Posible al da sadikoak bergizarteratzea?

Ion Olano Carlos, atzo Donostian./MÓNICA RIVERO
Ion Olano Carlos, atzo Donostian. / MÓNICA RIVERO

1962ko 'Laranja mekanikoa' eleberria euskaratu du Ion Olano Carlosek. Argitalpenak Harkaitz Canoren epilogoa dakar

FELIX IBARGUTXI

Anthony Burgess-en 'Laranja mekanikoa' publikatu du Meettok argitaletxeak. Itzulpena Ion Olano Carlosek (Donostia, 1983) egin du eta ahalegin luze baten ondorio da lan hori. «Hamaika urte eman ditut liburu hau euskaratu nahian. Kazetaritza ikasi nuen hemen, gero literaturaren teoria Bartzelonan. Hanka hautsi nuenez, geldirik egon behar nuen, eta denbora hori probestu nuen itzulpena burutzeko», adierazi zuen liburuaren aurkezpenean. Hauxe du aurreneko itzulpen lana.

Gainera, argitalpenak Harkaitz Canoren epilogoa dakar. Idazle honen ustez, «berreziketaren ezintasunari buruzko liburua» da nobela hau. «Protagonista nagusia, Alex, sadikoa da, baina gizartea ere sadikoa da harekiko», esan zuen Canok aurkezpen ekitaldian. «Galdera da: berez gara gaiztoak?; ala inguruak egiten gaitu gaiztoak? Dilema ez da argitu. Nire ustea da: portaera aldatzea posiblea da; izaera aldatzea, ez. Konklusioa: gure izaera disimulatu dezagun».

Liburua baino askoz ezagunagoa da berorretan oinarritua Stanley Kubrickek egin zuen filma. Jende askok izango du gogoan hango zenbait eszenatan agertzen zen muturreko biolentzia.

Nolanahi ere, Burgess ez zen batere konforme gelditu filmarekin. Bestalde, Kubricken bertsioan ez da argitzen izenburuaren esanahia. Liburuan bai, ordea. Honela dio Olanok hitzaurrean: «Burgessen ideien arabera, erabakitzeko ahalmenik izango ez bagenu, laranja mekanikoak izango ginateke: alegia, organismo bizien itxura dutenak azalez, baina metalikoak direnak mamiz, mekanismoz josiak barrutik».

Idazle oso-oso oparoa izan zen Burges (1917-1993), eta 1962an publikatutako 'Laranja mekanikoa'-k eman zion ospe gehien. Oinarrian benetako gertakizun bat dago: 1944an, Londresen eta II. Mundu Gerra garaian, Estatu Batuetako Armadako lau desertorek eraso egin zioten Burgessen emazteari, eta bortxatu. Haurdun zegoen eta umea galdu zuen, larritasunaren ondorioz.

Liburua irakurtzen hasi orduko, hitz ulertezin batzuekin egiten du topo irakurleak. «Burgessek hizkuntza koktel bat asmatu zuen, hitz asko errusieratik hartuta. Ulermena errazte aldera, edizio honen amaiera aldera Nadsat Hiztegia sartu dugu, 250 hitzez osatua», esan zuen Olanok.

Temas

Euskera
 

Fotos

Vídeos