Borrar
Idoia Santamaría, 'Ahanzturaren aingerua' (Pamiela) liburuarekin. F. De la Hera
'Ahanzturaren aingerua'

Mugek, hizkuntzen arteko harremanak indarkeriak edo isiltasunak utzitako «oihartzunak»

Idoia Santamaríak Maja Haderlapen 'Ahanzturaren aingerua' itzuli du Pamielarentzat, Eslovenia eta Austria eta XX. mendeko bigarren erdia giro dituen eleberria

Jon Agirre

Donostia

Ostirala, 21 azaroa 2025, 09:05

Comenta

Mugak, hizkuntzen arteko harremanak, indarkeriak eta, batez ere, aipatutakoek norberarengan eta ingurukoekin ditugun harreman edo ez-harremanetan, isilunetan, utzitako markak lantzen ditu Maja Haderlap idazle esloveniarraren 'Ahanzturaren aingerua' (Pamiela) eleberriak, argitaletxearentzat Idoia Santamaríak euskaratu duena. Lander Majuelo editoreak esan zuenez, liburua itzultzea «oso interesgarri» egiten zitzaien, baina ez soilik «paralelismo sinpleak egin daitezkeelako Euskal Herriarekin, gatazka sortzen duten gai batzuekin -hizkuntza, erlijioa, klasea, etab.- antzekotasunak daudelako». Agerraldian izan zen haiekin Beñat Sarasola idazlea, prozesuan lagundu diena.

Istorioa Austria hegoaldean, Karintian, kokatua bada ere eslovenieraz hitz egiten duen eta alemanez ozta-ozta»-hotza moldatzen den landa-inguruneko komunitate bat du giro. «Mugaz inguratutako lurralde bat da, Italia eta Eslovenia, eta kultura eta hizkuntza nahasketa handia dago», kokatu zuen Haderlapek. Bertako hiru emakume belaunaldiren istorioa azaltzen du horietatik gazteenaren, bilobaren, ahotik, pasa den mendeko 60. hamarkadan hasita eta 2000 urteak-edo arte. «Urte asko pasa diren arren II. Mundu Gerra amaitu zenetik, oihartzuna oso presente dago. Horrek utzitako ezinikusiak». Horiei gehitu zizkien Majuelok «errepresioa, aurre egin ziotenen bizipenak eta herrietan geratu zirenen sufrimendua», baita horiek denak «familietan nola mantendu den, zer isildu eta zer aipatu den»

Hala, bi atal nagusi ditu 'Ahanzturaren aingerua'-k itzultzailearen hitzetan. Batetik, protagonista eta narratzailea neska txikikoa denekoa. «Ume horren eta amonaren arteko harremanaren bidez egiten du aurrera istorioak». Bigarrena, protagonista koskortu denean, lehenik Karintiako hiriburura doa ikasketak egitera eta, ostean, Vienara unibertsitatera. «Ahotsa gero eta konplexuagoa da, gero eta kontraesan gehiago azaltzen dira, familiarekin, herrialdearekin zein hizkuntzarekin lotuak». Ahots horren bilakaeran gakoetako bat orainaldian idatzia izana da donostiarrarentzat. «Hasieran haur baten begiradatik hitz egiten du, heltzen doa eta ahotsa ere, emakume heldu baten ahotsetik amaitu arte. Literarioki oso interesgarria da». Atal batean zein bestean «hots handiko gaiak literaturaren zerbitzura» daudela goratu zuen Sarasolak , idazleak ederki «artikulatu zituela. Gozatu handia hartu dut liburua irakurtzen, bai tematikoki bai nola idatzia dagoen, bertute asko dituela uste dut».

Maila handiko lana

Lanaren kalitatea goratu dute hiruek eta horren adibidetzat eman Ingeborg Bachmann saria eskuratu zuela. «Oso azkar egin zen ezagun eta berehala itzuli zen hizkuntza askotara». Horietako lau izan ditu Santamaríak alboan kontsultarako: edizio frantsesa, ingelesa, gaztelaniazkoa eta italianoa, «denak 2011 eta 2016 artean argitaratuak».

'Ahanzturaren aingerua'

'Ahanzturaren aingerua'
  • Egilea: Maja Haderlap.

  • Itzultzailea: Idoia Santamaría.

  • Argitaletxea: Pamiela.

  • Orrialdeak: 248.

  • Prezioa: 22 euro.

Itzulpen prozesura azaltzerakoan kontatu zuen deskribapenei «beldur handi samarra» diela eta justu 'Ahanzturaren aingerua' lanean «natura deskribapen ugari» dagoela. «Austriako Alpeetan kokatua dago, basoa bera pertsonaia da, baina ez idilikoa, gogorra baizik partisanoek ahal dutenean bertara ihesi egiten dutelako». Hala, sentipen horiek islatzerakoan eta irakurleari sentiarazterakoan adjektibo ugari baliatzen ditu Haderlapek, «lagun traidoreak» Santamaríaren hitzetan, «asmatzen baduzu berez doalako kontakizuna, baina bestela paragrafo horrek kartoizkoa dela ematen duelako, ez delako sinisgarria».

Bigarren erronka narratzailearen ahotsa eta tonua alemanetik euskarara ekartzea izan da, bai lehen atalean hau umea denean eta amonarekin duenean harremana eta ostean, hirugarren atalean, emakume heldua denean. «Hausnarketetarako erabiltzen duen hizkuntza egokitu behar zen euskaraz ondo enkaxatu zezan».

Orain arteko euskaratzeekin ezberdintasun argi bat nabarmendu zuen Santamaríak, lehen aldiz bizirik den egile baten lana izan baitu esku artean eta «zalantza pare bat» kontsultatu ahal izan dizkiolako emailez. Bereziki Karintiako historiako pasarte batean, zeina aipatutako lau bertsioetan modu ezberdinean itzuli zen. «Konturatu nintzen bakoitza ahal izan zuen modura atera zela ataka hartatik. Iruditzen zitzaidan zerbait falta zitzaidala, ironia puntu bat ikusten nion nik ulertzen ez nuena». Egileak arrazoia emateaz gain emandako testuinguruagatik jakin ahal izan zuen garai batean esloveniarren errolda egiteko moduarekin zuela zerikusia. «Azpikeria bat adierazi nahi zuen zuzenean esan gabe eta esan zidak haiek ikusiz konturatu zela bertako ez zen batentzako iluna zela, esplizituki ez zelako esaten».

Hizkuntzaren hautua

Antzekotasun edo paralelismo horietan hizkuntzaren hautua da beste bat. Egileak 2011n kaleratu zuen, alemanez, ordura arteko lanetan -bi poema-bilduma eslovenieraz- ez bezala. Santamaríak Haderlapen hitzak zitatuz xehatu zituen arrazoiaren zergatiak. «Istorioa eta iragan traumatiko hura kontatzeko behar zuen distantzia ematen» omen zion, hau da, Karintiako gutxiengo esloveniarra espazio germanofonoan nola bizi zen, baita «halako gatazkak kontatzen direnean erabili ohi den hizkuntza politiko edo aldarrikatzailetik urrundu» nahi zuela.

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco Mugek, hizkuntzen arteko harremanak indarkeriak edo isiltasunak utzitako «oihartzunak»

Mugek, hizkuntzen arteko harremanak indarkeriak edo isiltasunak utzitako «oihartzunak»