«Marimatraka izatea generoz gaindiko jarrera da»

Iosu Mitxelena eta Ana Jaka, bildumako lehen liburuekin. /MÓNICA RIVERO
Iosu Mitxelena eta Ana Jaka, bildumako lehen liburuekin. / MÓNICA RIVERO

'Marimatrakak' sail berria sortu du Elkar argitaletxeak, 7-8 urteko neska-mutikoentzat

N. AZURMENDI

Euskarazko haur literaturan ez da erraza bete gabeko tarterik topatzea. Elkarrek, baina, aurkitu du bat, eta bilduma berri bat abiarazi du, 7-8 urteko neska-mutikoei zuzendua, bi protagonista bihurri dituena: Noa eta Lea ahizpak. Marimatrakak, alegia, horixe baita bi zenbakirekin plazaratu den bildumaren izenburu generikoa. 'Gu gara marimatrakak' da aurkezpen gisako aurrenekoa, eta 'Gerra zikinkeriari!' bigarrena. Bietan, eta etorriko direnetan ere bai, Ana Jakak idatzi ditu istorioak, eta Iosu Mitxelenak eginak dira 'monigoteak'.

Proiektuaren sorreran esku-hartze zuzena izan duen Antxiñe Mendizabal editoreak aurkezpenean azaldu duenez, «iruditu zitzaigun neska gutxi samar daudela liburuetan, are gutxiago neskatila bihurriak». Horrelakoxeak dira duela bi urte 'Irria' aldizkarian sortu ziren bi ahizpak, bi neskatila bihurri. Bi marimatraka, marimatrakak baitira ondo pasatzea gogoko duten haurrak. Neska zein mutil, matraka izatea «generoz gaindiko jarrera bat» delako.

Horregatik, protagonistak neskak izan arren, 'Marimatrakak' ez da neskei zuzendutako sail bat. Mutikoei ere interesatuko zaizkie bi ahizpa hauen gorabeherak. Lerroartean helduentzako begi-keinuak ere badaude.

Egiazko gauzak

Noa ahizpa zaharrena da, eta Lea txikiena. Urte gutxiren aldea dago bien artean eta, Ana Jakak gogoratu bezala, bikotea osatu zenean hasi ziren bihurrikeriak. Liburu bakoitza osatzen duten launa istorioetan ikusten da haiek dauden tokian ez dela bakerik. Ez dakite geldirik egoten, eta bien arteko liskarrak ere ohikoak dira. Ateak kolpeka ixten dituzten, isilik egotea kostatzen zaien eta etengabe estropezu egiten duten haur horietakoak dira . «Errespetua, maitasuna eta konfiantza nagusi diren» etxe batean bizi dira. Anbulantzia-gidaria da ama, eta lanik gabe dago momentuz aita.

Proiektua abian jartzerakoan «irakurgai erakargarriak» sortzea izan zuten xede, irakurle gazte-gazteek «beren buruak islatuta» ikus ditzaten. Zein motatako istorioak kontatu zehazteko orduan, berriz, erabaki zuten «egiazko gauzetan zentratzea», umorez betiere. Ipuinak, hala ere, «ez dira ematen duten bezain arinak». «Gai serioetan» sartzen dira beldurrik gabe, «ipuin bakoitzak du bere puntua», baina mezua bideratzeko ez dute irakaspen eta sermoirik baliatzen, esperientziaren eta neskatilen eta ingurukoen bizipenen bitartez lantzen baitituzte gai horiek.

Aurreneko ipuinetan ez dira etxetik eta familia hurbiletik asko aldentzen baina, nahiz eta Noak eta Leak ez duten urterik beteko, haien mundua zabaltzen joango da hurrengo liburuetan; biziko dituzte esperientzia eta abentura berriak. Beti eutsiko diote ordea umore tonuari. Iosu Mitxelenaren marrazkiek -'monigoteek', bere hitzetan- izaera umoretsu eta dinamiko hori indartzen dute, izugarri espresiboak baitira Noa eta Lea. Bereziki ahalegindu da marrazkiei mugimendua ematen, marrazki bizidunen eta komikiaren estetikara hurbilduz, eta esan behar da lortu duela, ilustrazio askotan mugimenduaren ilusioa antzematen baitu begiak, irudia, jakina, estatikoa izan arren.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos