«Periferiatik erdigunera» bai, baina «motel» eta erabat burutu gabe
Euskal emakumezkoen literaturak izandako bilakaera aztertu dute EHUko irakasle diren Paloma Rodríguez-Miñambresek eta Jon Kortazarrek
Emakumeek euskaraz sortutako literaturan izan duten ekarpena lehen planoan jarrita belaunaldi bereko idazleen lana eta ibilbidea aztertu dute EHUko irakasle diren Paloma Rodríguez-Miñambresek eta Jon Kortazarrek 'Ahotsak gorpuztuz. Euskal emakumezkoen literatura (1970-1985)' liburuan.
Ikerketa hiru hautaketa-irizpidetan oinarritu da: aukeratutako idazleak 1970 eta 1985 artean jaiotakoak dira eta, kasu askotan, euren lanek beste hizkuntzetara itzulpenak izan dituzte eta 2018 eta 2022 urteen artean Euskadi Literatura Saria eskuratu dute. Liburuaren protagonistak Katixa Agirre, Irati Elorrieta, Maixa Zugasti, Uxue Apaolaza, Leire Bilbao, Eider Rodriguez eta Karmele Jaio dira. Azken hauen elkarrizketa bana ere bildu dute ikerlanean «sormen prozesuaz eta emakumeen identitatearen eraikuntzaz hausnartzeko aukera eskainiz». Hala, aurreratu dute egileek, testu literarioetatik harago, belaunaldi bateko idazleen ikuspegi pertsonal eta kolektiboak biltzen dituzte.
«Liburuaren helburua azken urteotan euskaraz ekoitzi egin den eta gaur egun ekoizten ari den literaturan emakumezkoek kalitate handiko lanak idatzi dituztela azpimarratzea eta Euskal Herrian zein hemendik kanpo jaso duten aitortza horren oihartzuna zabaltzea da. Halaber, idazleen ibilbide literarioari dagokionez, liburu gehiago idazten jarraituko dute, beraz, haienganako arreta piztu behar da, gaur egungo gaiak jorratzen, islatzen dituztelako haien obretan eta gure zeitgeist-arekin (garaiko espirituarekin) lotura egiten dutelako. Beraz, irakurle guztiei interesatu ahal zaizkie lan horiek», dio Rodriguez-Miñambresek.
Editorearen aburuz emakumezko idazleen ahotsek ikusgarritasun handia lortu dute, eta euren lanak izen handiko argitaletxeetan argitaratu dira, «kultura-hedabide garrantzitsuetan harrera nabarmenarekin». Hori dela eta, ikerketak azaleratzen du euskarazko emakumezkoen literatura «periferiatik erdigunera» igaro dela; prozesua, ordea, «motela eta oraindik burutu gabea» da.
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.