«'Miren eta erromantizismoa' gure institutuan gerta zitekeen»
Gaztez inguratuta eta haiekin solasean aurkeztu zuen Ramon Saizarbitoriak Donostian bere azken nobela
Orain dela 50 urte, 24 zituela, edadeko pertsona baten ahotik hitz egin zuen Ramon Saizarbitoriak 'Egunero hasten delako' bere lehen nobelan. 74 dituen honetan, 17 urteko neska gazte baten ahotsa aukeratu du, 'Miren eta erromantizismoa' eleberriaren haria eramateko. «Atsegina eta erraza» gertatu zaio Mirenen ahotik mintzatzea, «gustura» sentitu da Schubert eta aspalditxoko filmak maite dituen ikasle liburuzalearen azalean, nahiz eta izan dituen horrela jardutearen inguruko kezkak.
Mirenekin batera protagonista nagusitzat jo daitezkeen Klara eta Said ere gazteak dira, 17-18 urteko neska-mutilak, nerabezaroaren eta gaztaroaren arteko muga irristakorrean dabiltzanak. Atze-oihal gisa oraindik euren bizitzetan eragin handia duten denetariko helduak dituzte: gurasoak, gurasoen bikotekideak, irakasleak, osabak... Maitasun istorio bat partekatuko dute –ez aldiberekoa, ondoz ondokoa baizik–, eta enbor horretatik irtengo dira puri-purian dauden hainbat gai garatzen lagunduko duten adarrak: arrazismoa eta xenofobia, genero indarkeria, terrorismoa, klasismoa, integrismoa, erlijioa, kultura, sexu harremanak, heldutasunerako bidean dauden horien eraikuntzari lotutako arazoak...
Gazte literaturatik urrun
Erein etxeak aldi berean euskaraz eta gaztelaniaz argitara eman duen nobela, edonola ere, ez da gazteentzako liburu bat. «Ez dut kolektibo batentzat idazten, are gutxiago praktikatzen dut generoa. Ez dut idatzi gazteentzako, ez naiz saiatu haientzat interesgarria izan zitekeena idazten, eta ez dut inongo esfortzurik egin gaurko gazteen hizkera imitatzeko», esan zuen Saizarbitoriak atzo, Donostian egin zen aurkezpen ezohikoan.
Euskaraz eta gaztelaniaz aldi berean argitaratu den eleberrian gazteak dira protagonista nagusiak, baina ez dago propio gazteentzako idatzia
Biziki estimatu zioten horrela jokatu izana aurkezpena ezohiko bilakatu zuten neska eta mutil gazteek: Miren, Klara eta Said fikziozko adinkideak bezala, 2. Batxilergoko ikasleak, irakurzaleak denak, eta analista finak. 'Miren eta erromantizismoa' ondo landuta eta xehatuta erakutsi zuten hari buruzko iritziak kazetariekin partekatzerakoan. Ezjakintasunez, arinkeriaz edo paternalismoz maiz ukatzen zaien heldutasuna ere erakutsi zuten. Tamalez, lerrook finkatzen duten mugetara makurtzeko zabalegiak eta aberatsegiak izan ziren haien ekarpen eta arrazoibideak.
Besteak beste, autoreak berak bezala, gogotik kritikatu zituzten DBHn zein Batxilergoan ikasleei proposatzen zaizkien irakurgaiak. «Irakurtzea gustatzen ez zaion jendearentzat ez dira aproposenak», izan zen iritzietako bat. «Guk irakurri behar ditugun liburu denak gerrari, gerraosteari eta frankismoari buruzkoak dira». «Gure institutuan, berriz, maitasunezkoak». 'Gazte literatura' edo dena delakoari buruzko balorazio orokorrak ez ziren askoz hobeak izan. «Nobela hau irakurtzen duzunean horretatik aldentzen zara» esan zuten, berriz, 'Miren eta erromantizismoaz' mintzatzean.
Ez pentsa ordea dena idazlearekiko losintxa eta laudorio izan zenik. Bizpahiruk aitortu zuten «infantilegiak» iruditu zitzaizkiela liburuaren hasiera eta idazleak institutuko giroaz duen ikuspegia. «Badago pertsonaia bat klaseko guaia izan nahi duena, eta denek izan nahi dute haren lagunak. Gure artean ez da horrelakorik gertatzen. Bakoitzak du bere nortasuna, desberdinak gara, eta nork bere bidea egiten du».
Maitasuna eta zoria
Pertsonaietan islatzen den aniztasuna da, edonola ere, gehien estimatu duten ezaugarrietako bat: «Ikustea zein puntutaraino daukan bakoitzak bere historia». «Zein desberdinak diren batzuen eta besteen bizitzak». «Nola gurutzatzen diren haien bideak». «Zoria», behin eta berriro azaldu zen hitza; zoria oraindik hastapenetan dauden bizitzen gidari.
Protagonista nagusien bizitzak desberdinak dira oso. Aberaskume kaskarin klasista; aurreiritziei jaramon egiten ez dien neska burutsu eta adeitsua, Pascal filosofoa eta Rohmer zinemagilea naturaltasunez aipatzen dituena; marokoar jatorriko mutil azkar eta guapoa, 'mairua' eta 'susmagarria' hala ere.
Denek, inguratzen dituzten helduek barne, bizitza konplikatuak dituzte, muturreko egoerak ere nozitu dituzte, eta nozitzen dituzte hainbat kasutan. «Erakusten du zein puntutaraino daukan bakoitzak bere trasfondoa, guztiok izan dugu lagunen bat horrelako egoeratan».
Istorioaren motorra maitasuna da, eta horren inguruko gogoeta ere egin dute. «Zer den maitatzea, nola maitatu daitekeen. Klararen erara edo Mirenen erara». Ez dira horretan gelditu, ezta gutxiago ere. Idazleak luzatu dituen hari guztietatik aritu dira tiraka, probetxuz aritu ere. «Mirenek bere buruari egiten dizkion galdera filosofiko horiek pentsarazi egin didate». «Ez nituen ezagutzen aipatzen zituen filmak, baina ikusteko gogoz gelditu naiz». Sinesgarritasunari dagokionez, lasai egon daiteke idazlea. Honatx ondorioetako bat: «'Miren eta erromantizismoa' gure institituan gerta zitekeen».