«Pesimismo irribarretsua» darie Aritz Gorrotxategiren ipuinei

«Pesimismo irribarretsua» darie Aritz Gorrotxategiren ipuinei
AYGÜES

'Ahazten diren gauzak' publikatu du, bederatzi narrazio dakartzan liburua, orain bi urteko 'Zer egingo dugu orain opariekin?' haren B aldea

FELIX IBARGUTXI

Aritz Gorrotxategik (Donostia, 1975) 'Ahazten diren gauzak' eman du argitara, bederatzi ipuineko bilduma. Egileak adierazi duenez, «memoriaren presentzia errepikakorra» da liburuaren ezaugarri nabarmenetako bat.

Aritz Gorrotxategiren hamaikagarren liburua da hau. «Futboleko terminologia erabilita, esan daiteke osatu dudala alineazio bat», esan du. Horietako batzuk ipuin bildumak dira, baina nobela eta poesia ere jorratu izan ditu.

«Ipuin-bilduma hau eta egilearen aurrekoa, 2016ko 'Zer egingo dugu orain opariekin?', sormen prozesu beretik sortuak dira, enbor beretik –adierazi du Gorrotxategik–. Liburuak eta biniloak alderatuz gero, lasai esan daiteke 'Ahazten diren gauzak' aurreko ipuin-bildumaren B aldea dela, jarraipen moduko bat. Orduko hartan ukitu soziala eta krisia ziren nagusi, giza harremanak, denboraren herdoila... Honako honetan ere ezaugarri horiek errepikatzen dira neurri handi batean. Egunerokoan hizpide izaten ditugun hainbat gai jorratzen ditut: lanaren mundua, sexu-jazarpena, etorkinen gaia... Halaber, gai unibertsalagoak ere badira: heriotza, eromena, bakardadea, memoria historikoa...».

Idazkera argiz eta estilo minimalistaz idatzitako ipuinak dira. «Garai batean, ustea zen prosa ilunak beste sakontasun bat zeukala; niri, berriz, iluntasuna ez zait gustatzen, eta estilo argi eta zuzen baten bidez istorio sakonak kontatu daitezke, hor ditugu 'Mamame Bovary' eta 'Ana Karenina', adibidez».

Bukaera ireki samarra dute. «Gustatzen zait idazleari lan hori uztea, istorioaren bukaera irudikatzeko lana». Bestalde, ipuin gehienak «pesimismo irribarretsu halako batez blaituak daude», egilearen ustez.

Etorkinei buruzko bi istorio

Ipuin gehienak gure ingurunean kokatzen dira, baina bildumari izenburua ematen dionipuinak, adibidez, Kioseko uhartera garamatza. Zehatzago esanda, bi ipuinetan aipatzen dira emigranteak. Beharbada, honako liburu honek ukitu goibelagoa du, aurrekoaren ukitu umoretsu eta ironikoaren aldean.

Liburuari hasieran ematen dion ipuinean memoriari buruzko tratatu labur bat idazten duen agure bat ezagutuko du irakurleak. Euskal gatazkaren gorabeherek ere leku nabarmena dute bilduman, angelu ezberdinak bilatzen dituen hurbilketa baten eskutik. Batetik, kartzela giroa hurbil duen bikote baten herdoiltze prozesua agertuko da. Bestetik, 90eko hamarkadaren erdialdeko girora ere hurbiltzen da ipuin bat, manifestazioen eta kontramanifestazioen zurrunbilora. 'Gorroto haut' ipuinak erretzeari utzi nahi dion langile baten odisea apur bat surrealista kontatzen du, iraultzaile xelebre batzuk ere protagonistatzat dituena.

'Erabakia' ipuinean, berriz, lanaz eta saileko arduradunaren sexu gehiegikeriez nazkatuta dagoen emakume bat da protagonista. Lana uzteko kemena bilatzen saiatuko da lantokiko igogailuan. 'Senza te' delakoan, beste emakume batek bere amaren minbizia ezagutuko du gertutik, eztarrian itotzen zaizkion hitzak ezin atera. 'Magrebtarra eta aterkia' ipuinean, «agerian geratuko da hemengook etorkinekiko dugun jarrera hipokrita eta epela», esan du idazleak.

Liburuari izenburua ematen dion ipuinak, berriz, 'Ahazten diren gauzak'-ek, etorkinei lagundu nahi dien Kioseko emakume adindu baten arazoak –eskuin muturreko Egunsenti Urrekara taldearen gorakada dela medio– kontatzen ditu.

Azken  narrazioa 'Bada hor norbait' da. Izenburuan Cortazarri keinu egin dio Gorrotxategik. Istorioak berak, berriz, Gogol idazle errusiarrari egiten dio omenaldi.

Oro har, azken sei-zortzi urteotan zehar idatzitako narrazioak dakartza liburuak. Tartean badira saritutako zenbait ipuin: 'Bada hor nonbait'-ek Ignacio Aldekoa saria jaso zuen 2015ean; eta 'Burua leihoan jarrita' eta 'Guztiok anaiak gara' Gabriel Arestiren sariketan akzesita jasotakoak dira.

Aspaldikoena 'Zergatik ez dute ihes egiten elefanteek?' narrazioa da. 'Hegats' aldizkariaren 38. alean kaleratu zuen; orain dela hamaika urte, beraz.

Temas

Euskera
 

Fotos

Vídeos