Nojud Ali, 10 urterekin ezkondu zuten eta dibortziatu zen yemendarra

Carmen Gisasola eta Inazio Mujika Iraola editorea, liburuaren aurkezpenean./
Carmen Gisasola eta Inazio Mujika Iraola editorea, liburuaren aurkezpenean.

Orain dela hamarkada bat sekulako arrakasta lortu zuen liburua argitaratu du euskaraz Ereinek, Carmen Gisasolak itzulia

Nojud Ali Yemenen jaio zen 1998an. 2008an, hamar urte zituela, eskola uztera eta 30 urteko gizonezko batekin ezkontzera behartu zuten. Berak ume izaten jarraitu nahi zuen, baina Nojuden sorterrian ohikoak diren ezkontza goiztiar eta behartuek ez dituzte aintzat hartzen neskatoen desioak, familien interes eta konpromisoak baizik.

Bi urte zeramatzan ezkonduta, ia egunero kolpatua eta ia gauero bortxatua, senarraren familiaren etxetik ihes egin eta epaitegi batean azaldu zen, dibortzio eske. Lortu zuen dibortzioa Shada Nasser abokatuaren laguntzarekin. Aitaren etxera itzuli zen, eta ikasketei heldu zien berriro.

Nazioarteko hedabideek laster eman zuten Nojudek lortutakoaren berri, eta 2008ko azaroan munduko dibortziaturik gazteenak Urteko Emakumeen saria jaso zuen New Yorken, 'Glamour' aldizkariak emana. Nicole Kidman, Condoleezza Rice eta Hillary Clintonekin partekatu zuen ospea. 2009an, Delphine Minoui kazetariaren laguntzaz, 'Moi Nojoud, 10 ans, divorcée' liburuan jaso zituen bere eta bere herrialdeko neska askoren bizipen gogorrak.

Liburuak sekulako arrakasta izan zuen, hogei bat hizkuntzatara itzuli da, eta film ere bilakatu da. Euskarara oraintxe etorri da, Erein etxearen eskutik, Carmen Gisasolak itzulia. 'Nojud naiz, 10 urte eta dibortziatua' Oroimenean barrena sailean argitaratu dute, 176 orrialde ditu eta 17 euroko salneurria.

«Marokoar jatorriko neska frantses batek, Langraitzeko espetxean nengoela, oparitu zidan liburu hau. Udak Marokon igarotzen zituen familiaren etxean, baina mendebaldeko kulturan edo baloreetan txertatuko neska zen. Emakumeen gaia sakonago jorratu eta frantsesa lantze aldera, itzuli egingo nuela erabaki nuen», gogoratu du Gisasolak Donostian egindako aurkezpenerako prestatutako testuan.

Laikotasunaren defentsa ere egin du bere testuan Gisasolak, Nojud eta beste hainbaten patua erlijioarekin lotuta: «Erlijioek balore atzerakoi batzuk inposatzeko indarra izan dute presio sozialaren bidez. Hemen ere, Elizarekin gauza bera gertatu izan da mendeetan zehar. Beraz, ezkontza goiztiarrak eta ezkontza barruko indarkeria ez dira islamaren patrimonio huts. Mendebaldean, asko kostata, askatasun eremuak bereganatuz goaz emakumeok nahiz eta parekotasunera oraindik iritsi ez. Beraz, aurrera begira, ezin ditugu balore atzerakoiak onargarritzat jo emakumearen kalterako direnean».

Nojuden ausardiak balio izan zuen gauzak aldatzen hasteko. Yemenen, ezkontza goiztiarrak dira neskatoek hezkuntzarik ez izateko arrazoi nagusia. Emakumeen %70 analfabetoa da. Nojudek tabu batekin haustea lortu zuen, ohitura ultratradizionala hankaz gora jarrita. Nojuden dibortzioaren ondoren, beste bi neskato gauza bera egiten ausartu ziren Saudi Arabian eta Yemenen; 9 urtekoa zen bata eta 12koa bestea«, gogoratu du Gisasolak. Gainera, «Nojuden dibortzioaren ondoren, 2009an, Yemengo legebiltzarrak ezkontza legea 17 urtetan jarri zuen bai neska et bai mutilentzat. Eta ezkontza hitzarmena epaileak izenpetu behar du».

Nojuden bizitza, ordea, ez da berak espero zuen neurrian aldatu. Ikasi egin nahi zuen, abokatu bilakatu, eta horretarako zen hasiera batean liburuari eta unean uneko famari esker lortutako dirua. Tamalez, Nojuden arazoak ez ziren amaitu. 2013an jakin zen aitak lapurtu ziola dirua (eta beste alaba gazteago baten ezkontza hitzartu zuena, 750 dolarren truke); 2014an berriro ezkondu zen, eta ama izan zen; 2016an AEBetara joan zen tuberkulosia sendatzera, eta Yemenera itzuli zen tratamendua amaitutakoan. Harrezkeroztik zaila da hogei urteko emakume gazte bilakatuta dagoen Nojud Aliren berri izatea. Yemendar gehienak bezala, gerraren ondorioak pairatzen ariko da seguru aski, hamar urte zituenean bezain pobre.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos