Patxi Ezkiaga zenaren azkeneko poemak publikatu ditu Balea Zuriak

Patxi zenaren lankide eta adiskideak, Otxoteko eta Juaristi editoreak eta Amenabarro Legorretako alkatea, atzo Donostian. /MÓNICA RIVERO
Patxi zenaren lankide eta adiskideak, Otxoteko eta Juaristi editoreak eta Amenabarro Legorretako alkatea, atzo Donostian. / MÓNICA RIVERO

Lehengo ekainean hildako poetaren antologia prestatu dute, garai guztietako aleak dakartzana: 'Blues bat bizitzari'

FELIX IBARGUTXI

Patxi Ezkiaga zenaren antologia plazaratu du Balea Zuria argitaletxeak: 'Blues bat bizitzari'. 143 orrialdeko poesia bilduma da eta bertako laurden bat-edo material argitaragabea zen. Argitaletxekoek eskerrak eman dizkiete lasalletarrei, poetaren lan argitaragabeak eskuzabal uzteagatik.

Patxi Ezkiaga Lasa (Legorreta, 1943 – Irun, 2018) joan zen ekainean hil zen. Anaia lasalletarra zen eta ordena honek Irunen daukan etxean eman zituen bere azken egunak. Aurretik, hamarkadatan jardun zuen irakasle lasalletarren Donostiako Loiolako ikastetxean.

Euskal Herriko Unibertsitateak antologia luzea eskaini zion 1994an, Felipe Juaristik eta Felix Marañak paratua: 'Haize hurbila'. Oraingo argitalpenak harrezkeroko olerki asko dakartza, eta Felipe Juaristi eta Pello Otxoteko paratzaileek atzoko aurkezpenean agertu zutenez, «Ezkiaga, askotan, mistika eta erlijioarekin lotu izan dugu, baina antologia honetan ikus daitekeenez, Ezkiaga asko daude, izan ere poema urbanoak ditu, erotikoak, satirikoak…».

Legorretar poeta bizirik zela ekin zioten Balea Zuria argitaletxeko lagunek antologia prestatzeari. «Iruditu zitzaigun merezi zuela horrelako zerbait –esan zuen Pello Otxotekok–. Joan nintzen berarengana eta hau esan zidan: 'Beldurra ematen didate horrelako gauzek'. Irribarrez esan zidan, gizon hark umore handia baitzeukan. Gure esku utzi zuen olerkien aukeraketa, eta gelditu ginen gero berak ontzat ematekotan. Baina ez zen gure aukeraketa ikustera iritsi».

'Blues bat bizitzari' ipini diote izenburu antologiari. Felipe Juaristiren esanetan, «haren poesia oso barrutik ateratzen zelako, bulkada bat zelako», eta, bestetik, kantuzalea zelako. «Tradizio zaharretik datorren azken poeta dugu, eta aldi berean modernitatean txertatua dago. Klasikoak, hangoak eta hemengoak, ondo ezagutzen zituen. Gure poesiaren bluesman autentikoena izan zen», adierazi zuen Juaristik. Sarri jotzen zuen ahoko soinua, eta Otxoteko bisitan joaten zitzaionean joaldi eskaintzen zion.

Imanol Larrinagak egin du liburuaren azala.
Imanol Larrinagak egin du liburuaren azala. / MÓNICA RIVERO

«'Hegats' aldizkarirako elkarrizketa egiteko ere joan nintzaion. Esan zidan entzuna al nuen Leonard Cohenen azken diskoa, eta oso ona zela. Berarekin nengoela kantuan hasten zen, eta esaten zidan nola arbolak besarkatzen zituen. Momentu magikoak ziren».

'Agurra' olerkia

'Agurra' izenburuko olerkiak ematen dio bukaera antologiari. Halako aitortza luze bat da. Erdi aldera, honela dio: «Ez naiz poeta tristea / eta zinez pentsatzen dut / hondakinen artean aurkitzen den esperantza dela / are gehiago ez hondoratzeko bidea». Honela bukatzen da poema hori: «Eta sinesten dut iluntasun guztiak urratzea / baino garrantzitsuagoa dela / bidean aurrera pausoak ematea».

Liburuak, hasieran, Felipe Juaristiren hitzaurrea dauka. Eta bukaera-bukaeran, Maixa Zugastiren artikulua dator. Liburuaren azala, argitaletxe honetan ohikoa denez, Imanol Larrinagak egin du.

Otxotekok aurkezpen-testu luzea eraman zuen atzoko ekitaldirako. Hau esan zuen, besteak beste: «Benetako poeta zen Patxi, idazteko eran eta izateko eran, izan ere, benetako poetek hitzari bizia ematen baitiote, pentsamendua kantua bihurtu eta gizatasuna dantzan jartzen dute. Horixe genuen Patxi, eta are gehiago, maitasunaren profeta. Jose Luis Padronek 'Lizardiren baratzean' esan zuen bezala dena maitatzen baitzuen Patxik, arima zuen guztia eta arima ez zuena ere bai».

Liburuak Legorretako Udalaren laguntza izan du, eta bertako alkate Zelai Amenabarro ere jardun da aurkezpen ekitaldian. Gogorarazi du herriak omenaldi egin ziola Patxiri 2017ko martxoan, eta honek olerki-liburua oparitu ziola jaioterriari: 'Urrutiko lur hauek'.

Bestalde, lasalletarren 'Ihintza' aldizkariak ale monografikoa eskaini die hildako bi anaiari, Patxi Ezkiagari eta Iokin Otaegiri. Patxiri dagokionez, haren lankide izandako batzuek ez ezik, Imanol Irigoien idazle eta margolariak eta Ibon Gaztañazpi kirol kazetariak ere –ikasle izanak– idatzi dute artikulu bana.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos