Martxelo Otamendi, «handira jotzeko kazetariaren» ibilbidea jaso dute
Garbiñe Ubedak 6-7 saiotan egindako elkarrizketekin ondu dute tolosarraren biografia, iritzi-artikulu eta argazkiekin osatua
Duela bi urte, 2023an, Martxelo Otamendik (Tolosa, 1957) 'Berria'-ko zuzendaritza utzi zuenean «segituan» pentsatu zuten hor liburua zegoela, Martin Anso Elkarreko editoreak esan bezala. «Martxelo Otamendi ezinbesteko erreferentea da euskal komunikazioan. Hogeita hamar urtez aktualitatearen lekuko izan da 'Euskaldunon Egunkaria'-ko eta 'Berria'-ko zuzendaritzaren talaiatik», arrazoitu zuen. Gainera, urte horietan, «lekuko ez ezik halabeharrezko protagonista ere» izan zela oroitu zuen Euskaldunon Egunkaria ixteko operazioaren barruan «atxilotua eta torturatua» izan zenean bezala.
Enkarguaren garrantziaren jakitun, «eskarmentu handiko» kazetaria behar zela ikusirik, Garbiñe Ubedari egin zioten eskaria. «Martxelo betidanik ezagutu dut eta erreferentea izan da kazetaritza munduan egongo nintzela pentsatzen ez nuenean ere. Azkar erantzun nuen, ezezkorik ez zelako kabitzen», esan zuen.
Ubedak azaldu zuenez, liburuaren «muina» Otamendiri egindako elkarrizketak dira, ia urtebeteko epean luzatu zen 6-7 saiotan eginak, baina ia da biografia. «Galderak egin beharrean jai-jartzaile gisa aritu naiz. Horrekin nahikoa zen erantzuna jasotzeko», azaldu zuen. Blokeka joan baziren ere, normala den bezala batetik bestera jauzi egiten zutenez ostean apailatze lanak egin ditu idazleak «linealtasun hori gordetze aldera». Hala ere, xehatu zuenez, prozesu erraza izan da. «Beti asko hitz egiten duela esaten bada ere, ez du hainbeste hitz egin. Gaitasuna du gauzak trinko esateko, hortik ere bere txispa. Adibide metafora oso onak jartzen ditu eta horrek bidea errazten du».
'Martxelo Otamendi. Handira jotzeko kazetaritza'
-
Egilea: Garbiñe Ubeda.
-
Argitaletxea: Elkar.
-
Orrialdeak: 152.
-
Prezioa: 17,5 euro.
Egitura aldetik Otamendik ibilbide profesionalean egindakoa modu kronologikoan jasotzen da. Hasiera nerabezaroan ezarri dute, «euskaltzaletasuna deskubritu zuenekoa», Ubedak esan bezala «gaztetan beste askok bezala gaztelaniaz egiten zuelako. Deskubrimentua une oso hunkigarria izan zen». Gerora datoz euskaltegiko irakasle eta zuzendari izan zenekoa, maiz ahaztua geratzen den telebistan egin zuen aroa «euskal prentsa idatziaren sinbolo bezala hartu dugulako, baina ibilbide ederra egin zuen eta merezi zuen aipamena»; eta, azkenik, 'Euskaldunon Egunkaria'-n eta 'Berrian' izandako urteak. «Sarri jorratzen dituen gaiez ataritxoa osatu dugu: euskararen gaia, beti alboan izan duelako, euskararen zapalkuntza, eta baita Katalunia ere, bere bigarren aberria».
Hori osatzeko gertuko begirada bezala sailkatu zituzten zazpi iritzi-artikulu eta «arrazoi baten edo bestearengandik pertinenteak» diren argazkiak gehitu dituzte. Azken hauen aukeraketa Enekoitz Esnaola kazetariak egin du eta Ubedak eskertu zion jarduna, baita Irene Arraratsi ere «idazketa findu zuelako betiko zorroztasunez» eta Amagoia Mujika Tolaretxipiri proposamenagatik.
Ehun eta piko orriko emaitza goratu zuen Ansok, «oso gustura» irakurtzen dela azalduz. «Apustua segurua zen eta irabazi du. Martxeloren bizitzako pasarte garrantzitsuenen berri emateko galdera pertinenteak egiten asmatu du». Hala, «Martxelo ezagutzen dutenak asebetuko ditu eta oraindik Martxelo ezagutzen ez duenik bada, ere». Biografia Aleka bildumaren baitan kokatzen da, Elkar, 'Berria'-k eta 'Jakin'-ek elkarlanean gauzatutako ekimena. «Egunerokoan derrigorrez labur jorratu behar diren gaiak luze-zabalxeago jorratzea, liburu formatuak ahalbidetzen duen neurrian behintzat», Ansok azaldu bezala.