Mikel Ayestaran: «Gazari buruz idazten jarraitu behar dugu, bestela ahaztu egingo ditugu»
Kazetariaren azken liburua euskarara ekarri dute, zerrendaren historia eta bertako biztanleen istorioak biltzen dituena
Bere libururen bat euskaraz ikusteko gogoa zuen Mikel Ayestaranek eta Alberdaniak nahi hori posible egin du. Apirilean argitaratu zuen kazetari beasaindarrak Gazako zerrendaren iragana eta oraina bere ikuspegi «pertsonaletik» aztertzen duen lana ('Historias de Gaza. La vida entre guerras'). Orain, Ibon Plazaola itzultzaileak euskarara ekarri du autorearen pozerako. «Hemen Ekialde Hurbileko gaien inguruan interes handia dagoela sumatu dut etorri naizen bakoitzean eta aberasgarria iruditu zait euskaraz egiteko apustu hau», aitortu zuen Ayestaranek liburuaren aurkezpenean. Lan hau euskaraz irakurri ahal izatea «albistea bikaina» dela iritzi zuen Oier Etxebeste Alberdaniako editoreak.
'Gazako istorioak. Bizitza gerren artean' liburuan, Ekialde Ertaineko gatazketan eskarmentua duen kazetariak –20 urte dira bertan lanean diharduela eta DV-ko korrespontsala ere bada– Gazako historia azaltzen du, hiru mila urte baino gehiagokoa, «gogoratu behar delako», baina batez ere zerrendako gerraren itzalean bizi diren biztanleen bizitza, sufrimendua, baina baita duintasuna eta itxaropena ere kontatzen ditu. «Gaur egun zenbaki bat bihurtu ditugu, hildakoen datuarekin geratzen gara, baina nik liburuan izenak eta beraien istorio txikiak kontatzen ditut», gogoratu zuen kazetariak. Bidaietan bi libretarekin ibiltzen dela kontatu zuen, «bata liburuarena eta bestea notak hartzeko erabiltzen dudana». 2023ko urrian gerra hasi zenean «bai edo bai» liburua idatzi behar zuela erabaki zuen eta Gazako libreta atera eta bi hamarkadetan bildutako datu, gertaera eta izenak berreskuratu zituen. Ibon Plazaolak azaldu zuenez, bere egitekoa «izen bakoitzari euskaraz izana ematea» izan da, «Gazan gertatutakoak ahantz ez daitezen eta inork isilaraz ez ditzan».
Hogei urte hauetan Gazarekin «oso harreman pertsonala» izan du Ayestaranek, hainbatetan izan baita bertan. Ez ordea azken urteetan, bertara sarrera debekatu duelako Israelek. Su-etena adostu badute ere, prozesua «une delikatuan» dagoela uste du, eta arazo sakonak ez direla konpondu, «akordio kosmetikoa» izan dela. «Negoziazio sakon bat behar da eta hori ez dute egin».
Mikel Ayestaran «multiformatutan» lan egiten duen kazetaria da –irrati, telebista, egunkari eta sare sozialetan moldatzen da– eta orain liburuak ere idazten ditu, kazetari bezala «egin beharreko» zerbait dela uste baitu. «Kanpoan dabiltzan kazetariei esaten diet ondo dagoela eguneroko informazioak eta albisteak ematea, baina gero bai edo bai idatzi egin behar da, hor geratu dadin». Liburuaren formatuan «oso eroso» sentitzen dela aitortu zuen, «eguneroko kazetaritzan egiten ez dudana egiten dudalako». Eta idazten jarraitzeko beharra aldarrikatu zuen, batez ere Gazari buruz, «edozein formatutan, hori eskatzen didate gazatarrek, bestela ahaztu egingo ditugu, ukrainarrekin gertatu zaigun bezala». Ukrainako libreta oraindik hor duela zain aitortu zuen.