokitzen zaizkionak; 'Maritxu nora zoaz' edo Orioko balearen bertsoena, esate baterako. Hortik aurrera, mundu bat aukera...

Proiektuak badu bere proposamen musikala, Iban Urizar 'Amorante'k moldatua. 'Poza'-ri egin dioten abestian, bertsoei erritmo gozoa ematen dieten Afrikar kutsuko koru eta perkusioak eta marinbak Urizarren eta Alberdiren ahotsekin jolasten dira. Bideoklipa ere badu. Hasiera batean izan dezake haur txikientzako liburu itxura, baina ez zaio zuzentzen adin-tarte zehatz bati, nahiz eta aurreiritzi hori izan gurean dagoen «album ilustratuaren kultura eskasaren» ondorioetako bat.

Haur literaturan sinesten ez duen Uxue Alberdik azaldu duenez, batik bat partekatzeko eta «haurrekin gozatzeko» den liburu honi «bakoitzak aterako dio gauza desberdin bat». Baita helduek ere, jakina.

Temas

Euskera
 

Fotos

Vídeos