Mugagabe izan ezin denari eskainitako olerki bilduma

Beatriz Chivite idazlea, liburua esku artean duela/Lobo Altuna
Beatriz Chivite idazlea, liburua esku artean duela / Lobo Altuna

Mugen gainetik eta talka egitearen inguruan idatzi du Beatriz Chivitek 'Mugi/atu' poesia liburua

Amalia Ibargutxi
AMALIA IBARGUTXIDonostia

Nomada izatea mugen gainetik mugitzea izan daiteke; mugen aurka talka egitea ere bada, ordea, mugitzearen ondorioa. Gaurtasun handiko gaiari heldu dio Beatriz Chivite Ezkietak azken olerki liburua sortzeko, 'Mugi/atu' izenburuduna. Errefuxiatuen Europa mugaz josia eta berak, bertako pasaportea duenak, ezagutzen duen kontinente adeitsu eta zabalaren arteko talka gordina jaso du bertan. Bere «kontraesan eta pribilegioak» azaleratzen ditu liburuak, «ikuspegi propiotik» sortutakoa den heinean, ohartarazi duenez.

Eslovenian idatzi du gehienbat, 'Other Words-Beste hitzak' antologia libururako poemak idazteko egindako egonaldi artistikoan. Euskaraz plazaratutako hirugarren liburua du nafarrak. 2017an kaleratu zituen 'Pekineko kea' eta 'Biennale'. Beraz, Jose Angel Irigaray Pamielako editoreak azaldu duenez, ez da hasiberria.

«Hizkuntza sintetikoa du, apala», azaldu du Irigarayk, «baina nabari zaio hizkuntzarekin landutako harremana, hizkerarekin jolasteko gaitasuna», hain zuzen. «Poetika fina da, ironia zorrotza, pertsonala eta kolektiboa era berean». Liburuan lanean hasi zirenetik eragin zioten zirrara olerkiek, eta baita haize bolada freskoaren sentipena ere. Halaber, editoreak azpimarratu du aurkezpenean Chiviteri Ekialdeko ekialdeko literaturaren eragina sumatzen zaiola, eta urruneko hirietan topatutako emozioen exotikotasun erakargarria.

Ez da naturaren inguruan idazten duen idazlea, hiritarra da bere literatura. Zebra-bideak, hegazkinen aztarnak, limoizko poloa, iskanbila eta igerilekuak, plastikoa eta bulegoa agertzen dira liburuan.

Filologia Txinatarra eta Ekialdeko Artearen Historia ikasi ditu Londresen. Espainiak Jakartan duen enbaxadan egin du lan kultur kudeatzaile gisa, eta amaitu berri du Europako ekialdean burututako egonaldia.

Idatzi du kontinente desberdinetatik ingelesez, gaztelaniaz eta euskaraz. Horrelakoetan gertatu ohi denez, inon ez da sentitzen bertakoa, nahiz eta edozein leku egin dezakeen bere. Horrek eraman omen du euskaraz idaztera. Mugimenduan sentitzen da erosoen, eta hizkuntzak ditu etxe. Horregatik atera zitzaion euskaraz idazteko joera mugen joan etorrian.

Eslovenian bizitzean, Euskal Herriaren eta Jugoslaviaren historia eta lurralde garapenean antzekotasunak topatu ditu, eta liburuaren oinarrian jarri. Gainean, gainerako desberdintasun denak. Egileak aurkezpenean azaldu bezala, liburu «pertsonal eta politikoena» izan da.

Chivitek berak adierazi duenez, azken 13 urteetan 10 herrialdetan bizi izan da. Horregatik du nomadatzat bere burua.

Testuak eta irudiak

Editoreak nabarmendu nahi izan duen beste ezaugarrietako bat Chiviteren testuen «plastikotasuna» izan da, sortzeko gai den iruditegia.

Hainbat collage tartekatu ditu Chivitek olerkien artean. Liburuko azala ere berak sortutako paisaia da, kolore eta testura ezberdinek osatzen duten itsaso tankerakoa. Hain zuzen, collage horiekin alderatu ditu testuek duten soiltasun eta sakontasun aldiberekoa. Hasiera batean sinpleak dirudite, baina geruza eta iradokizunak osatzen dituzte.

Chiviterentzat osagarri dira collageak. Literaturatik aldentzeko eta jorratutako gaian sakontzeko aukera eman diote aldi berean, solasaldi artistiko bat garatzen laguntzen diotelarik.

Azkenean, lortu du frogatzea izenburuan jaso duen ideia, liburua zeharkatzen duena -ondorioztatu du Irigarayk-, «hegaztiak ere ehiztarien gainetik pasatzen diren moduan». Mugagabea izatea zaila da oso, mugitzea oso mugatuta dagoen gizarte honetan.

Temas

Euskera