Jon Miranderen bost gutun adeitsu eta zenbait testu deseroso
Euskarara ekarri gabeko artikuluak eta Telesforo Monzoni idatzitako eskutitzak berreskuratu ditu Deabruaren Eskolak
nerea azurmendi
Asteazkena, 4 urtarrila 2023, 19:18
Ez zuen gutxi idatzi Jon Mirandek, eta hari buruz ere asko idatzi izan da. «Asko eta ondo, baina asko eta gaizki ere bai», Irati Jimenez eta Esteban Montoriorekin batera orain dela bi urte Deabruaren Eskola sareko abentura literarioa abian jarri zuen Mikel Sotoren hitzetan.
1925ean zuberotar jatorriko familian Parisen jaio eta 47 urte zituela hiri berean bere buruaz beste egin zuen idazlearen heriotzaren 50. urteurrenean -1972ko abenduaren 28an hil zen, eta handik egun batzuetara aurkitu zuten gorpua- , Deabruaren Eskolak geruza berri bat gehitu dio Miranderen ezagutzari, euskarara ekarri gabe zeuden bederatzi testu eta gaztaroko bost gutun berreskuratu baititu.
1962tik –berriki zendu den Tomin Peillenekin batera Parisen 'Igela' aldizkaria sortu zuen urtetik, alegia– 1965ra bitartean argitaratuak dira testuak. Frantsesezko bat izan ezik, bretoieraz idatzita daude, eta Goulven Pennaod militante eta idazle bretoiarekin batera Mirandek berak sustatu zuen 'Ar Stoumer' aldizkarian argitaratu ziren. Bi urratsetan iritsi dira bretoieratik euskarara. Lehena, bretoieratik frantseserakoa, Padrig an Habask itzultzaileak egin du, eta testuak frantsesetik euskarara ekartzeaz Joxe Austin Arrieta, Edorta Jimenez, Jon Alonso eta Bego Montorio arduratu dira.
Zeltiar jatorriko hizkuntza ia denak eta beste asko menderatzen zituen Mirandek bretoieraz idatzitako lan horiekin batera, 1948 eta 1957 urteen artean Telesforo Monzoni euskaraz idatzi zizkion bost eskutitz berreskuratu dituzte, Monzonen eta haren familiaren funtsak gordetzen dituen Olaso Dorrea Fundazioaren laguntzari esker.
Denen eskura
Bere horretan, ekarpen handia da Deabruaren Eskolaren webgunean 'Mirande inedito' atalean irakurgai dagoen testu-sorta, baina betidanik Mirandezalea izan den eta «ideia sinple batetik» sortu zen proiektuari bi urte eman dizkion Mikel Sotoren azterketek egiten dutena ez da eskasagoa.
Miranderen garaiko testuinguruan ez ezik, haren gainean esan eta idatzi direnen kontestuan ere jarri ditu testuak Mikel Sotok, nabarmenduz, Joxe Azurmendik idatzi bezala, Mirande izango dela, seguruenik, «euskal literaturan bere obra eta beraren artean pertsonalizazio handiena jasan duen» idazlea. Horrez gain, Sotoren testuek Mirande ezagutzen jarraitzeko bide ugari proposatzen dizkiote irakurleari.
«Mirande faxista bat zen, beraxek esaten du, baina testu hauek laguntzen dute ikusten nolakoa zen bere faxismoa»
'Ar Stoumer'-en bretoieraz argitaratutako testuak zein frantsesezko 'Témoignage vascon' banaka aztertu ditu. 'Adiskide maitea' izenburua duen analisi bakarrean bildu ditu, berriz, euskara bere kabuz ikasten 20 urterekin hasia zen eta euskaltzaletasuna eta abertzaletasuna pizten ari zitzaizkion Mirande gazte baten lekuko diren gutunen ingurukoak. Gutun garrantzitsuak, Sotoren ustez, besteak beste «1948 eta 1953 urte bitartean Miranderengan gertatzen den pentsamendu aldaketa erradikalaren aurrekoak direlako eta, beraz, berehalako gerraostearen Jon Mirande abertzale kristau eta demokratarenak direlako».
«Tabuak urratu nahirik, une guztietan aurkitzen zuen probokatzeko aukera, bere onerako eta bere txarrerako»
Oso bestelakoa da 60ko kamarkadako Mirande; oso bestelakoa izaten jarraituko du hil arte. Bestelakoa, deserosoa eta, zenbaitek harekiko adiskidetasunari eutsi bazioten ere, baztertua eta gaitzetsia maiz, nahiz eta inork ez duen jartzen zalantzan Miranderen maila literarioa eta euskal letren moderninazioan izan zuen rola.
'Ar Stoumer'-en argitaratutako testuetan Mirandek ez du ezkutatzen bere jite faxista eta arrazista. Irati Jimenezek atzo Donostian egin zen aurkezpenean adierazi zuen moduan, artikulu, poema eta gutunek «argi handia ematen diote bere lirikotasunari, eta pertsonaren gainean ere asko esaten dute». Politikari dagokionez, «Mirande faxista bat zen, beraxek esaten du, baina testu hauek laguntzen dute ikusten nolakoa zen bere faxismoa, ze faxista mota zen».
1970ean argitaratu zen 'Haur besoetakoa' nobelaren ondorioz pederastiaren itzala ere izan du gainean Mirandek. Bost urte lehenagokoa da Goulven Pennaod-ekin batera idatzitako 'Gure printzesa ttipi beltzari' poema, non zenbaitek 11 urteko neskatila baten bortxaketa ikusi nahi izan zuten. Sotok, ordea, pasarte zehatz horretan zurrutak areagotutako idazlearen izaera probokatzailetik begiratu dio, gogoratuz Mirandek «tabuak urratu nahirik, une guztietan aurkitzen zuela probokatzeko aukera, bere onerako eta bere txarrerako». Joxe Austin Arrietak esan bezala, alegia, «zenbait gauza irakurtzea gogorra egiten da, deserosoa da, baina horrek ez dit Miranderenganako miresmena lausotu».